"Dardara", Berri Txarrak taldearen agurraren testigantza

  • "Dardara", Berri Txarrak taldearen agurraren testigantza
  • "Dardara", Berri Txarrak taldearen agurraren testigantza
    Marina Lameiro

Segurtasun-distantziak eta musukoak gure bizitzaren zati izan baino lehen, bi zifra baino gehiagoko kopuruetan biltzea ezinezkoa izan baino lehen... Berri Txarrak taldeak, gure musikaren nazioarteko erreferenteak, agur esan zien bere jarraitzaileei, estadio handiak eta areto txikiak bete zituen bira jendetsu batean. Marina Lameiro zinemagileak gertaera horren lekuko izateko eta talde nafarrak bizitza aldatu dien pertsonen testigantzak jasotzeko pribilegioa izan zuen. Material horrek guztiak orain  zinema-aretoetara iritsiko den dokumentala egiteko baliatu zuen. Zuzendariarekin hitz egin dugu lan honi buruz eta estreinaldiaren aurreko sentsazioei buruz.

Nola hasi zen garatzen proiektua? Zein da bere jatorria?
Proiektuaren ideia Berri Txarrak taldetik dator. Zaleek Navarra Arenako azken kontzertuaren erantzuna ikusi zutenean, hainbeste urtetan jarraitu eta babestu zituzten pertsonei omenaldia egingo zien film bat egiteko ideia sortu zen, Berri Txarrak taldeak eragin dituen istorioak kontatzekoa.
Film hau zuzentzeko proposamena egin zidaten, eta nik onartu egin nuen, baina esan nien hirugarren buru bat behar genuela proiektua aurrera eramateko, ibilbide luzeko zinema-ekoiztetxea. Beraz, Arena Comunicación-eko Itziarrekin harremanetan jartzea gomendatu nien. Hiru aldeek hitz egin genuen eta filma egitea izan den bidaian murgildu ginen. Gero, Txalap.art ekoiztetxea sartu zen, eta hainbat erakunderen babesak gehitu ziren: Etxepare Institutua, EITB, Innova Cultural eta Nafarroako Gobernua.

 



 Berri Txarrak gure testuinguruko musika erreferente handienetako bat da, eta bere agur-bira gertakari bat izan zen. Nola aurre egin zenion lan honek zekarren erronkari eta zer begirada jaso nahi zenuen?
Saiatu nintzen makroaz hainbeste ez pentsatzen, eta mikrora joaten. Erreferente handiarena gehiegi pentzatsen banuen, aurrean nuen lana zail samarra egiten zitzaidan. "Ikusgarri" hori alde batera utzi eta beste gauza sakonagoei erreparatzen saiatu nintzen: zuzenekoan nahasten diren emozioetan, zer sentitzen den zure karreraren gorenean uzten duzunean, musikak giza esperientzia zeharkatzen laguntzen digun modua...

Filmaren zuzendaritzaz gain, gidoia eta argazkia ere zureak dira. Eremu horietako zeinetan gozatu duzu gehien eta zeinek ekarri dizkizu zailtasun handienak?
Gidoiak lotura handia du zuzendaritzarekin. Filmaren gidoia pentsatzeko eta idazteko hain denbora gutxi izan nuenez, ia parean egin zen prozesua izan zen. Ideia batekin eta gidoi batekin abiatu nintzen, baina filmaketak aurrera egin ahala, berridatzi egiten nuen.

Nire ustez, argazkia izan da gehien gozatu dudan arloa, ez baita hausnartzen dudan zerbait, pentsatu gabe ateratzen zaidana baizik. Jakina, badu gogoeta egiteko zati bat ere bai, baina zuzenagoa da, ikusten ari naizenaren erreakzio gisa ateratzen zait... Intuitiboagoa dela esango nuke.


Dokumental hau kontakizun koral bat da, testuinguru oso ezberdinetako ahotsak biltzen dituena. Taldearen musikarekiko grinaz gain, zer beste alderdi partekatzen dituzte pertsonaia horiek?
Ez nuke oso ondo jakingo zer esan, pertsona guztiok partekatzen ditugun alderdiez harago... Nire ustez, interesatzen zaidan hauskortasun eta sentiberatasun jakin bat badute. Hauskorrak eta sentikorrak dira, egia, baina aldaketa eragingo duten erabakiak hartzeko adorea ere badute (talde bat muntatzeko, edo hobeto sentitzeko gorputzaz mutatu...).

 




"Dardara"-ren lehnengo emanaldia Punto de Vista Jaialdian izango da. Bertan jaso zenune 2018an Publikoaren Sari Berezia "Young and Beautiful" zure lehen film luzeagatik. Zerk suposatzen du zuretzat dokumentala esparru horretan estreinatzea?
Ilusio handia egiten dit Punto de Vistan estreinatzeak. Nire jaialdirik gogokoena da, eta beti espero dut iristea.

Miresten ditudan artista eta film askorekin espazioa partekatu ahal izatea zorte handia da.


2019an ezin genuen imajinatu mundua nola aldatuko zen eta materiala arazo handirik gabe grabatu ahal izan zenuen. Hala ere, nola eragin zion COVID-19ren osasun-krisiak ondorengo lanari?
Muntaketa fasea asko zaildu zuen. Dena iritsi baino lehen, pelikularen muntaketan murgilduta geunden. Ni neu gaixotu nintzen eta bost bat aste bajan egon nintzen, uste dut. Min handia nuen belarrian, eta horrek asko zailtzen zitzaidan muntaketa prozesuko lana, alta hartu ondoren ere.

Grabatzeko kontu batzuk ere falta zitzaizkigun, eta ekaina arte atzeratu behar izan genuen muntaia. Diana Toucedorekin egindako lana atzeratu behar izan zen. Berak gauez bidaltzen zidan egindakoa eta nik goizean dena begiratzen nuen eta arratsaldean komentarioak bidaltzen nizkion... eta horrela hilabete t'erdi egon ginen, zoro samarra... baina funtzionatu egin zuen.

 

Zure ustez, 2020an bizi izandako guztiak eta kontzertu jendetsuez gozatzeko egungo ezintasunak ikusleen begirada bere garaian pentsatu zenuenaren desberdina izatea ekarriko du?

Ez dakit publikoaren begirada desberdina izango den, baina nostalgia handia piztuko du, hori ziur. Niri sortzen dit... Eta zorabio moduko bat ere ematen dit egoera horiek berriro noiz bizi izango ditugun ez jakiteak...

 



Filma martxoaren 19an estreinatuko da aretoetan. Zer ibilbide egitea gustatuko litzaizuke ordutik aurrera?
Ahalik eta jende gehienarengana iristea gustatuko litzaidake, eta ilusio handia izango litzateke filma grabatu den herrialde guztietara, gutxienez, bidaiatu ahal izango balu.

--

(*) "Dardara" filmaren trailerra ikusi, hemen.

 

(2021eko martxoaren 8an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana