ATERA, autoedizio azoka Donostian AZPI Kultur Elkartearen bidez

  • ATERA, autoedizio azoka Donostian AZPI Kultur Elkartearen bidez

Duela ia 5 urtetik hona, AZPI kultur elkartea bere alea jartzen ari da Donostiako panorama artistikoaren dinamizazioan. Hainbat ikuspegitatik eta hainbat ekimenen bidez, topagune aktibo eta irekia sortu dute sortzaileentzat. Bere azken proposamena egun hauetan Mundaitz kaleko egoitzak hartzen duen autoedizio azoka da. Beraiekin mintzatu gara elkartearen lan-ildoei buruz.


Zein testuingurutan sortu zen AZPI Kultur Elkartea? Zein da zuen jarduera-eremua?

AZPI Kultur Elkartea 2016an sortu zen artearen eta hirigintzaren inguruko hainbat profesionalen ekimenez. Irati Gorostidik, Gerard Ortínek, Koldo Telleriak, Nora Erdoziak, Carlos Garcíak, Daniel Artamendik, Marc Vivesek, Iñigo Benitok eta Bianca Stichek alokatu zuten Donostiako Mundaitz kaleko 14ean dagoen lokala. Erabilerarik gabeko espazio hau berreskuratu zuten hiri ereduaren, sorkuntza garaikidearen, diseinuaren eta bitartekaritza artistikoaren inguruko gogoetak eta sorkuntza prozesuak elkarbanatzeko.

AZPIren izaera eraikinari estuki lotuta dago. Izenak berak eraikinaren historia aipatzen du, AZPIren egoitza 1930. urteko ardo eta likoreen distribuzio zentro batean dagoen lokala da, “Vinos y Licores Azpilicueta” izen ikusgarri dago oraindik eraikinaren fatxadan. Lokala oso egoera kaxkarrean zegoen taldea bertan sartu zenean eta, ordutik, lekua auzolanean txukunduz eta hobetuz joan gara elkarteko kideak.

Espazioaren txukuntze honek ez du soilik lokalaren hobekuntza material bat ekarri, baizik eta elkarlanetik azpitarren arteko harremana eta elkar ezagutza sustatu du, dinamika sendo bat ehunduz.

Sortu zenetik eta orain arte AZPIko kideak aldatuz joan dira. Hasierako zortzietatik oraintxe gauden bederatzietara, jende kopuru handia pasa da eta hasierako artista eta hirigintzaren alorra zabaldu egin da, diseinatzaile, zinemagile, hezitzaile, arkitekto eta bestelakoekin aberastuz.


Elkarteak Atea sustatu du, artisten eta arte eragileen arteko lankidetzarako dispositibo egonkor gisa funtzionatzen duen proposamena. Zer helbururekin jarri zenuten martxan ekimena?

AZPIn beti egon da bertan sortzen diren lanak eta prozesuak kaleratzeko asmoa. Ekitaldiak eta topaketak antolatu dira betidanik. ATEA sortu baino lehen liburu aurkezpenak, festak, proiekzioak, hitzaldiak, etab. egin izan ziren, baina ez zegoen “programa” bat edo aurre egitura bat, gauzak iristen ziren neurrian, inprobisatuz eta eskura genituen tresnekin aurrera ateratzen genituen.

ATEAk aldaketa bat ekarri zuen zentzu horretan, antolaketa bat egituratu genuen eta eskema orokor bat planteatu zen zeinetan hiru hilabetero azpitar baten lana beste sortzaileekin batera erakusteko.

 



Zein izan da bere ibilbidea orain arte antolatutako lau edizioetan?

Hasieran ATEAn parte hartzera gonbidatzen genituen artistak AZPIra etortzen ziren bertan lana garatzera, artistentzako erresidentzia bat izango balitz bezala. Ideia azpitar bat beste sortzaile batzuekin AZPIra lan egitera erakartzea zen eta honen ondoren erakusketa bat antolatzea. Oso azkar antzeman genuen ez zela oso bideragarria.

AZPIko kideak ez ziren sortzaileentzat erakusketarako lan bat ekoizteko gehiegi eskatzea zen eta ez genituen, espazioaz beraz gain, baliabide nahikorik hori baldintza egokietan gauzatzeko.

Azkenean ez zegoen beraien arteko pieza amankomunik erakusketetan, baina erakusketa bera bihurtzen zen amankomuneko sorkuntza lana. Sortzaileak irekiera baino aste bat lehenago espaziora etorri eta azpitarroekin batera muntatu dira erakusketa guztiak.


Zer eragin izan du COVID-19ren krisiak zuen proiektua sendotzeko?

ATEA__3 2020ko apirilean egiteko asmoa genuen, baina noski, ezinezkoa izan zen. Garai gogorrak izan ziren eta proiektua kolokan ikusi genuen, azpitar batzuk espazioa utzi behar izan zuten, besteak beste. Abuztura arte atzeratu genuen, hilabete horietako ziurgabetasun egoeraren ondorioz.

Hala ere ATEA__3k arrakasta handia izan zuen eta oso sentsazio onarekin geratu ginen.

Pandemiak lanak erakusteko modua birpentsatzera bultzatu gintuen, kasu honetan pieza filmikoak ziren, eta hasiera batean proiekzio pare bat egitea zen gure asmoa, espazioa zine aretoan bilakatuz. Baina hori ezinezkoa izan zen eta azkenean piezak instalazio moduan jarri genituen espazioaren txoko ezberdinetan. Bisitariek izena eman behar zuten eta talde txikietan piezak ikusi, banan-banan eta ibilbide antolatu bat jarraituz.

Ez zen inauguraziorik egon, ezta garagardorik ere, baino askok esan ziguten obrak ikusteko modua bereziki disfrutatu zutela, lanak ondo ikusteko aukera ematen zuelako eta haien arteko erlazioak sendotzen zituelako. Espazioaren aukerak eta berezitasunak sakontasun handiz esploratzea ahalbidetu zuen guretzat. Esperientzia horren ondoren indartuta atera ginen eta proiektua ere indarberritu zen.


Zailtasunak zailtasun, Atea_5 autoedizioko azoka gisa itzuli da hilabete honetan, ATERA izenarekin. Prozesu honetako zer alderdi interesatzen zaizkizue?

ATEAren edizio bakoitza azpitar batek darama gainontzekoen laguntzaz, eta azpitar horren lanaren eta interesen inguruan garatzen da edizioa.

Kasu honetan, Ane Zaldibar marrazkilariaren txanda da. Berak denbora luzez buruan zeukan ideia mahai gaineratu zuen: Donostian egiten zen Guillotina autoedizio topaketaren lekukoa hartu eta autoedizioa eta argitaletxe independenteen lana erakustea.

Pandemia garaian jarraitzen dugunez, ez zen bideragarria AZPIn azoka bat antolatzea, eta horren ondoren sortu da edizio hau auzo osora hedatzeko ideia. Modu honetan kalea aktibatu nahi izan dugu auzoko dendariekin lan eginez eta lokal hutsak berriro jardunarekin berpiztuz.

Azoka martxoaren 13an izan da, eta bere luzapena ari da izaten aste honetan gure egoitzan antolatu dugun “Liburu-denda”-rekin.

 


Zer ekarpen egin nahi duzue ildo honetara?

Autoedizio azokak egileen saretzea indartzen laguntzen duten espazio funtsezkoak dira eta, zoritxarrez, azken urtean bertan bera gelditu dira gehienak edo on line egin dira pandemiaren egoeragatik.

Halako egitasmoen funtsa modu independentean garatutako publikazioei ikusgarritasuna ematea eta sortzaileen burujabetza aldarrikatzea izaten da.

ATERA da gure ekarpen txikia zentzu horretan. Larunbatean hainbat postu izan genituen auzoan zehar eta primeran joan zen. Oso gustura egon gara, bai gu, bai parte-hartzaileak baita larunbatean azokara gerturatu diren guztiak ere. AZPIn bertan material guztia ikusteko eta erosteko aukera dago oraindik.

Garai hauetan halako ekimenak aurrera ateratzea oso pozgarria izaten da, bestela beheak jota gabiltza ezintasunarekin.


Zer erantzun jaso duzue parte hartzaileengandik eta zer lan mota ikus ditzakegu martxoaren 21era bitartean?

Parte-hartze handia egon da eta oso heterogeneoa gainera. Azokara 30 sortzaile baino gehiago hurbildu dira oso lan desberdinekin: ilustrazioa, artea, musika, arkitektura... Esan bezala, orain AZPI liburu denda bilakatu dugu eta martxoaren 21era arte salgai egongo da gerturatutako egileen lana, eta Donostiara etorri ezin diren egile askorena ere (beste 30 inguruk), publikazioak bidali dizkigutelako bertan salgai jartzeko, oso aukera zabala dago oro ar.

Parte-hartze handiaz gain, ilusio eta esker on asko jaso dugu parte hartzaileen eskutik.


Zer bide gustatuko litzaizueke hartzea Atearen etorkizuneko edizioek?

Pixkanaka gure programazio kulturala sendotzea lortu dugu, esperientzia askorik gabe eta oso baliabide eskasekin…. Lana modu boluntarioan egiten dugu, ondo legoke modu erosoagoan eta medio gehiagorekin lan egiteko moduak aurkitzea… bide horretan gaude.

 

(2021eko martxoaren 15ean argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana