J.L. Iratzoki: «Kultura eta produkzioaren munduen arteko lotura jaso dugu "Hemendik" argitalpenean»

  • J.L. Iratzoki: «Kultura eta produkzioaren munduen arteko lotura jaso dugu "Hemendik" argitalpenean»

Iaz argitaratu zen "Hemendik", euskal faktura duten 50 adibide arrakastatsu erakusten dituen diseinuari buruzko argitalpena. Baina hau ez da bakarrik argitalpen bat, bilduma bat da, katalogo bat, eta, hala ere, lagin bat baino ez da. Ibilbide bat ere bada, baina ez kronologikoa, joan-etorri askorekin baizik, berrikuspenekin. Gure ekoizpen industrial zahar eta berrienaren ikono batzuk ezagutzeko bidaia. Azkaingo Iratzoki-Lizaso diseinu estudioan du jatorria eta Jean Louis Iratzoki argitalpenaren arduradunetakoak kontatu dizkigu harribitxi honen nondik norakoak.


Zein da argitalpenaren jatorria? Nola sortu zen bilduma hau egiteko ideia?

Objektu baten historiak testuinguru anitz gurutzatzeko aukera ematen du, izan geografikoa, historikoa, politikoa edo soziala. 50 produkturen selekzio honen bidez, hainbat erakundetan banatuta dagoen eta memoria kolektibo eskasa duen herrialde baten alderdi franko azaltzen ditugu. Liburu honetan, objektuen bidez, Euskal Herriko aniztasuna jorratu nahi izan da.

Bestalde industriako eta eskulangintzako ekoizpena ez da behar bezainbat kontuan hartzen herri honetan, eta bere balio kulturala gutxietsia da. Bi mundu horien arteko zubi lana egin nahi izan dugu. Kultura eta produkzioaren artekoa.


Zer ezaugarri ditu, zuen ustez, euskal diseinuak?

Euskal diseinua kalifikatzea oso zaila da. Ez dakit euskal diseinurik ba dagoen ere, frantses diseinurik edo espainiar diseinurik ba dagoen edo ez…

Kulturetan ez da aurkitzen elementu kimiko pururik, beharrik ere ez. Baina badaude ezaugarri batzuk, esklusiboak izan gabe, kultura bat besteengandik bereizten dituztenak. Adibidez, euskal objektu anitzetan formaren eta funtzioaren arteko harremana oso estua izaten da: beren funtzionalean dira diferenteak.

 


Liburuak altzarien, arroparen, tresnen, ibilgailuen, marken eta abarren adibideak biltzen ditu. Zein esparrutan nabarmendu da edo nabarmentzen da gure diseinua?

Esparru guzietan lan egin da gure herrian eta aspaldidanik. Jauntzietatik abiatuta armagintzaraino. Baina diseinuari ez zaio merezi duen garrantzia eman.

Gaur egun altzari mundua da behar bada nazioarteko eszenan gehien agertzen dena. Baita makina-tresna ere.  


Nolakoa izan da liburuko 50 produktuen hautaketa? Zer irizpideri jarraitu diozue egiteko?

Ez ditugu kontuan hartu ez kronologia, ezta objektuen tipologia ere. Nahitara nahasi ditugu, batetik bestera saltoak eginez, xistera batetik altzairuzko kate batera pasatuz eta ondokoan goxoki batera.

Kronologiari kasurik eman gabe, liburuaren helburuetako bat erakustea baita lehen egin direla gauzak, orain ere egiten ditugula eta bihar ere eginen ditugula. Krisiak gaindituko ditugula. Baina horretarako elkar ezagutu behar gara.

 



Bestalde, selekzioa egiterakoan Euskal Herri osoko produktuak kontsideratu ditugu. Askotan ikuspuntu partzialak baitira, edo Euskal Autonomi Erkidegotik begiratuak, edo Nafarroatik edo Ipar Euskal Herritik.

Dena den, produktuen hautaketa arbitrarioa izan da... hautatzea berez uko egitea baita. Beste produktu andana bat agertzen ahal zen baina 50 horiekin ja zerbait kontatzen da.


Ikur bihurtu diren objektuak dira. Zer faktorek egin behar dute bat objektu bat "ikono" bihur dadin, diseinu bat produktua bera baino haratago joan dadin?

Ikono bihurtzeko objektu batek iraun behar du eta batez ere, sektore baten, garai baten edo eta jakintza baten adibide adierazgarria bihurtu behar du.

Bestalde, jende multzo baten esperientziak edo emozioak animatu behar ditu objektu ikoniko batek. Eta egia erran plazer haundi bat izan da jendeek liburua irakurrita partekatu dizkiguten sentsazioak, oroitzapenak eta lekukotasunak.

 



COVID-19ren krisiak ziurgabetasun handiko egoera ekarri du arlo guztietara. Zuen ustez, nola eragin diezaioke gure testuinguruan diseinuaren industriari?

Krisi sanitario honek eragin handia du ekoizpenean, salmentan, banaketan, alor guzietan... eta gehien bat jendeen buruetan. Beraz, diseinuaren munduan ere sentituko da efektua. Berez ez da gauza txarra… zeren hartuta genuen bidea, bai ekoizpenean, baita kontsumoan ere, aterabiderik gabekoa zen. Esparru batzuetan bertako produkzioa aktibatzen ahalko da.

Bestalde, kontsumitzeko era aldatuko da, sare energetikoa eraldatuko eta azkenean kontzientzi ekologikoak gaina hartu behar luke. Desafio handia dugu aurrean.  

--

(*) Liburua salgai dago hiru bertsio ezberdinetan: euskara/frantsesa - euskara/ingelesa - euskara/gaztelania.

 

(2021eko martxoaren 23an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana