ERDU! Bilboko Haur Antzerki Jaialdia, gure etorkizuneko publikoa zaintzen

  • ERDU! Bilboko Haur Antzerki Jaialdia, gure etorkizuneko publikoa zaintzen
  • ERDU! Bilboko Haur Antzerki Jaialdia, gure etorkizuneko publikoa zaintzen
    Naia Muñozek eta Iñaki Ziarrustak osatzen dute ATX Teatroa (Argazkia: Ainhoa Resano)

Batzuetan, egoerarik zailenetatik, luze pentsatutako proiektuak abian jartzeko bultzada sortzen da. Hori da osasun-krisiak irakatsi digun ikasgaietako bat, gure kultur-ehunak aurrera egiten jarraitzeko duen borondatea, testuingurua gogorrena bada ere. Eta ATX Teatroak hilabete honetan aurkeztuko digun ERDU! Bilboko Haur Antzerki Jaialdiaren jaiotzaren azalpena ere bada. Apirilaren 23tik 25era, lau ikuskizun Harrobian.


Zein da jaialdi honen jatorria? Nola sortu zen antolatzeko ideia?

Aspaldian geneukan buruan euskara hutsezko jaialditxo bat antolatzeko ideia. Aurreko urtean, Bilboko Udalak Aurrera Plana atera zuen eta Bilbao Ekintzaren bitartez espazio publikoetan kultur proiektuak aurrera ateratzeko dirulaguntza bat atera zuen. Hor ikusi genuen zerbait proposatu ahal genuela eta buruan geneukan horri forma ematen hasi ginen. Gauza batek bestera eraman zuen eta Haur Antzerki Jaialdi baten proiektua sortu genuen: ERDU!. Programazio xumea duen Euskal Herria osotik ekarritakoak euskarazko lau ikuskizunekin, umeentzat eta familia osoarentzat zuzendutako programazioa prestatu dugu.

Aipatu behar da, Bilboko Udalaz gain, HARROBIA Bilbao-Otxarkoagako Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroaren laguntza ere jaso dugula. Elkarlana ezinbestekoa izan da, eta oso eskertuta gaude.


Nolako lana izan da horrelako ekimen bat hutsetik abiaraztea? Zailtasun handiei egin behar izan diezue aurre?

Ohituta gaude proiektuak 0tik hastera, gehienetan horrela lan egiten dugu. Beraz, alde horretatik, ez du zailtasun berezirik izan. Proiektua pentsatu eta idatzi genuen, aurkeztu genuen, aukeratua izan zen...eta hortik aurrera proiektua lurreratu behar izan dugu eta ideia horiei benetako forma eman.

Edozein proiektu lehenengo aldiz egitean, hasiera batean aurreikusita ez zeuden kontuak aurkitzen dituzu. Kasu honetan aurrekontua oso xumea izan da eta edozein ustekabe edo aldaketaren aurrean kontu handiz ibili behar izan gara.

Egia da ere, bizi garen egoerak ez duela ezer errazten: protokoloak, neurri aldakorrak,... ez daude jaialdi baten antolakuntzaren alde. Edukieraren aldetik, esaterako. Lanean gaude aforoaren erdiarekin, egun dagoen neurri bat delako… baina ez dakigu apirilaren 23an zein egoeratan egongo garen.  Ezjakintasuna da zailtasunik handiena.


ERDU! haurrentzako antzerkia du ardatz. Zergatik interesatzen zaizue bereziki publiko-profil hori? Zer ezaugarri ditu berezko?

Kontua da Euskal Herrian ez dagoela ume antzerki jaialdirik. Antzokietako programazio gehiena euskaraz egiten bada ere, ez da jaialdirik existitzen. Abiapuntu hori hartuta, aukera polita izan zitekeela pentsatu genuen.

Kontuan eduki behar dugu, neurri batean, gure etorkizuneko publikoa dela. Inportantea da gazteengan eta umeengan inbertitzea.

 

[Yarleku konpainiaren "Etxerik txikiena" lanak errefuxiatuen egoera eta laguntasunaren indarra erakutsiko dizkigu apirilaren 24an].


Lau saiok Euskal Herri osoko proposamenak erakutsiko dituzte. Zein izan dira hautaketa-irizpideak programaren diseinuan?

Guk geuk ikusitako ikuskizunak dira eta asko gustatu zaizkigunak. Genuen dirua apurrekin lau konpainia besterik ezin genuen programatu eta leku guztietatik presentzia izan nahi genuen: Iparraldetik, Nafarroatik eta Euskal erkidegotik.


Antzeztuko diren lanen gaien ezaugarri komun bat izaera sozial handia izatea da. Zuen ustez, zer funtzio bete dezake antzerkiak ildo honetara?

Umeentzako ikuskizunetan askotan kantak, koloreak, festa, irriak baino ez dago; dibertimendu hutsa baino ez, eta ondo dago. Baina azken finean, umeak eta helduak berdinak dira. Umeek dauzkaten problemak, helduok dauzkagun berdinak dira. Eta uste dugu umeak, agian ez helduak moduan, baina bai euren inteligentzia mesprezatu gabe tratatu behar ditugula. Beste hitz batzuekin edo beste modu batean, baina ume batekin edozein gairi buruz hitz egin ahal duzu: bortxakeriaz, terrorismoaz, biolentziaz…


Arte eszenikoen sektorea izan da COVID-19ren osasun-krisiaren ondorioek gehien kaltetu dutenetako bat. Zuen ustez, zeintzuk dira egoera hori iraultzeko gakoak?

COVID-19ak gizarte osoa kolpatu du, astindu handia eman digu guztioi. Kolpe oso gogorra izan da.

Kulturari dagokionez, arazoa bikoitza da, oso sektore prekarizatua delako, maila askotan. Prekarietate horretan geunden aurretik jada, eta bizi izan dugun honek guztiak egoera hori areagotu egin du, zalantza gabe. Hilabete asko egon gara lan egin ezinik: ez entsegurik, ez emanaldirik, ez ekitaldirik,...ez diru-iturririk. Irudimena eta ilusioarekin aurrera egiteko bide eta modu berriak bilatu behar izan ditugu, beste behin. Garrantzitsuena mantentzea izan da, eustea.

Egia da ere instituzioek zenbait laguntza eta ekimen sortu dituztela egoerari aurre egitera laguntzeko, eta oso eskertzekoak dira, nola ez, baina ez dira nahikoak izan.

Bestalde, gizarteak kultura behar duela mahai gainean jarri da. Etxean geundenean kulturak salbatu gaitu. Eta aretoak zabaldu direnean ere gizarteak kultura-gose hori duela ikusi egin da. Guzti honek hausnarketa sakon bat dakarrela uste dogu: kulturgileak zaindu egin behar dira, sektorea ulertu eta, bere berezitasunak kontuan hartuta, lagundu eta sostengatu egin behar da. Kultura dibertimendu hutsa baino gehiago da eta lehen mailako sektorea izan behar du.

 

[ATX Teatro konpainiak berak "Kaskarot" lana taularatuko du jaialdiaren baitan, apirilaren 24an].


Apirilaren 23tik 25era ERDU! Jaialdiaren lehen edizioaz gozatzeko aukera izango dugu. Etorkizunari begira, zer ibilbide egitea gustatuko litzaizuke?

Lehenengo edizio hau antolatu ahal izatea, jada, opari handi bat izan da. Gure helburua da jaialdi honek jarraipena izatea, noski. Jakin badakigu pandemiari aurre egiteko dirulaguntza batekin sortua dela, baina horrelako proiektuen jarraikortasunean sinesten dugu.

Datozen urteotan bestelako partida batzuetatik dirua lortzea da gure nahia, eta buru-belarri ekingo diogu horri. Ez dugu pentsatu ere egin nahi diru-partida hori ez egoteagatik gure proiektuak ez duela aurrera egingo. Ez du zentzurik. Bilatuko dugu modua, ziur gaude, eta instituzioen laguntza izatea espero dugu.

 

(2021eko apirilaren 8an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana