Jalgi! Voz, Ahots-musika plazara atera nahi duen Jaialdia

  • Jalgi! Voz, Ahots-musika plazara atera nahi duen Jaialdia
  • Jalgi! Voz, Ahots-musika plazara atera nahi duen Jaialdia

Maite Arciniega eta Ane Ruiz de Gordoa musika lirikoa beren ogibide eta pasio bihurtu duten gazte gasteiztarrak dira. Ikasketak kanpoan egin ondoren Gasteizera itzultzean jabetu ziren Arabako hiriburuan ez zegoela diziplina horretaz gozatzeko espaziorik eta gaiari heldu zioten. Orain arte ezagutu gabeko pandemia batek ere ez die geldiarazi. Datorren apirilaren 13an Jalgi! Voz Jaialdia-ren aurkezpen publikoa egingo dute, ekainera arte luzatuko den programazio zabala duen ekimena. Gaur, proposamen honi buruzko xehetasunak eman dizkigute.


Nola sortu zen ekimen hau martxan jartzeko aukera?

Biok Bartzelonan burutu genituen musika goi mailako ikasketak eta bertan hezkuntza prozesua garatuz gain, tamaina horretako hiri batek duen eskaintza kulturalaz ere gozatu genuen. Gasteizen bueltan geundela, faltan botatzen genituen ahots-musikaz disfrutatzeko aukera gehiago eta horrela sortu zen jaialdia sortzeko ideia.

Bestalde, gure ingurunean (batez ere gure adineko jendearen artean) musika-klasikoarekiko afizio falta sumatzen dugu eta gure aburuz, musika mota horren inguruko ezjakintasunaren ondorioa da. Musika-klasikoari lotutako formatuak eta tradizioak zaharkituta bezala antzematen dira eta beste musika motekiko guztiz aldenduta bezala ere. Aurreiritziak baino ez direla uste dugunez gero, oztopo sinboliko horiek hausteko ekimena da Jalgi Voz Festival-a ere.



[Maite Arciniega eta Nerea Ruiz de Gordoa, Jalgi! Voz Jaialdiko zuzendariak].


Apiriletik ekainera luzatuko den jaialdia diseinatu duzue hutsetik. Nolakoa izan da esperientzia hori?

Aitortu beharrekoa da kultura programazioan berriak garela eta hein batean ausardia handia izan dela jaialdiaren aldeko apustu hau. Hala ere, izugarria da jadanik ikasitako guztia eta izugarria izan da Gasteizko hiritarrek erakutsitako harrera eta berotasuna.

Jaialdiaren antolaketak esparru anitzekin izan du lotura, ez bakarrik proposamenen diseinuarekin eta artisten aukeraketarekin, baizik eta komunikazioa, sare-sozialak, espazioen kudeaketa, alderdi ekonomikoa, etab.

Jakintza-alorrarteko prozesu konplexua da jaialdi bat antolatzea eta ezinezkoa izango litzateke gure ingurutik jaso dugun laguntza izan gabe. Beti diogu ez dugula jadanik denbora izango bizitzan eskertu beharreko jendeari eskerrak behar den moduan emateko.


Zuen proposamenak paper protagonista ematen dio ahotsari, zuen hitzetan "musika bilakatu den hitza". Zein da ildo honetara duzuen interesa?

Testu bat duen musika-pieza oro per se disziplina-anitzeko pieza bat da, material artistiko soinuduna eta literarioa batzen baititu. Horregatik, bi arlo artistikoak maite ditugunontzat (gure kasua hauxe da) aukera interesgarri eta erakargarriena iruditzen zaigu musikaren alorrean. Gainera, ez da batuketa bat, sinbiosi bat baizik, eta, beraz, musikak testu bati egokitzeko modua bilatu behar du eta, era berean, testuak berak musikaltasuna eta sonoritatea ematen dio musika-materialari berari.

Nolabait, gizakiok hasieratik sinetsi dugu hitzaren eta musikaren arteko loturaren indar horretan, ezin baitugu imajinatu ere egin kantatzen ez duen komunitaterik, urrunekoa edo aspaldikoa izan arren. Izan ere, bada zerbait kantatzera eraman gaituena, eta ez bakarrik hitz egitera, transmititu nahi ditugun mezu horiek musika gehituta, ederragoak ez ezik, espresiboagoak eta indartsuagoak bilakatzen baitira. Abestiak gizarte erritual guztietan agertzen dira, intimoenetatik (sehaska kantak, esaterako) publikoenetara (jaiak eta ospakizun publikoak).

 

[Magalí Sare & Sebastià Gris bikote artistikoak "A Boy and a Girl" lana aurkeztuko dute apirilaren 23an Kubik aretoan].


Bigarrenik, poesia (edo musika) ulertu nahi izatea zentzugabea edo, gutxienez, alferrikako ahalegina den arren –irrazionala dena ezin baita arrazionalizatu– egia da ahots-musikak harrera bereziki interesgarria eta atsegina duela ikusleen aldetik. Izan ere, hitzek artea den intuizioen labirintoan barrena gidatzen laguntzen dute, eta entzuleei soinua bera baino tangibleagoa den eduki bati eusten uzten diete.

Hirugarrenik, giza ahotsa da existitzen direnen artean tresnarik demokratikoena eta unibertsalena. Beraz, ahots-musika musika klasikoa publiko handira eramateko modu errazagoa edo hurbilagoa izan daiteke. Musika mota honek, estereotipo faltsu askoz inguratuta dago (musika elitista dela, adituentzat bakarrik egokia…) eta horrek nolabaiteko gaitzespena eragiten du benetan ezagutzen ez duen gizarte baten artean.


Zer ekarpen egin nahi dio Jalgi! Voz Jaialdiak Gasteizko kultur eskaintzari?

Gure helburua hiriko jaialdi-tradizioa handitzea eta sendotzea da. Gasteiz hiria famatua da bere jaialdi paregabeen ondorioz (Jazz Festibala, Azkena Rock, Bernaola, Aitzina Folk…)  eta guk eskaintza hori zabaldu eta dibertsifikatu nahiko genuke, ahots-musika eta musika-klasikoa zabaltzeko.


Kontzertuen kokapenak ere diziplinari lotuta egon daitezkeen estereotipoak haustea bilatzen duen filosofiari erantzuten dio. Zer sare ehundu nahi dituzue hirian honen harira?

Praktika kulturalak oso lotuta daude aurkezten diren kokaleku motarekin. Hala, adibidez, musika klasikoa (kultutzat jotzen dena) entzunareto handietan entzuten da, eta aisialdiko musika (jazza, rocka, popa, trapa...) kontzertu-aretoetan. Gure ustetan, banaketa hau sinbolikoa ere bada, eta pertsona askok uko egiten diote musika klasikoko kontzertuetara joateari, aspertzeko edo ez ulertzeko beldurrez. Era berean, batzuek ez dute uste rock aretoetara joaterik dutenik, aurreiritziak direla eta.

 

[Emanaldi benetan berezia eskainiko du Marc Serrak maiatzaren 24an Jimmy Jazz aretoan, pianoa areto erdian eta publikoa 360 gradutara inguratzen izango duela].


Gainera, jaialdi honek hiriaren kultura-ingurune aberats eta adierazgarrian kokatu nahi du. Hori dela eta, Gasteizko kultura-gune indartsuenetan presente egon nahi izan du: Vital Fundazioa Kulturenean, Oihaneder Euskararen Etxean, Ortzai Antzokian, Baratza Aretoan, Jimmy Jazz Aretoan, Kubik Aretoan,...


Topaketa honen helburuen artean, lirikaren eta klasikoaren eremuan emakumeen musika-ekoizpenak ikustaraztea duzue. Zer lan dago egiteke oraindik horri dagokionez?

Gure jaialdiak zortzi kontzertu-mota planteatzen ditu eta "Beste erdia estalgabetuz" izenburua duen proposamenak, emakume konpositoreen lana ikustaraztea du helburu nagusia.

Inéditas ikuskizuna izango dugu ikusgai, diziplina anitz uztartzen dituen ikuskizuna, azkeneko garaietan jaiotako emakume konpositoreen lana ezagutarazten duena.

Emakume horiek, emakume izate hutsagatik, ez zituzten beren gizonezko garaikideen aukera berdinak izan, ezta lanbide-aintzatespenak ere ez. Carmen San Esteban aktore gasteiztarraren kontakizunaren bidez, bidegabe ezagutzen ez diren jatorri euskalduneko konpositoreen bizitza eta lanak entzun eta ezagutuko ditugu, hala nola, Emma Chacon (Bartzelona, 1886-Bilbo, 1972), Emiliana de Zubeldia (Nafarroa, 1888-Mexiko, 1987), Julie Adrienne Karrikaburu -Madame de Villéhélio- (Soule, Zuberoa, 1827-1898) edo Anita Bringuet-Idiartborde (Argentina, 1891-1943).

 

[Eugenia Bosch sopranoa, Susana García de Salazar pianojolea eta Carmen San Esteban antzezlea, "Ineditas" ikuskizunaren protagonistak. Ekainaren 4an, Vital Fundazioaren Kulturunean ikusgai].


Diseinatu duzuen programako zer alderdi edo ekitaldi nabarmendu nahiko zenukete?

Behin eta berriz egiten diguten galdera da, eta erantzuten oso zaila. Zortzi proposamenak xehetasunez eta kontu handiz pentsatuta daude eta aukeratutako artistak horientzako onenak dira.

Gainera, oso ikuskizun ezberdinak dira. Hala ere, baten bat bereziki aipatu behar badugu, poltsikoko operak aipamen berezia merezi du, Ortzairekin elkarlanean egindako ekoizpen propioa baita. Opera batek dramaturgia, musika, hitza eta eszenografia uztartzen ditu eta muntatze-prozesua zaila bezain interesgarria izan da. Proposamen honen harrera ikusgarria izan da, 24 ordu baino gutxiagoan sarrera guztiak salduta baitzeuden.


Jaialdi hau sektorearentzat oso gogorra izan den urte baten ondoren sortu da, zuzeneko emanaldi asko bertan behera utzi edo murriztu baitira. Nola espero duzue izatea artisten zein publikoaren erantzuna?

Garai zaila da egungoa eta ilusiotik abiatuta ekin diogu jaialdiari, baina errealismotik ere. Izan ere, edukierak murritzak izango dira eta oso zorrotzak eta arduratsuak izango gara kontzertuetan jarraitu beharreko protokoloekin.

Hala ere, esan beharra dago publikoaren (jada zenbait sarrera agortuta edo agortzear) eta artisten harrera izugarria izan dela. Eta ez hori bakarrik, instituzioek ere kolaboratzeko eta laguntzeko asmoa adierazi digute momentu oro. Jendea gogotsu dago planak egiteko eta arteaz gozatzen eta ikasten jarraitzeko eta, hortaz, proposamen berritzaile eta freskoek badute oraindik lekua Gasteizen.

 

[Miren Urbieta-Vegak eta Amaia Zipitriak XX. mendearen hasiera arteko euskarazko konposizio liriko esanguratsuenak eskainiko dituzte, besteak beste, Oihanederren ekainaren 6an. Ikuskizuna on line gozatzeko aukera ere egongo da].

 

Bestalde, pandemiak gure gizartearen oinarriak kolokan jarri ditu eta inoiz baino gehiago artea eta kultura beharrezkoak dira suertatu zaizkigun galdera eta gatazka berriei aurre egiteko. Orain inoiz baino gehiago kultura gizartearen erdigunean kokatu behar dugu.


Etorkizunera begira, nola nahiko zenukete zuen ekimen hau garatzea?

Jalgi! Voz Festibala geratzeko etorri da eta Gasteiztarrek urtero jaialdiaz gozatu ahal izatea da gure nahia. Hamaika ideia geratu zaizkigu kutxan, ezinezkoa baita edizio bakarrean ideia horiek guztiak aurrera eramatea.

 

(2021eko apirilaren 9an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana