Digipen Bilbao, Bideo-jokoen Unibertsitatea

  • Digipen Bilbao, Bideo-jokoen Unibertsitatea

Redmond (AEB) eta Singapurreko campusen ondoren,  Digipen Institute of Technology Bilbon finkatu zen 2010ean. Goi-mailako ikastetxe hori bideo-jokoaren industrian espezializatuta dago, eta sektorea garatzeko motorra izan da gure lurraldean. Hala, profesionalizaziorako atea ireki die Zorrotzaurreko eraikinean ikasten duten ikasleei, bi gradu espezializatu baitituzte: Arte Digitala eta Animazioa, eta Denbora Errealeko Simulazio Interaktiboko Ingeniaritza Informatikoa. Gaur Ignacio Otalora zentroko zuzendariarekin hitz egin dugu, hamarkada honen errepasoa egiten laguntzen diguna.


Zer ibilbide zuen Unibertsitateak gure testuinguruan finkatu aurretik?

Historia interesgarria eta luzea dugu; izan ere, DigiPen Institute of Technology da bideojokoak sortzeko beharrezkoak diren profilekin lotutako unibertsitate-graduak abian jarri zituen munduko lehen unibertsitatea. Sektore berri samarra da, eta talentu oso espezializatua ematen diogu duela 30 urte baino gehiagotik.


Zergatik ezarri zen Bilbon Europako Campusa?

Bizkaian ekoizpen-sektore berri bat, eduki digital interaktiboena, sustatzeko eta garatzeko apustu gisa sortu da proiektua. Sektore berri hori entretenimenduaren industrian datza, eta, bereziki, bideo-jokoen, animazio-zinemaren eta efektu berezien industrian, eta, bestalde,  serious games direlakoen industrian, hau da, bideo-jokoen eta artearen teknologia eta mekanika beste sektore produktibo batzuetan aplikatzean, adibidez: aeronautika, automozioa, energia, osasuna edo ontzigintza, batzuk aipatzearren.

 

[Ikastetxeko ikasleen lanaren adibidea. "Forest", B. Etxabururena. Irudia: Digipen].


Zer aldatu da sektorean hemen azken hamar urte hauetan egindako jardueretan, eta zer eginkizun izan du ikastetxeak aldaketa horretan?

Entretenimenduari dagokionez, animaziozko zinema da, ziurrenik, bultzada handiena izan duena. Bideo-jokoari dagokionez, enpresek serious games deiturikoetara migratu dute gehienbat; eremu horretan, gero eta enpresa gehiago daude, eta hazkunde-aurreikuspenak benetan interesgarriak dira.

Digipenek talentu kualifikatuko enpresa horiek elikatzen laguntzen du.


Eduki digitalen industria, eta bereziki bideojokoena, etengabe hedatzen ari da. Zer prestakuntza-gaitasun eskatzen dizkiete enpresek profesionalei?

Egia esan, enpresek gero eta espezializazio handiagoa duten pertsonak eskatzen dituzte, ezagutza-oinarri sendoa dutenak, baina horiek eraginkortasunez praktikan jartzeko gaitasuna dutenak.

Ezinbestekoak dira, halaber, soft-skills edo trebetasun "bigunak" direlakoak; horien artean, taldean lan egiteko eta eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna, arazoak konpontzeko gaitasuna eta autonomia nabarmentzen dira, betiere laneko etika eta ahaleginerako prestutasuna kontuan hartuta.

Gure graduak, nagusiki praktikoak eta industriaren errealitatera egokitutako curriculum akademikoa dutenak, benetan erantzuten diote eskari horri, eta horrela egiaztatzen da enpresek beraiek gure ikasle graduatuak kontratatzen dituztenean.

Gure ikasleen kalitatearen erakusgarri ona da mundu osoko festibaletan unibertsitateko lau urteko ibilbidean garatzen eta aurkezten dituzten proiektuengatik (bideojokoak eta animazioak) orain arte lortu dituzten sari eta aintzatespen ugari (160 baino gehiago).

 

[Ikastetxeko gela baten barrualdea. Irudia: Digipen].

Azken urteotan, Digipen Bilbaok hitzarmenak sinatu ditu hainbat sektoretako enpresekin, hala nola PetronorEZAE edo IAC. Zer helburu dituzte ekimen horiek?

Akordio horien helburua da enpresek beraiek bertatik bertara egiaztatu ahal izatea gaitzen ari garen talentu hain apartekoaren potentziala.

Ildo horretan, jarduera-sektore berrietara ireki nahi dugunez –DigiPen Bilbaoko ikasle graduatuen ezagutzak hainbat ekoizpen-sektoreri aplika dakizkiekeenez–, oso eremu desberdineko erakundeekin lankidetzan ari gara.

Ildo horretan, laster albisteak espero ditugu.


Bideo-jokoaren sektorea tradizionalki maskulinizatuta egon da. Alde horretatik, badago aldaketarik? Zeintzuk dira matrikulazioei buruzko datuak?

Hori egia da, sorkuntzaren eta garapenaren ikuspegitik eta, bereziki, bideojokoen programazioaren ikuspegitik. Ez, ordea, kontsumoan; izan ere, gero eta emakume bideojokalari gehiago daude, eta, beraz, gaur egun herrialde batzuetan emakume bideojokalariak gizonak baino gehiago dira ehunekoetan.

Errealitate hori bera islatzen da gure graduen eskarian. Simulazioko softwarearen ingeniaritzan mutilak gehienak dira, eta, beraz, neskei deialdia egiten diet karrera hau ikastera anima daitezen; izan ere, lan-igurikapenak oso interesgarriak dira, eta, gainera, badakigu oso balio handia ekar dezaketela.

 

[Ikastetxeko ikasleen lanaren adibidea.Kasu honetan, L. Perezena. Irudia: Digipen].


Hasi berri dira  Digipen Bilbaoko udako ikastaroak , 15 urteko ikasleei zuzenduak. Ekimen hau ikasturtean ematen dituzuen ikasgaietara hurbiltzen da. Zer erantzun izan dute ikastaroek?

Hala da, oso pozik gaude ikasleen gogobetetze-mailarekin; izan ere, aldiro neurtzen dugu maila, eta beti daude maila gorenean.

Ikastaro horiekiko gero eta interes handiagoa sumatzen dugu; izan ere, oso denbora gutxian eduki-karga handia biltzen dute, eta, beraz, asko ikasten dute, eta, are garrantzitsuagoa dena, parte-hartzaileek praktikan jartzen dute ikasitakoa, ikasturtean zehar lan propioa sortuz. Lorpen hori, gainera, harro agertzen dute senideen eta lagunen aurrean, eta, bide batez, pozik geratzen dira emaitzarekin.

[Sustapen-bideoa,  2019ko udako ikastaroena].



Zein dira ikastetxearen etorkizuneko proiektuak?

Nazioarteko talentua erakartzen jarraitu nahi dugu, eta gure ikasleen jatorrizko herrialdeen kopurua 26 baino gehiago izan dadila.

Bestalde, udako ikastaroen eskaintza zabaldu nahi genuke; izan ere, AEBetako gure campusean mota horretako ikastaroen eskaintza zabala dugu, eta, gainera, adar asko hartzen ditu, betiere teknologia, sormena eta diseinua oinarri hartuta.

Azkenik, Bilbon, Singapurreko gure campusean arrakastaz gauzatzen ari diren berariazko prestakuntza-programetako batzuk martxan jarri nahiko genituzke, besteak beste, adimen artifiziala, software txertatua, zibersegurtasuna edo finantza-sektorerako aplikazioak, hainbat produkzio-sektoretako langileak kualifikatuz edo birkualifikatuz.

--

INFORMAZIO GEHIGARRIA

Honako esteka hauetan DigiPen-eko ikasleek egindako lanen galeria bat ikus daiteke: animazioaartea eta garapena.

 

(2021eko maiatzaren 13an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana