Jakin 243: Gazteak eta politika

  • Jakin 243: Gazteak eta politika
jakin.eus

  • DataMaiatzak 18
  • Gaia Literatura

Gazte konformagaitzen irudia ez da berria, Lorea Agirrek Lourdes Iriondoren kantutik gogoratzen duen moduan; orain, ordea, krisi osteko krisi garaiotan, gazteen parte hartzearen inguruko kezka agertu da hainbat esparrutatik. Hain zuzen, gazteen ustezko axolagabekeria hori aletu nahi izan dute EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kideek, emaitzetan engaiamendu falta alboratzeraino. Parte izateko eta hartzeko modu desberdinak aurkitu dituzte ikerlariek gazteen artean, eta politika praktikatzeko bide askotarikoak. Lorea Agirrek airean uzten du ideia: «agian, gazteen unibertsoan, dena dago inoiz baino gehiago lotuta, nahastuta, elkar eraginean, aliantzan, dena trans izate, egote eta egite batean». Ander Barandiaranek politikan aktibo diren bost gazte elkartu ditu, euren elkarrizketatik argazkia osatzeko.

‘Oraingo gazteak axolagabe? Gazteen eta politikaren arteko harremanak aztergai’

Ane Larrinaga Renteria, Iker Iraola Arretxe, Onintza Odriozola Irizar, Mila Amurrio Velez, Julen Zabalo Bilbao eta Maddalen Epelde Juaristi

Gazteen eta politikaren arteko harremana modu askotan irudikatu da garaiaren eta ingurune sozialaren arabera. Gaur egun, gazte axolagabe eta indibidualisten estereotipoa zabaldu da, baina ikerketa honetan elkarrizketatutako 63 gazteek bestelako irudi bat eskaintzen dute: konplexuagoa eta sakonagoa. Gazte hauek politikari ematen dizkioten esanahiak eta esparru politikoan gauzatzen dituzten praktikak ezagututa, Euskal Herriko «tradizio aktibista» transmisio kate gisa ageri da, «pribilegiozko ezaugarri» identifikatzeraino. Bestalde, politikan ez parte hartzeko arrazoien artean, bitarteko sozialen urritasuna ikusten dute. Gainera, kontrakoa uste izan arren, gazteek indibidualizazioa eta zentzu kolektiboa uztartu egiten dituzte euren esperientzietan.

‘Garai baten mugetan’

Andoni Olariaga Azkarate

Garai postmodernoetako krisiak aztertu ditu Olariagak, gazteen kultura eta jokabide politikoari testuinguru soziohistoriko bat eskainiz. Euskal Herritik begiratuta, «utopietatik distopietara» igarotzean politika lantzeko zer lur geratzen den atzeman nahi izan du.

‘Konpromisoa krisi garaiotan’: Aitana Agirre, Iñigo Etxezarreta, Izar Hernando, Unai Martinez eta Naiara Rodriguez

Ander Barandiaran Ziordia

Gazteak etorkizuna direla entzuteaz ase, orain politikaz esateko dutena bildu du Ander Barandiaran Nafarroako Gazte Parlamentuko teknikariak politikan aktibo diren bost gazteren hitzetan. Politikaz zer ulertzen duten, nola politizatu diren, politika instituzionalaz zer iritzi duten, euskal nazio eta hizkuntz auziak nola bizi dituzten… eta askoz gehiago kontatu dute, EGIn, LGTBIQ+ mugimenduan, Ernain, GKSn eta mugimendu feministan bizi izandakotik.

 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana