NeskArtFest, emakumeek arte eszenikoetan egiten duten lanaren erakusleihoa

  • NeskArtFest, emakumeek arte eszenikoetan egiten duten lanaren erakusleihoa

Kuluxkaren lanaren ardatza beti izan da giza eskubideen defentsa, eta arreta berezia jarri diote betidanik berdintasunaren aldeko borrokari. Hori da Urduñan uztailaren 2an eta 3an egingo den Emakumeentzako Arte Eszenikoen Jaialdiaren lehen edizioa antolatzera eraman dituen bidea. Kuluxka Antzerkiko arduradun Enkarna Delgadok kontatu digu: NeskArtFest.


Zer da antzerkia Kuluxka Antzerkiarentzat?

Ez da oso erraz erantzuteko moduko galdera, gauza asko baita aldi berean. Beste ezer baino lehen, arte bat da, baina baita bizitza adierazteko eta bizitzan adierazteko modu bat ere. Obra baten gidoiaren bidez jorratzen den gai oro bihurtzen da errealitatearen parte, irreala bada ere.

Zehazki, antzerkia oso errealitate ezberdinak argitara ateratzeko tresna da Kuluxka Antzerkiarentzat, beste mundu batzuetara leihoak irekitzeko, hormak apurtu eta beste errealitate batzuk islatzeko, besteen eta geure buruaren gainean gogoeta egiteko, aldaketarako, kritikarako ekarpenak egiteko eta besteak eta gu geu dibertitzeko tresna. Hasiera-hasieratik jorratu nahi izan dugu antzerki soziala, mezu aldarrikatzaileak emateko, ahots gutxi duten pentsamendu eta pertsonei ahotsa emateko eta gure harri-koxkorra jartzeko mundu ezberdin eta hobeak, hala espero dugu behintzat, eraikitzeko.

Elkarteko kideok Giza Eskubideen defentsaren, elkartasunaren eta nazioartekotasunaren, feminismoaren eta ingurumenaren babesaren munduan egin genituen gure lehen urratsak; horrenbestez, horiexek dira gure antzezlan eta jardueretan aurki daitezkeen gai eta ikuspegiak. Bide horretatik doaz gure lan guztiak.


Zein ibilbide egin du orain arte elkarteak?

Kuluxka Antzerkia elkartea bi ardatz jorratzeko helburuarekin sortu zen: Giza Eskubideak eta Generoa. Eta testuinguru horretan, arreta berezia eman die emakumeen eskubideei eta eskubide guztiak barne hartzen dituzten prozesu feministen ahalduntzeari.  

Denetarik jorratu dugu: alderdi ekonomiko eta sozialetatik hasita, tradizioari eta historiari lotutako alderdirik sotilenak arte, azken horiek ez baitira normalean legerietan jasotzen.

Ildo horretan, aipatzeko modukoak dira gure azken lan hauek:

•2016-2017 Emakumeek historian zehar Euskal Herriko komunitatean zaintza-kulturari eusteko egindako lanaren aitorpena (“Sueño de brujas”). Sorginen irudia desmitifikatzeko helburua duen antzezlan bat da; izan ere, torturatuak eta erailak izateaz gain, arbuiatu egin zituen orduko gizarte patriarkalak.

•2016-2017-2018-2019 Emakumeek bizitza eta ingurumena babesteko egindako lanaren aitorpena, haurrentzako tailer batzuen bidez (“La magia de las hierbas”).

• 2017-2018-2019. Emakumeen indarraren, beren borroken eta sexu- eta genero-aniztasunaren aitorpena “Performance Inquisition” kaleko antzezlanaren bitartez

•Emakumeen ahalduntzea antzerki-tailerren bidez. Zehazki, hainbat proiektu ditugu martxan Euskadin gizarteratze-prozesuan dauden zenbait herrialdetako emakume immigranteekin.  Proiektu honen helburua da ikuspegi ludikoa ematea ekonomia feminista, etxeko lan eta zaintza, eta sexu- eta genero-aniztasunaren arloko prozesuetan parte hartu duten Mundubateta Bizkaiko eta Mesoamerikako erakunde sozial eta feministek egiten duten kontzeptualizazio- eta ahalduntze-lanari. Zehazki, aurtengo tailerrak ekonomia feminista du hizpide.  Azkenean 2 antzerki sortu dituzte beren istorioak erdigunean jarrita: “Los caminos de la vida” eta “¿Es esa mi enemiga?”.

Proiektuak 3 urteko iraupena du. Orain arte, Artean, Errenterian, Lemoan eta Gallartan egin ditugu emanaldiak. Aurtengo ekainerako eta irailerako ere badauzkagu beste bi emanaldi; antzezlana beren udalerrietara eraman nahi duten elkarte eta udalek egin dizkigute proposamenak. Ildo horretan, azpimarratu behar da aktoreak antzerki-tailerretara batzen doazen emakumeak direla. Ilusio eta profesionaltasun handiz antzezten dute publikoaren aurrean migratzaile/errefuxiatu gisa bizitzako esperientzia.

• 2019-2020-2021 Emakume eta gizonen sentsibilizazioan eta ahalduntzean laguntzea, Bizkaiko lurralde historikoan indarkeria matxista prebenitu eta desagerrarazteko. Horretarako, proposamen eszeniko bat daukagu: “Llueven vacas”. Gidoilaria Carlos Be da eta zuzendaria Andrés Presumido. Eztabaida-formatua du, eta, gerora, indarkeria matxistaren gaiaren gaineko sistematizazioa ere eskaintzen du.

 



• Une honetan, NeskArtFest, Emakumeentzako Arte Eszenikoen Euskal Herriko Jaialdia prestatzen ari gara. Mota horretako lehen jaialdia izango da, eta Urduñako Udalaren laguntzarekin antolatuko dugu. Arte eszenikoen munduan dagoen genero-arrakala txikituko duen bultzada izango dela espero dugu. Uztaileko lehen asteburuan egingo da.

Gure lan-filosofiari dagokionez, aipatu behar dugu Kuluxka Antzerkiarentzat oso garrantzitsua dela presente edukitzea ikuskizunetako zein tailerretako kostuak ezin dituztela parte-hartzaileek ordaindu, bizitza kulturalerako eskubidea dutelako (27. artikulua). Ez hori bakarrik, lanerako eskubidearen alde ere egiten dugu (Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Eskubideen Itunaren 5. art.).

Halaber, saiatzen gara gure lan guztiak erraz eskuratzeko modukoak, irisgarriak, onargarriak eta moldaerrazak izan daitezen hartzaileentzat eta ikuskizunean parte hartzen dutenentzat.

Ikuskizun horiek eraldaketa politiko eta sozialeko prozesuen eskutik doaz, eta horietan eragiten saiatzen dira, errespetuz, betiere. Horretarako, indartu eta ahaldundu egiten ditugu kolektiborik zaurgarrienak, eskubide-subjektu gisa aitortuak izan daitezen.


Zuen lanaren puntu honetara iritsita, nola otu zitzaizuen NeskArtFest sortzeko ideia? Zer helbururekin abiarazi zenuten jaialdia?

Egin dugun ibilbidea ezagututa, pentsatzekoa da aspalditik dauzkagula buruan emakumeei arte eszenikoen esparruan ikusgaitasuna emateko hainbat ideia. Ildo horretan, pentsatu genuen jaialdi bat aukera ona izan daitekeela lehen helburu hori betetzeko.

Gure lehen premisa jaialdi txiki bat egitea izan zen, helburu argiak izango zituena. Horrela hasi ginen, bada, ilusio eta ahalegin handiarekin gure ondoan nabigatu nahiko zuten kideen bila. Oso aurrekontu txikia dugu, eta ikusi nahi dugu zer-nolako harrera duen jaialdiak artisten eta ikusleen artean.

Lehenago ere esan dugun bezala, NeskArtFest jaialdiaren helburua da emakumeei ikusgaitasuna emateko espazio bat sortzea. Arte eszenikoaren esparruan egin dituzten ekarpenak ezagutzera ematea. Espainian egin izan diren beste topaketa handi batzuetan egindakoa egin nahi dugu (modu xumeagoan bada ere). Besteak beste, aipatzekoak dira ‘La Otra Mirada’, Conde Duqueren ‘Ellas crean’, ‘Mujeres a escena’ eta Teatros del Canalen ‘A solas’ (Red Magdalena Project). Espazio horiek guztiak oso garrantzitsuak dira emakumeen sorkuntzak ikusarazteko.

Jaialdi hau, arestian aipatutakoak bezalaxe, errepikatu egin liteke urtez urte, eta, horrela, hizpide dugun sektorean dagoen genero-arrakala nabarmena orekatzeko gune bihurtu.


Horri dagokionez,antzerkiaren eta dantzaren arloan dagoen genero-berdintasunari buruzko diagnostikoak (Eusko Jaurlaritza, 2019) agerian utzi zuen zein den egoera: emakumeen presentzia “minoritarioa da arte eszenikoen lan-esfera ia guztietan”. Nola eragin dio COVID-19aren krisialdiak sektoreari?

Logikoki, eragin negatiboa izan du. Bertan behera geratu dira ikuskizun gehienak eta batzuk atzeratu egin dira. Horregatik, asko nabaritu da lan falta.

Honen antzeko krisialdi-egoeretan are gehiago handitzen dira desberdinkeriak. Erakunde politiko eta kulturalak, antzokiak, jaialdiak, etab. gizonek zuzentzen dituzte, nagusiki. Horrek desberdinkeria sustatzen jarraitzen du. Arte eszenikoen alderdi guztietan ikusezin bihurtuta dauden emakumeen kopurua ikusita, nahitaezkoa da sektorean duten presentziari babesa emango dioten programak garatzea.

Are gehiago, zehatu egin beharko lirateke Paritatearen Legea aplikatzen ez duten kultur ekitaldiak; hau da, ia gehienak.


Zuen ustez, zein mekanismo aktibatu behar da egoera hori zuzentzeko?

Egoerari buelta emateko aktibatu beharreko mekanismoak gizartearen gainerako esferatan berdintasun osoa lortzeko erabili behar diren berberak dira, betiere arte eszenikoetara egokituta.

Alabaina, ez dugu ezer aurreratu nahi. Mekanismo horiei buruz hitz egingo dugu arte eszenikoen sektorean lan egiten duten emakumeekin NeskArtFest jaialdiaren esparruan antolatuko dugun foro batean. Saiatuko gara Internet bidez transmititzen. Hain zuzen, mekanismo horiek zein izan daitezkeen pentsatzea izango da topaketaren helburua.


Maiatzaren 31ra arte egon da zabalik jaialdian parte hartzeko proposamenak bidaltzeko epea. Zein lan mota interesatzen zaizue egitaraua diseinatzeko? Nola baloratzen duzue deialdiak jaso duen erantzuna?

Hasiera batean, Urduñako Udalarekin (Berdintasun eta Kultura Sailekin, zehazki) lankidetzan idatzi genituen oinarriak. Emakume artistei alderdi eta modalitate guztietan protagonista izateko aukera emango zien jai bat antolatzea pentsatu genuen. Horrela, argi geratu zen ikuskizun guztien nukleoan emakume bat egon behar zela. Horrenbestez, deialditik kanpo geratu dira gizonek idatzitako eta zuzendutako lanak, baita gizonak protagonista dituztenak ere. Dena den, ikuskizunetan emakumeak ez diren artistak ere egon daitezke, betiere protagonistak ez badira.

 Ezin dugu ahaztu udalerri txiki batean egingo dela jaialdia, eta, beraz, aurrekontua ere txikia dela. Entsegu pilotutzat har daiteke. Horregatik berrikusi behar izan ditugu behin eta berriro oinarriak, aurrekontuarekin bat etor zitezen.

Azkenik, honela geratu da egitaraua: jaialdia ostiralean inauguratuko da, eta foro bat eta musika egongo dira. Larunbatean egun osoan zehar egongo dira ikuskizunak eta haurrentzako tailerrak. Gainera, publiko guztientzako 5 ikuskizun ere egongo dira.

Orain arte 15 ikuskizun aurkeztu dira, baina uste dugu erantzun horretan bi kontuk izan dutela eragina: batetik, proposamenaren berri ez izatea daukagu. Zabaltze-lan ona egin den arren, ekimena berritzailea da eta horrek eragina du; izan ere, ez dago ibilbide luzea duten jaialdiek duten segurtasun-sentsazioa (espero dugu urte batzuen buruan gure jaialdia ere apustu horien artean egotea). Bestetik, murrizketak arintzeari esker, konpainien ikuskizunak kaleratzeko fasean sartuta gaude bete-betean, zorionez, eta NeskArtFest jaialdiak cachearen eta gastuen % 30 bakarrik ordain dezakeenez, konpainia askok ondo pentsatu behar dute ezer bidali baino lehen. Hala ere, mezua transmititu eta aldarrikapena partekatzeko ilusio handiarekin eta gogotsu aurkeztu dira 15 ikuskizun baino gehiago.

Horren harira, aipatu behar da kulturaren eta berdintasunaren arloan lan egiten duten erakundeek babestu egin beharko lituzketela mota horietako jarduerak, horrela jasota baitago lehen aipatutako diagnostikoan. Beraz, aurtengoa proba pilotua izango da, eta espero dugu hortik abiatuta, balorazio argiagoa eta positiboagoa egiteko aukera izango dugula, dagokion babesa izan dezan.


Ba al dago egitarauan bereziki nabarmendu nahiko zenuketen jarduerarik?

Ikuskizun guztiak izango dira kalitate handikoak, hala kalitate artistikoari nola testuinguruari dagokienez. Horrez gain, aniztasun handia egongo da, eta espero dugu publikoak atsegin izango duela, oso gauza ezberdinak ikusteko aukera izango baitu.

Hautaketa-prozesuan gaude oraindik, baina egitaraua finkatu bezain pronto emango dugu haren berri.

Edonola ere, azpimarratu egingo dugu, beste behin, streaming bidez konektatu nahi duen ororentzako foro ireki bat egingo dugula, eta aukera egongo dela eztabaida-mahaiko kideei eta lantaldeei galderak egiteko. Espero dugu emaitza positiboak lortuko ditugula eta ondorioak eta kolektiboaren eskaerak atera ahal izango ditugula bertatik.


Zein etorkizun nahiko zenukete NeskArtFest jaialdiarentzat? Zein erronkari egin behar dio aurre?

NeskArtFest jaialdiak “eszenako emakumeen agertoki” izan behar du eta, horrez gain, jendeak jaialdiari buruz hitz egitea, zuek bezalaxe.  Horrela, Arte Dramatikoa eta haren edozein alderdi ikasten ari diren neskatoek hurbileko erreferente izango dituzten emakumeen izenak entzungo dituzte. Argi- eta soinu-teknikariak, eszenatografoak, zuzendariak, argi-diseinatzaileak, jantzien diseinatzaileak, makilatzaileak eta beste emakume asko are ikusezinagoak dira amalgama horren barruan, eta, horregatik, haiei ere merezi duten tokia emango diegu.

Jaialdiak jarraitutasuna izatea nahi dugu, helburu argi bat buruan: aldarrikapen izateari utzi eta berdintasuna zentzu guztietan lortu izanaren ospakizun bihurtzea.

Argi dago borrokari egiten diogun ekarpena dela, baina benetan aurrean dugun erronka da baliabide nahikoa eta sektoreko langileen babesa eskuratzea, apurka-apurka, helburu hori lortzen laguntzeko.

(2021eko ekainaren 10ean argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana