Bihar hasiko da Kaldearte, dagoeneko sarrerak agortuta

  • Bihar hasiko da Kaldearte, dagoeneko sarrerak agortuta

  • DataEkainak 10
  • Gaia Arte eszenikoak

Gasteizko kaleko arteen XV. erakustaldian 63 ikuskizun aurkeztuko dituzte 33 konpainiak.

Bihar hasiko da Kaldearte – Gasteizko Kaleko Artean Erakustaldiaren 15. edizioa, eta igandera arte iraungo du. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok gaur goizean Montehermoso kulturunean egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, sarrerak asteartean jarri ziren eskuragarri, eta ordu bete pasa aurretik agortu ziren.

“Kultura Zerbitzuan sektore honekiko gure konpromisoari eta laguntzari eusten diegu, eta indarrean dagoen araudia zorrotz beteko duen Kaldearte antolatzearen aldeko apustua egiten dugu, arte eszenikoek gure kale eta plazak har ditzaten”, adierazi du Cantok.

2020ko martxoaz geroztik gure hirian egingo den lehenengo kale-jaialdi handia izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2021ean egingo den lehenengo kaleko arteen jaialdi handia (eta Estatuko lehenengoetakoa).

Halaber, prentsaurrekoan izan dira hiriko uda kulturalari hasiera ematen dion programa honetan lanak aurkeztuko dituzten 33 konpainietako lauren ordezkariak: Maite Guevara (‘¡Qué buen día!’ ); Larrua proiektuko Aritz López (‘Muda’); José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko Arantzazu Susunaga (‘Exit’ eta ‘Reminiscence’ piezak), eta Eñaut Gorbea (Judimendi parkera bisita bitxia).

63 ikuskizun hiriko kale eta plazetan. Horietako asko ordu berean egingo dira, eszenatoki batetik bestera joatean jendea pilatu ez dadin.

“Kaldearte ezinbesteko hitzordua da Gasteizko kultur egutegian. Diziplina anitzeko ekitaldia da, eta Gasteizen, estatuan zein nazioartean antzerkiaren, zirkuaren dantzaren eta musikaren arloan diren joera berriak zabaltzen ditu” gaineratu du zinegotziak.

Hasierako ikuskizuna bihar egingo da, 21:00etan, Iparraldeko parkean. “Perceptions” izango da, Bivouac konpainia frantziarrarena. Zirku garaikideko pieza horretan, publikoak irudimen kuantikoaren bihotzera bidaiatuko du aireko dantzaren, makila txinatarren, akrobazien, pianoaren eta zuzeneko musikaren bitartez.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana