EIDE, euskal diseinuaren bultzada

  • EIDE, euskal diseinuaren bultzada

Diseinua gero eta garrantzitsuagoa da gure gizartean, eta gero eta aitortuago dago. Eraldaketa horren bultzada-motorraren lekuko da EIDE elkarte profesionala. 35 urte daramatza sektorea ardazten eta haren ikuspegiak eta estrategiak zabaltzen. Elkarteko koordinatzaile Benicio Aguerreak gurekin egin du elkartearen ibilbidearen atzerabegirakoa.


Zein da elkartearen jatorria? Zein dira bere funtzio nagusiak?

EIDE Bilbon sortu zen 1986an —hain zuzen, aurten ari gara 35. urteurrena ospatzen—, Bizkaiko Foru Aldundiak DZ Diseinu Zentroa 1984an sortu ondoren eta haren bultzadaz baliatuta. Krisialdi ekonomikoa eta industria-eraldaketa bizi genituen garai hartan diseinuaren aldeko apustua egin zen euskal industria-ehunaren lehiakortasuna hobetzeko, eta orduan sortu zen profesionalak ordezkatu eta solaskide gisa jarduteko elkarte bat sortzeko beharrizana.

Sorreran hainbat diziplina, esperientzia eta belaunalditako profesionalek hartu zuten parte, eta urte gutxi batzuk geroago DZk ematen zuen beka-programako diseinatzaileak ere batu ziren. Harrigarria bada ere, Euskadiko Industria Diseinugileen Elkartea izena jarri zitzaion orduan, nahiz eta diseinugile guztiak industria-diseinugileak ez ziren eta Nafarroako diseinugileak ere bazeuden. Duela urte pare bat jaso genuen esplizituki errealitate hori gure estatutuetan, eta Euskal Diseinuaren Elkartea izena jarri eta jarduketa-esparru geografikoa Nafarroara zabaldu zen.

Funtsean, hasierako funtzio berberak ditu, lehentasunak eta funtzio horiek gauzatzeko moduak aldatu egin diren arren. Zehazki, diseinua zabaltzea eta sustatzea, Euskadiko eta Nafarroako profesionalei ikusgaitasuna ematea, nazioarteko proiekzioan ekarpenak egitea, jarduera profesionala jasangarritasun-irizpideetan eta gizarte-erantzukizunean oinarrituta gauzatzea, elkartekideak ordezkatzea eta diseinugile gazteak laguntzea.

 

[Begihandiren V. Urteurreneko edizio bereziko ospakizuna Tabakaleran].


Zein ibilbide egin du urte hauetan?

Esango nuke egin dugun ibilbidea antzeko elkarteek egin ohi dutena izan dela. Hau da, elkartekideen lanaren eta konpromisoaren mende dagoen elkarte profesional batentzat normalena da bere jarduera irregularra izatea eta gorabeheraz beteta egotea, elkartekideek daukaten eskuragarritasunaren eta erakundeen babesaren arabera.

Gauzak horrela, lehen hamarkada biziagoa izan zen, eta mugarri izan ziren hainbat proiektu egin genituen orduan, besteak beste, «Industri diseinua. Ikerketa historikoa Euskal Herrian» azterlana eta bertatik eratorritako erakusketa «Entrediseños. Euskal Industri Diseinua», zeina 90eko hamarkada erdialdean egin baitzen. Bigarren hamarkada gehiago egon zen lotuta talde txiki batek antolatzen zituen aldizkako ekintzen bidez bizirik irautearekin. 2008an Gipuzkoako profesionalen talde handi bat sartu zen, 2010ean zuzendari-kudeatzailearen figura sortu genuen eta 2014an dozena bat baino gehiago diseinugile batu ziren elkartera –hogeita hamar bat profesional bildu zituzten hainbat bileraren ondoren–. Beraz, esan daiteke hirugarren hamarkadan elkartea erabat finkatu zela, eta dozenaka ekintzatan izan ginen sustatzaile edo parte-hartzaile –besteak beste, aipatzekoak dira Bilbok Munduko Diseinuaren Hiriburu izateko aurkeztutako hautagaitza eta Bilbo«UNESCOren hiri sortzaileen sarean» sartu izana Diseinu kategorian 2014an–. Horrek guztiak euskal diseinuaren ordezkari bihurtu du elkartea.

Azken urteotan elkartearen lana gehiago dago bideratuta euskal diseinuaren ekosistema sortu eta zuzentzera eta berau osatzen duten eragile guztiek gurekin bat egin dezaten bultzatzera, diseinuak euskal ekonomian, kulturan eta gizartean gero eta eragin handigoa izan dezan.


Diseinu grafikoa, industria-diseinua, zerbitzuen diseinua, barne-diseinua... Zein dira esparru bakoitzaren berezko ezaugarriak eta zein garrantzi dute gure lurraldean?

Askotan esaten da diziplinen arteko mugak gero eta lausoagoak direla, eta hori argi eta garbi ikusten da lan profesionaletan diseinuaren ikuspegitik egiten diren proiektu motei erreparatuta. Hala ere, uste dut oso garrantzitsua dela bi alderdi azpimarratzea: batetik, prestakuntza espezializatuaren garrantzia –prestakuntza ez baita bera diziplina guztietan– eta, bestetik, lanaren prekaritatea –nagusiki diseinatzaile grafikoek pairatzen duten aitorpen falta eta lehia desleiala, adibidez–.

Hori guztia alde batera utzita, Euskadik eta Nafarroak diziplina guztietan dituzte, salbuespenik gabe, profesional ezagunak eta aitortuak. Beharbada, diziplinarik gazteena –zerbitzuen diseinua– izango da estatuan garrantzitsua izatera iristen azkarrena.

 

[Elkartearen 25. urteurrenean EIDEk euskal diseinuari buruz editatutako argitalpena].


Euskal Herrian diseinuarekin lotutako ikasketak eskaintzen dituzten zentro eta unibertsitate ugari dago. Zein harreman du elkarteak hezkuntza-erakunde horiekin?

Egia da azken urteotan jauzi kuantitatiboa egin dela eta gero eta gehiago direla diseinu-ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitate eta goi-eskola publiko eta pribatuak; izan ere, hori zen gure sektorearen garapena zailtzen zuen gabezia handietako bat. Logikoki, lehentasunezkoa da zentro horiekiko harremana, eta arina eta erraza da –ez da kasualitatea horiek guztiak uneren batean elkartekide izana, bazkide babesle gisa–. Gaur-gaurkoz, honako hauen babesa duguMondragon UnibertsitateaNafarroako UnibertsitateaDeustuko UnibertsitateaIED Kunsthal eta Inedi.

Hezkuntza-erakundeak hain gertu izateak ikasleekin eta diseinatzaile gazteenekin batera lan-ildo berriak irekitzeko aukera eman digu. Hain zuzen, duela gutxi sortu du EIDE GAZTEAK taldea. Gazteek proposatutako ekimen bat da, eta, apurka-apurka, gazteek lan-merkatura sartu nahi dutenean topatzen dituzten beharrizanei erantzuteko gai izango diren estrategia eta ibilbide-orri bat prestatzen ari dira.


Berrikuntza eta digitalizazioa dira une honetan enpresen lehiakortasunaren gakoa. Zein rol jokatzen du diseinuak horretan?

Diseinua betidanik izan da berrikuntzarako ezinbesteko tresna, sektore ekonomikoen eta eremu geografikoen arabera duen aitorpena gorabehera. Gai baldin bagara diseinuak berrikuntzan rol estrategikoa duela ulertzeko, hain zuzen, merkatuak eskatu eta pertsonek nahi dituzten produktu eta zerbitzu lehiakorrak asmatzeko eta sortzeko gaitasuna duelako, prest egongo gara jauzi kualitatibo oso oso garrantzitsu bat egiteko.

Diseinuaren balioaz hitz egiten dugunean askotan esan ohi dugun bezala, diseinua teknologiaren eta erabiltzailearen arteko interfaze bat da, aurrerapen teknologikoei zentzua ematen diena eraldaketa digitalaren garai honetan.

 

[Pandemiak ez du EIDEren jarduera gelditu. Argazkian Bitxiak ekimena ikus daiteke, Bilbo Aurrera Plana 2020aren esparruan antolatutako diziplinarteko elkarrizketa multzoa].


Zein posiziotan dago euskal diseinua gure mugetatik haratago? Nolakoa da nazioarteko harrera?

Euskal diseinuak, marka eta identitate gisa, ez du edukiko, ziurrenik, merezi duen nazioarteko aitorpena, Kataluniak edo Valentziako Erkidegoak dutena eta euskal diseinuak estatuan bertan baduena —alde batera utzita tokiko diseinu-estudio ugarik mundu osoko enpresentzat egiten dutela lan aspalditik—.

Paradoxikoki, mundu-mailako erreferentetzat dauzkagun euskal enpresa askok estatuan eta nazioartean duten posizioa diseinu estrategikoari esker lortu da, enpresek hori aldarrikatzen ez duten eta “salmenta-argudiotzat” ez duten arren; alabaina, aurkezpen-gutun onena da.

Herrialde gisa ez baditugu inoiz izan nazioartean posizio hori lortzeko konbentzimendua, estrategia, baliabideak eta pertseberantzia, oso zaila izango da beste herrialde batzuek, esate baterako, Italiak, Alemaniak, Herbehereek, Finlandiak, Danimarkak, edo arestian aipatutako eskualdeek lortu dituzten emaitzak lortzea.


Zer ekarpen egin diezaioke diseinuak COVID-19aren krisialdiarekin bizi izan dugun esperientziaren osteko bizimoduei (harremanak, espazioak, kontsumoa, garapena...) buruzko eztabaida irekiari?

Beharbada, krisialdi-egoera guztiek ateratzen dute norberaren alderik onena eta txarrena. Gure kasuan, lehenengoa litzateke.

Azken urte honetan pandemiaren egoera dela-eta bizi izan dugun asaldura ekonomiko, sanitario eta sozialak diziplina guztietako diseinugileak makerrekin, ikertzaileekin, osasungintzako langileekin, irakasleekin, artistekin... lankidetzan aritu eta berehalako soluzio irudimentsu eta errazak proposatzeko balio izan du, une batean funtsezkoak izan ziren beharrizanei erantzuteko —maskarak; biserak; arnasgailuak; bereizgailuak; espazio seguruak; seinaleak; app-ak; adinekoen, bakarrik bizi direnen eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza; informazio-kanpainak...—.

Horren adibide gisa, gomendatzen dizuet «Esto pasará» plataforma bisitatzeko; izan ere, diseinuaren bitartez gure bizitza hobetuko duten proiektu eta ekimenak biltzen ditu (plataformaren beraren manifestuak adierazten duen bezalaxe: “orain bizi duguna bezalako krisialdi-uneetan egin gaitzakete hobeak pentsamendu sortzaileak eta diseinuak, baita gure etxean bertan ere”).

 

[Zuzendaritza Batzordeak 2019ko abenduan Makina Erremintaren Museoan egin zuen bilera]


Zein dira sektorearen etorkizuneko erronkak?

Gainerako sektore ekonomikoek bezalaxe, eraldaketa digitalari egin beharko diogu aurre, ziurrenik, eta jasangarritasunari, biztanleriaren zahartzeari, globalizazioari...

Zehazki, eta behin eta berriz aipatzen diren egonkortze ekonomikoa eta nazioartekotzea alde batera utzita, uste dut diseinu-enpresetako profesionalek digitalizazioari eta teknologia berriei lotutako bestelako gaitasun batzuk eskuratu beharko dituztela. Halaber, uste dut egun dituzten gaitasunak etorkizuneko erronketara egokitu beharko dituztela eta prospekzioari garrantzi handiagoa eman beharko diotela.

 

(2021eko ekainaren 14an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana