Gazterock, udako erritmoa astintzen

  • Gazterock, udako erritmoa astintzen

Berriz ere egingo dira uda honetan Gazterock musika-udalekuak Gasteizen. 2009an egin ziren lehen aldiz eta urtez urte handitzen doan proiektua da. Aurreko edizioa ezinbestean geratu zen bertan behera, baina, aldi berean, bultzada ederra izan zen aurten uztailaren 1etik 12ra hiria rockaren oihartzunez beteko duen hitzordua birpentsatzeko. Helldoradoko Juan Uriartek, ekimena kudeatzeko arduradunak, eman dizkigu xehetasun gehiago.

 

Gazterock udalekua joan den hamarkadaren amaieran egin zen lehen aldiz. Zein helbururekin jarri zenuten martxan?

Bada, Arabako Gazteriaren Foru Erakundeaknerabeentzako rock udaleku bat egiteko ideia bikaina izan zuen, eta proposamen bat, proiektu bat egiteko eskatu ziguten guri.

Helburua zen nerabeei udaleku ezberdin bat eskaintzea, aisialdian eta kirolean oinarritutako ohiko udalekuetatik haratago joan eta musikara hurbiltzeko aukeraz gain, rocka inguratzen duen mundua gertutik ezagutzeko aukera emango zuena.


Eredu aitzindaria da gure lurraldean. Ezagutzen zenuten antzeko adibiderik? Nola diseinatu zenuten jarduera?

Bai, hala da, aitzindaria izan zen; nahiko zaila izan zen proiektua hutsetik sortzea, ez baikeneukan erreferente edo eredurik.

Besterik gabe, adin horretako gazteentzat erakargarrik izan zitezkeen zenbait ideia aztertu genituen, eta orduan otu zitzaigun rock-banda batek errealitatean egiten dituen jarduera guztiak egiteko aukera.


Zein profil dute parte-hartzaileek? Beharrezkoa al da aurretiaz musika-ezagutzak izatea?

Oro har, 15 eta 18 urte bitarteko gazteak dira, Espainiako hainbat tokitatik datozenak: Galiziatik, Madrildik, Extremaduratik, Gaztela eta Leonetik, eta, nola ez, Arabatik eta Gipuzkoatik.

Eskertzekoa da aurretiaz musika-ezagutzak edo instrumenturen bat jotzeko oinarrizko nozioak izatea, baina instrumenturik jotzen ez baldin badute ere, tokia dute udaleku hauetan. Izan ere, Gazterocken tokia dago denontzat, eta, egia esan, azkenean beti bukatzen dute banda bat sortu eta musika jotzen... Logikoki, horren maila musikarekin aurretiaz zeukaten harremanaren araberakoa da.

Alabaina, ziurrenik, instrumenturik jotzen ez dutenek askoz ilusio handiagoaz bizi dute azken emaitza.

 




Zein da udalekuetan erabiltzen duzuen lan-metodologia? Zein motatako prestakuntza ematen da bertan?

Punkak aldarrikatzen duen “Do it yourself” (egizu zuk zeuk) metodologian oinarritzen gara: banda bat osatu eta azken egunean kontzertu bat ematea da helburua, eta guk horretarako behar dituzten tresnak eta laguntza ematen dizkiegu. Horrez gain, taldekideekin benetako rock-banda batek egiten dituen gainerako ekintzak ere egin behar dituzte: argazkiak, bideoklipa, mercha, maketa baten grabazioa, etab.

Ez dugu inongo prestakuntza arauturik ematen; aitzitik, Rock-and-Rolla (eta musika, oro har) oinarritzat hartuta, ondo pasatzera eta beren proiektua (taldea) defendatzera animatzen ditugu, betiere lankidetzan arituz, gainerakoak errespetatuz eta, batez ere, esperientzia ehuneko ehunean bizi eta asko gozatuz. Garrantzitsuena egiten denarekin gozatzea eta ondo pasatzea dela irakasten diegu, egiten duten musika ona ez bada ere; izan ere, garrantzitsuena ez da onenak izatea, baizik eta egin eta egiten disfrutatzea. Hori da handi egiten gaituena; gainerakoak txorakeriak dira. Gainera, modu horretan, laguntasun- eta adiskidetasun-sinergia eztabaidaezinak sortzen dira.


Edizio guztiak amaitzen dira Helldoradoko musika-emankizunarekin. Zein sentsazio uzten du gazteak protagonista dituen ekimen horrek?

Benetan harrigarria da ikustea instrumenturik jotzen ez zekiten edo oso maila baxua zuten mutiko eta neskatoak (urte askotan gehiago izan dira neskatoak mutikoak baino) hamabi egunetan gai direla agertokira igo eta hiru edo lau abesti defendatzeko. Benetako miraria da.

 



Gauza bera gertatzen da beren film laburrak edo bideoklipak ikusi eta ekoitzi eta grabatu dituzten abestiak entzuten dituztenean ere. Heldu askok nahiko lukete hori!


Proposamenaren arrakastaren seinalerik onena da parte-hartzaile askok berriz eman dutela izena. Gazterockek parte-hartzaileengan zein aztarna uztea duzue gogokoen?

Bai, oso maiz gertatzen da. Parte-hartzaile batzuek elkarren atzeko hainbat ediziotan hartzen dute parte, izena emateko nagusiegiak diren arte.

Gustatzen zaigu parte-hartzaileek jakitea dena dagoela beren esku, behetik hasita eta lankidetzan arituta oso urruti iristen dela, eta ez dela beharrezkoa dirua edo ondasun handiak izatea; nahikoa da egin nahi dugun horri ekitearekin...

Aurreko edizioetan Fito, El Drogas, Evaristo eta beste batzuk ekarri izan ditugu parte-hartzaileei bertatik bertara kontatzera nola hasi ziren musikaren munduan gaztetan.

Helburua da gazteek nagikeria bazter uztea eta talde bat osatu eta jotzea. Are gehiago, une honetan badaude, duela urte batzuk Gazterocken egon eta gero, benetako bandetan jotzen ari diren zenbait gazte.


COVID-19aren krisialdiak oso eragin handia izan du honen antzeko ekimenetan. Nola ari da 2021eko edizioa baldintzatzen, edukierari, mugikortasunari eta abarri dagokienez?

Zuzen zabiltza: bertan behera utzi behar izan genuen 2020ko edizioa. Aurten, eskainitako plaza-kopurua txikiagoa da, eta burbuila-taldeak eta denok ezagutzen ditugun segurtasun-neurriak dauzkagu.

 




Nola ikusten duzue Gazterocken etorkizuna? Badago aldatu nahi duzuen ezer?

Gazterock Arabako Gazteriaren Foru Erakundeak antolatutako udaleku bat da; beraz, jarraitu nahi duten bitartean, guk proiektuan lanean jarraituko dugu.

Ia urtero daude aldaketak. Tailer artistikoak gehitu edo kentzen ditugu emaitzen arabera edo gazteen artean izandako onarpenaren arabera.

 

(2021eko ekainaren 24an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana