Filmoteca de Navarra, zine hamarkada baten kronika

  • Filmoteca de Navarra, zine hamarkada baten kronika

Martxoan hamar urte bete ziren Nafarroako Filmoteka sortu zenetik. Komunitatearen ondare zinematografikoa berreskuratzeko eta hedatzeko erakundeak egiten duen lana ezagutzera hurbildu gara, Artxibo Filmografikoaren arduradun Anabel Olasorekin eta Zentroko Programazio Saileko arduradun Alberto Cañadarekin batera.


Nafarroako Filmoteka 2011ko martxoan inauguratu zen zehazki bere egoitza izateko eraiki zen eraikin batean, Liburutegiaren ondoan. Zeintzuk ziren erakundearen aurrekariak?

Anabel Olaso: 90eko hamarkadan, Nafarroako Gobernuaren filmak kontserbatzeko zentro nagusia Nafarroako Liburutegia zen (BNNL), nahiz eta San Frantzisko plazako eraikin zaharrean ez zituen behar ziren kontserbazio-baldintzak eta baliabide tekniko eta pertsonal espezializatuak. 1994an, BNNLk 43 film jaso zituen gordailuan Nafarroako Museotik, zehazki filmak erosteko aurrekontu-partida bat sortzearekin bat eginda.

1999an, Nafarroako Museoan egoitza izango zuen Nafarroako Filmoteka sortzeko lehen ahalegina egin zen, baina ez zen gauzatu, eta 2003an beste ahalegin bat egin zen, baina huts egin zuen.

2005eko urtarrilean, BNNLn gordeta zeuden filmak Nafarroako Errege Artxibo Nagusira eraman ziren, Nafarroako Erregeen jauregi zaharrean egoitza berria estreinatu berri zuenera. Urte horretan bertan, han utzi ziren 2003an hildako Antonio José Ruizen material zinematografiko guztiak, bere alargunak dohaintzan emanak, eta ondorengo urteetan, filmen kopurua areagotu egin zen, dohaintza garrantzitsuak egin izanagatik, hala nola Adrián Martínez "Hamsi"ren (1890-1969) ikus-entzunezko funtsa.

2009an, Nafarroako Zinematografia eta Ikus-entzunezkoen Institutua (INAAC) Fundazioa sortu zen, 10.000 euroko sortze-kapitalarekin (Nafarroako Gobernuak emana), eta funts filmografiko horren guztiaren kargu egin zen. 2010ean, material guztia BNNLren eraikin berri horretan jarri zen, eta hurrengo urtean, Nafarroako Filmoteka gisa lanean hasi zen.

2014. urtearen hasieran, INNAC desagertu egin zen, eta Filmotekaren jarduera bi adarretan zatituta geratu zen; orain arte modu independentean kudeatu dira:

- Artxibo Filmografikoa Liburutegi Zerbitzuak kudeatu zuen. Gaur egun, Nafarroako Liburutegiaren Atalaren erantzukizun zuzena da; enpresa espezializatu baten laguntza teknikoarekin kudeatzen du, eta enpresaren kontratua lizitazio publikora ateratzen da. Egungo enpresa esleipendunaren titularra Patricia Goroskieta da.

-  Filmotekaren programazioa; Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentura atxikitako NICDO enpresa publikoaren ardurapean dago.

 

 

Hamar urte bete ondoren, zer balorazio egiten duzu denbora honetan egindako ibilbideari buruz?

A.O.: Oso balorazio positiboa: oso etapa bizia izan da, aldaketa eta ikaskuntzaz betea, oso denbora-tarte laburrean. Urte hauetan, funtsezko lanak izan dira filmen kontserbazio-egoera ona zela egiaztatzea eta horrela izaten saiatzea, gordailuetan materialak birmoldatzea eta antolatzea, eta inbentarioa egitea eta mantentzea.

Orain, anbizio handiagoko une batean gaude, eta hedapenean jarri dugu arreta: sarean dugun presentzia hobetuz eta indartuz, eta materialak berreskuratzea sustatuz “Los fotogramas de nuestra memoria / Oroimenaren fotogramak” kanpainaren bidez. Egitasmo hori herritar guztientzat da, eta 60 liburutegi publiko baino gehiagorekin lankidetzan egiten ari da. Liburutegi horiek Artxibo Filmografikoaren antena-lanak egiten dituzte Nafarroako lurralde osoan.

Halaber, gure egoitzan Iberiar Filmoteken V. Topaketa egitea ohore eta erronka profesional handia da, eta ekarpen handia egiten ari zaigu.


Berreskuratzea eta kontserbatzea dira Artxibo Filmikoaren Sailaren jardueraren bi oinarri, besteak beste. Zer jarduera zehatz egiten dituzue arlo horretan?

A.O.: Artxiboan egiten diren jarduera nagusiak Nafarroarekin edo nafarrekin zerikusia duten funts zinematografiko guztiak berreskuratzea, zaintzea, zaharberritzea, dokumentatzea, katalogatzea eta digitalizatzea dira.

Euskarri fotokimikoko materialei lehentasuna ematen diegu, film batzuk hondatuta daudelako. Material horiek ikuskatu, zaharberritu, kontserbatu eta digitalizatu egiten dira, jatorrizko materialak Artxibo Filmografikoari lagatzearen eta bertan etengabe gordailutzearen truke. Azken urrats horretan, kopia digital bat ematen zaie gordailugileei.

 



Zer funts mota zaintzen ditu artxiboak?

A.O.: Artxibo Filmografikoak zaintzen dituen funtsak hauek dira: film fotokimikoak 35 mm, 16 mm, 9,5 mm, Super 8 mm eta 8 mm neurrietan, material magnetikoa (Betacam, VHS, U-Matic, etab.), erreprodukzio-gailuak, dokumentu grafikoak eta testu-dokumentuak.

Artxibo Filmografikoak familia-zinema eta zinema amateurreko gordailuak ditu gehienbat. Halaber, material profesionala ere badu, hala nola Canal 4 katearen ikus-entzunezko artxiboa, film komertzialak eta trailerrak, antzinako Saide eta Golem zinemetakoak zein Nafarroan egindako jaialdietakoak, Punto de Vista jaialdiarenak, kasurako.

Gainera, Foru Komunitateak diruz lagundutako filmatze guztiek gutxienez kopia bat utzi behar du gure artxiboan.


Zer publiko-profilek kontsultatzen ditu funtsak?

A.O.: Edonork kontsulta ditzake gure funtsak.

Egia da jasotzen ditugun eskaera gehienak ikertzaileenak, modu partikularrean eta profesionalean, zinema-ikasleenak eta dokumentaletarako artxiboko materiala bilatzen ari diren zuzendarienak direla.


Aipatu duzun moduan, datorren udazkenean Nafarroako Filmoteka izango da Iberiar Filmoteken V. Topaketaren anfitrioia. Zertan datza ekimen horrek? Zer arlo landuko dira edizio horretan?

A.O.: Ondare filmografikoa kontserbatzen eta hedatzen duten profesionalen arteko urteroko topaketa da.

Bertan, filmoteka nazional guztiek parte hartzen dute, baita Portugalgo Zinematekak ere. Ekimenean, funtsak berreskuratzeko lanak, ikerketak, sektoreko arazoak, zinema-programazioak eta -zikloak, edo une horretan eztabaidatzeko gai interesgarriak partekatzen dituzte.

Aurten, V. Topaketaren anfitrioi gisa, familia-zinemak eta zinema amateurrak memoria kolektiboaren eta etnografikoaren kontserbatzaile gisa duten garrantzia azpimarratu nahi izan dugu.


Nola imajinatzen duzue zentroa hemendik hamar urtera? Zeintzuk dira berehala aurre egin beharreko erronkak?

A.O.: Hamar urte denbora asko bada ere, ez dakigu nahikoa izango den proposatu dugun helburua lortzeko: Nafarroako material filmografikoa berreskuratzen, kontserbatzen eta hedatzen jarraitzea, baina eskala handiagoan, baliabide eta langile gehiagorekin eta herritarren esku jarritako online katalogo batekin.

Berehalako erronkei dagokienez, une honetan EQZE eskolarekin solasean ari gara, lankidetza-bide bat ezartzeko, ikasleek gure Artxibo Filmografikoan praktikak egiteko hitzarmen bat sinatuz.

 



Programazio Sailaren kasuan, haren helburuetako bat Filmotekak zaintzen duen film-ondarea hedatzea izanik, zer jarduera mota antolatzen dira zentzu horretan?

Alberto Cañada: Hasieratik, Filmotekaren ohiko programazioan Nafarroarekin lotutako zinemari buruzko atal bat izan da. INAAC desagertu arte (2014ko ekaina), "INAAC Panorama" izena zuen, eta, ondoren, "Nafarroako Filmoteka". Atal horretan, nafarrek zuzendutako, idatzitako edo ekoitzitako edo gure lurraldean filmatutako ekoizpen guztiak sartzen dira. Bai film profesionalak, bai zaleenak. Horietan guztietan lan horiekin lotutako pertsonek parte hartzen dute beti.

Urtero, 2011tik 2019ra, Home Movie Day saioa antolatu zen, munduko beste leku batzuekin batera. Familia-zinemari edo zaleen zinemari buruzko jardunaldi bat zen, eta urtean zehar jasotako gordailuen laburpena proiektatzen zen.    


Nolako profila du proiekzioetara joaten den publikoak? Adin guztietara irits al daiteke?

A.C.: Proiekzio-aretora maiz joaten diren ikus-entzuleak, batik bat, zinema-aretoetara filmak ikustera joan diren (eta oraindik ere joaten diren) pertsonak dira. Ikus-entzunezko sorkuntza bat ikusteko lekurik onena aretoa eta pantaila handia direla uste dute, proiekzio-kalitate oso zaindua izanik. Ikus-entzule horien batez besteko adina altua da (60 urte ingurukoa), eta "zinemazaletzat" har daitezke; zinema klasikoa zein gaur egungoa ezagutzeko eta aztertzeko interesa dute. Kalkulatzen dugu ikus-entzuleen % 50ek, gutxi gorabehera, abonu bat dutela sarrerak hartzeko, eta horrek etorkizuneko programazioarekiko fideltasuna eta konfiantza ekartzen du.

Oraingoz, adin batek ihes egiten digu gure aukeretatik. Hain zuzen, larunbat arratsaldetan eta igandetan aretoa itxita izateren ondorioz, zaila da publiko gazteena erakartzea. Gazteentzako zenbait zinema-tailer arrakastaz egin dira, baita Eguberrietako programazio jakinen bat ere, baina noizean behin.

 




Nola eragin dio COVID-19aren krisiak zuen jarduerari zehazki?

A.C.: Ondoriorik bortitzena jarduera erabat ixtea izan zen, 2020ko martxoaren 13tik ekainaren 30era (denboraldiaren azken eguna).

Ikasturtea irailaren 1ean hasi ahal izan genuen, eta osasun-gomendioak errespetatuz (edukiera murriztea, distantzia, maskara, garbiketak, etab.), ohiko programazio-jarduerari eustea lortu dugu gorabeherarik gabe, % 90 inguruko okupazio-mailarekin.


Zeintzuk dira sail honek berehala aurre egin behar dien erronkak?

A.C.: Lortu den konfiantza- eta interes-mailari eustea eta programazioa Nafarroako beste udalerri batzuetara eramatea. Plan hori gauzatzeko oinarriak jartzen ari dira jada, eta espero dugu 2021-2022 denboraldiaren hasieran abian jarri ahal izango dugula.

 

(2021eko uztailaren 5ean argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana