Egin Leku! deialdia

  • Egin Leku! deialdia
oihaneder.eus

  • DataUztailak 12
  • Gaia Musika

Musikari hasiberrientzako plaza izango da aurten ere Oihaneder

Bigarren urtez Oihaneder Euskararen Etxeak Egin Leku! deialdia jarri du martxan: musikari hasiberrientzako plaza irekia. Urtean zehar Oihanederren beren musika jotzeko aukera eskainiko die deialdi honek. Proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 1ean irekiko da eta 25era arte izango da zabalik (biak barne). Kontzertuak urrian hasiko dira, eta bi hilabeteko maiztasuna izango dute.

Musikari hasiberrientzako plaza izango da Egin Leku!: musikaren munduan eta kantuen konposizioan lehen urratsak ematen ari diren musikariei leku bat eskaini nahi die deialdi ireki honek. Aldi berean, Euskal Herriko artista berriei kulturgune euskaltzale honetan jotzeko aukera eman nahi die Oihanederrek.

Proposamen hau musikazaleen sorkuntzari lotuta dago, eta Oihaneder Euskararen Etxean antolatuko diren gainontzeko jarduerekin batera kulturuneko programazioaren barruan gauzatuko da.

Musikari hasiberrientzako plaza izanik, formatu txikiko proposamenak izan beharko dira: bakarka, edo gehienez beste bi musikarik lagunduta, hirukote gisa. Halaber, diskarik grabatu gabeko musikariei zuzenduta dago, eta kontzertu kopuruen erdia 35 urtetik beherako gazteek egindako proposamenentzat izango da.

Edozein estilotako musika onartuko da, baina emanaldiko kantuen hitzak gutxienez %75 euskaraz izan beharko dira. Horrez gain, emanaldi osoko komunikazio hizkuntza euskara izango da, baita aldez aurreko produkzio harremanetako hizkuntza ere.

Deialdia uztailaren 1ean irekiko da eta 25era arte egongo da zabalik. Ia hilabete izango da izena emateko eta proposamenak aurkezteko. Gure webgunean jarriko den imprimakia bete beharko da eta bideoan (mp4) edo digitalean (mp3) grabatutako hiru kanta bidali beharko dira formularioarekin batera.

Abuztuaren 2tik aurrera jakinaraziko dira aukeratutako proposamenak zeintzuk izan diren, Gasteizko musikari ezberdinekin osatutako epaimahaiak hala erabakita. Kantuen orijinaltasuna, kalitatea eta euskararen erabilera izango dira baloratzeko erabiliko diren irizpideak. Behin aukeratutako proposamenak jakinda, urte osoko kontzertuen egutegia zehaztuko da. Hala ere, urriaren 7an aurreikusten da lehenengo kontzertua, eta urte osoan zehar bi hilabeteko maiztasunarekin burutuko dira.

Oihanederrek kontzertuak egin ahal izateko zenbait baliabide ipiniko ditu musikarien eskura: alde batetik, kontzertua egiteko baliabide teknikoak (soinu ekipoa eta mikrofonia) eta espazioa Oihaneder Euskararen Etxean, eta bestetik, emanaldiaren komunikazioa Oihanederren ohiko zabalkunde euskarrietan. Horrez gain, 200€ ordainduko zaizkio 50’-75’ minutu arteko emanaldia prestatzeagatik.

Bestalde, publikoaren parte-hartzea sustatuko du deialdi honek, eta kontzertuetan bozkatzeko aukera emango zaio ikusleari: Oihaneder Euskararen Etxearen Youtube kanalean izango dira ikusgai kontzertuak eta “atsegin dut” gehien jasotzen duen bideoa izango da irabazle. Musikari bozkatuenari 100 €-ko publikoaren saria emango zaio eta bozketan parte hartzen duten ikusleen artean Gasteizko musika denda batean gastatzeko 50 €-ko bonoa zozkatuko da.

Ekimen hau antolatzeko Musikari – Euskal Herriko Musikari Elkartearen laguntza izan dugu.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana