Itzulpen-lehiaketa 2021 (2. deialdia)

  • Itzulpen-lehiaketa 2021 (2. deialdia)
eizie.eus

  • DataUztailak 21
  • Gaia Literatura

Literatura Unibertsala bilduma osatzen jarraitzeko, bigarren deialdia antolatu du EIZIE elkarteak.

Lehiaketaren oinarriak

Itzulgaiak

Honako hiru obra hauek dira bigarren deialdiko itzulgaiak (eta lehiaketan parte hartzeko itzuli beharreko laginak):

  • Leonardo Sciacia, Todo Modo
    Lehiaketarako lagina, hemen (pdf) eta hemen (word)
  • Amos Oz, ????? ???‎ (Michael Sheli) / My Michael / Mi querido Mijael / Mon Michaël…
    Lehiaketarako lagina*, hemen (pdf) eta hemen (word)
  • Marina Tsvetaieva,  Mon frère féminin: Lettre à l'amazon
    Lehiaketarako lagina, hemen (pdf) eta hemen (word)

(*) Lagina ingelesezko itzulpenarena da, egilearekin lankidetzan egina (Hebreerazko liburua, hemen). Jatorrizkotik itzuli ezean, gutxienez bi sorburu-hizkuntza erabili beharko dira, eta horiei dagozkien orrialdeen fotokopiak aurkeztu. Nolanahi ere, jatorrizko hizkuntzatik itzultzea hobetsiko da.

Lehiatzaileak

Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke lehiatzaile.

Aurkeztu beharrekoak

Lehiatzaileen eskura jarritako testuaren itzulpena (lau kopiatan), ezizen batekin.

Horrekin batera, gutun-azal itxi baten barruan, itzultzailearen datuak adieraziko dira, eta ezizen bera errepikatu gutun-azalean. Hauek dira adierazi beharreko datuak: itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea. Nortasun agiriaren fotokopia ere sartu behar da gutun-azal horretan.

Obra baterako baino gehiagorako laginak aurkeztekotan, bakoitzari bere ezizen eta gutun-azal itxia erantsi behar zaio.

Proiektuak aurkezteko lekua eta epea

Epea 2021eko irailaren 23an  amaituko da, eguerdiko 12:00etan.

EIZIE elkartearen egoitzan aurkeztu behar dira itzulpen-proiektuak. Helbidea: Zemoria 25, behea - 20013 Donostia. Postaz edo mezulariz bidaliz gero, «Literatura Unibertsala» lehiaketarako dela adierazi gutun-azalean.

Epaimahaia

Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia, jasotako itzulpenak aztertu eta esleipena egiteko. Itzulpengintzaren munduan aitorturiko gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bana izendatuko dute Eusko Jaurlaritzak, itzulpenok argitaratuko dituzten argitaletxeek, eta EIZIE elkarteak. EIZIEk idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena. Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.

Esleipenaren jakinarazpena

EIZIE elkartearen webguneko albistegiaren bidez jakinaraziko da epaimahaiaren erabakiaren berri. Esleituak izan diren proiektuen itzultzaileei zuzenean jakinaraziko zaie.

Esleipenaren osteko kontratazioa

Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena egiteko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak, eta obra hori hirugarren batek argitaratzeko baimena emango dio itzultzaileak Elkarteari (Erein eta Igela argitaletxeek argitaratuko dituzte paperezko liburu eta e-book forman, bilduma honetarako bat eginik).

Ordainsaria

Todo Modo: 2.997 euro | My Michael: 7.290 euro | Mon frère féminin: 883,5 euro

Bildumarako finkaturiko ordainsariak erabili dira, sorburu-testuaren eta hizkuntzaren arabera. Gaztelania: 24 euro orriko. Frantsesa, ingelesa, katalana, galegoa, portugesa, italiera: 27 euro orriko. Gainerakoak: 30 euro orriko.

Itzulpena jatorrizko hizkuntzatik ez den beste batzuetatik egiten bada, sorburu hizkuntzei dagozkien tarifen batez bestekoa erabiliko da.

Obrak itzultzeko epea

Liburuak itzultzeko epea orri kopuruaren araberakoa izango da, esleipena jakinarazten denetik hasita: 125 orri - 6 hilabete. Proportzio horren arabera kalkulatuko dira epeak.

Argibide gehiago, helbide honetan.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana