IKUSI-MIKUSI Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Azokaren lehen ekitaldia datorren urriaren 8an eta 9an egingo da Saran (Lapurdi)

  • IKUSI-MIKUSI Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Azokaren lehen ekitaldia datorren urriaren 8an eta 9an egingo da Saran (Lapurdi)

  • DataUztailak 22
  • Gaia Literatura

Egitasmoa Euskal Herri osora bideratua dago eta Euskarazko haur eta gazte literatura izango du ardatz. Azokaren lehenengo edizioa 2020an egitekoa zen, baina COVID-19a dela eta, 2021eko urrira atzeratu behar izan dugu. Kiribil konpainiak, Pamiela argitaletxeak eta Galtzagorri Elkarteak antolatutako liburu-azoka da eta urtero egiteko asmoa dugu.

Azokaren baitan, lehenengo eguna ikasleei eskainia izango da eta Euskal Herri osoko ikastetxeetako haur taldeak bertaratuko dira. Bigarren egunean, familientzako ekintzak prestatu ditugu.

Azokako espazioa, jarduerak eta ikuskizunak haurrei nahiz gaztetxoei zuzendutakoak izango dira. Euskal lurralde guztietako literatura arloko profesionalak ere bertan izango dira: argitaletxeak, idazleak, ilustratzaileak, liburu-saltzaileak, bibliotekariak, ipuin kontalariak eta artistak.

Hala, Ikastetxeen egunean (urriaren 8an) ikasleek euskaraz idatzitako liburuak, idazleak eta ilustratzaileak ezagutzeko aukera izango dute eta ikuskizunekin nahiz sortzaileen aurkezpenekin gozatuko dute.

Familien egunean berriz (urriaren 9an), irakurketa, idazketa eta sorkuntza munduan murgilduko dira haurrak euren guraso edo zaintzaileekin batera. Horretarako, euskarazko liburuaren inguruan, ekintza ezberdinak antolatu dira: umeek liburu txokoez gozatu ahal izango dute, argitaletxeen standetan ibili, animazio-tailerretan parte hartu, egun osoan zehar ikuskizunak ikusi, idazle eta ilustratzaileek egindako mintzaldiak eta aurkezpenak entzun ...

Helburua euskal Haur eta Gazte Literatura plazara jalgi eta haren berri zabaltzea da. Halaber, ume txikiei, haurrei eta gazteei irakurtzeko, kondairak entzuteko, hitzekin jolasteko eta idazteko aukera ematea eta euskarazko albumetan eta liburuetan murgiltzea. Bide batez, Haur eta Gazte Literaturaren eremuan lanean ari diren euskal profesionalen ekitaldi-topaketa sortu nahi dugu.

Azokako ikuskizun zein tailerretan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da, lekuak mugatuak baitira.

Informazio gehiago: www.ikusimikusi.eus

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana