Deabruaren Eskola, gure literaturaz (gehiago) maitemintzeko dispositiboa

  • Deabruaren Eskola, gure literaturaz (gehiago) maitemintzeko dispositiboa

Letren grina piztea, gure idazleen lana aitortzea eta azpimarratzea, literatura unibertsalari egindako ekarpenak zabaltzea. Hori guztia eta askoz gehiago da Deabruaren Eskolaren zerumuga, Irati Jimenez idazle eta kazetariak, Mikel Soto editore ohia eta idazleak eta Esteban Montorio diseinatzaileak 2020. urtearen amaieran abian jarritako ekimena. Webgunea zuri-beltzeko estetika zainduko unibertsoa da, baina gure literaturaren ekosistemari kolore gehiago ematera etorri dira. Haiekin hitz egin dugu proiektuaz eta aurrera begira dituzten asmoez.


Zer da Deabruaren Eskola? Nola definitzen duzue?

Testu ederrak irakurtzeko leku bat, literaturaren edertasunari gorazarre egiteko eta literaturaren ezagutza bultzatzeko proiektu bat, hori da guretzat Deabruaren Eskola.

Lehen pausua jatorriz euskaraz idatzitako zein euskarara itzulitako testuak biltzen dituen webgune osatzea izan da, ilustrazio eta argazki ederrez hornitua. Eta hor biltzen ditugun testuak gizarte sareen eta buletin baten bidez zabaltzen ari gara.

Hortik aurrera, ikusiko dugu noraino heltzen garen, izan ere, baditugu abian webgunetik harago doazen proiektuak. Printzipioz, ostera, esandakoa: literaturaren edertasuna eta ezagutza bultzatu nahi ditugu, euskal literatura txikia delako bai, baina uste duguna baino askoz zabalagoa, bere edertasunean.


Zein helbururekin jarri zenuten martxan plataforma hau?

Esan bezala, literaturan dagoen edertasuna eta ezagutza jakinarazteko ekimen bat da Deabruaren Eskola eta, zentzu horretan beharbada bere helburu nagusia hori da, atsegina eta jakituria ematea.

Baina, horrez gain, literatura era sakonagoan disfrutatu edo, are, sortu nahi duten kulturaren zaleentzat ere tresna izan nahi du. Literaturaren arloan autodidaktismo basatia baino ez zaie geratzen idazleei, editoreei eta arlo horretan lan egin nahi duten guztiei, idazten irakasten zaigulako denoi baina ez literatura egiten.

 


Literatura zer den ere ez dakigulakoan gaude, egia esateko, egiten den kritika gehiena eta komentario gehienak –gehiegizkoak, akaso– ez direlako literaturari buruzkoak, alegia, testuari buruzkoak, literaturaren inguruko kontuei buruzkoak baino. Liburuen gaiaz hitz egiten dugu edo sistema literarioaz baina ez testuari eta ariketa literarioari buruz.

Beraz, gure helburua horri heltzea da, hori bultzatzea, eta horretaz hitz egitea. Literatura sustatu, bere edertasunean eta ze gozagarria eta apasionantea izan daitekeen zabaldu.


Literaturaren arloan eskarmentu handiko hiru profil ezberdin batu zarete proiektuan. Zertan lagundu dizue zuen ibilbide profesionalak egitasmo komun hau sortzeko orduan?

Literaturan orain arte izan dugun esperientziak ekarri gaitu hirurok honaino. Denon artean esperientzia dugu idazle, editore, maketatzaile eta diseinatzaile bezala eta horrek sistema honen oso ezagutza berezia ematen digu.

Amateurismoaren indar edo kemenarekin hasi dugu proiektua baina, zuk esan bezala, ibilbide profesionala egin dugu literaturan eta proiektu hau irabazi asmorik gabe eta dirulaguntzarik gabe abiatu badugu ere, gure asmoa izan da profesionaltasunez egitea eta uste dugu egin egin dugula.

Askotan proiektuak izaten dira amateurrak kalitateari dagokionez, nahiz eta profesionalek eginak izan, eta guk alderantziz planteatu dugu proiektua: saiatu gara amateurismoaren kemena eta gosea mantentzen, baina kalitateari dagokionez, profesionaltasuna izan da gure helburua, ez baitugu uste euskal kultura bilatzen duenak hori baino gutxiago merezi duenik. Izan ere, bistan dago ekosistema digitalean mundu mailako mota guztietako ekimen, enpresa eta plataformekin topo egiten dugula eta gure kulturak aurrera egingo badu eta transmisio arrakastatsu bat lortuko badugu, kalitatezko ekimen profesionalak behar ditugu, izan hiru lagunen arteko irabazi asmorik gabekoak edo dozenaka langile dituzten irabazi asmodun enpresak.


Deabruaren Eskola interneten topa daiteke momentuz, baina, aipatu duzuen bezala, baduzue ere kanpora ateratzeko asmoa, Leizeko Eskola ekimenaren bitartez. Zertan datza proposamen hau?

Momentuz proiektu bat daukagu aurreratua: euskal idazleek Julio Cortazarren itzalpean edo harek inspiratuta idatzitako lanak zein haren euskararako itzulpenak eraman nahi ditugu –ahal den guztietan sinatuta– Juan March fundazioak duen Julio Cortazar Liburutegira.

Liburuak jasota ditugu eta laster joateko asmoa daukagu Madrilera, fundazioaren egoitzara, donazioa egitera. Oso bilduma polita lortu dugu, Cortazarrek inspiratutako literatura handiaren adibide ederra.

 


Bestetik, gure lehenbiziko ikastaroa prestatzen ari gara, literaturaren baliabideak erabilita gezurrak detektatzeko tailer bat egin nahi dugu, erdi-literarioa –edo guztiz literarioa– eta erdi-kriminologiaren arlokoa. Ikasturte honetan izango da eta gure gizarte sareen bidez eta buletinaren bidez emango dugu horren berri.


Proiektua iaz abiatu zenuten, kultur sorkuntzarako bereziki gogorra izan den urtean. Zein izan nahi du zuen ekarpena ildo honetara?

Daukaguna erakustea da gure asmoa eta hori beti da inportantea, bestela belaunaldi bakoitza amildegi baten ertzetik hasten delako sortzen eta idazten, iraganean zer ikasi ez balego bezala, argi guztiak itzalirik baleude bezala, ilunpetan. Eta hori inportantea da edonoiz, baita 2020an ere.

Denok akordatuko gara konfinatuta egon ginenean zer-nolako diskurtsoa nagusitu zen sorkuntza eta kulturaren inguruan, gizarte sareetan eta interneten. Kultura behar genuela esaten zen eta hori ondo dago, baina horren segidan zetorren kultura sortu behar genuela momentu horretan, larrialdi egoera hain ezohiko horretan, eta hori ez da egia.

Interneten ikusteko, entzuteko eta disfrutatzeko kultur-sorkuntza nahikoa badago mila gizalditan ere jendea interesatuta mantentzeko eta hori ikustaraztea inportanteagoa izan liteke, momentu jakin batean, ekoizpen berriak egiten hastea baino, horretarako produkzio-bitarteko egokirik ez dagoenean.

Zentzu horretan, gu apaltasunez gatoz, beste batzuk egindako lanari ikusgarritasuna ematera baina anbizio handiarekin, era berean. Zera uste dugulako, gure literatura oso ezezaguna zaigula, "nobedadismoak" ia erotuta bizi garela eta berehala ahazten ditugula iraganeko testu bikainak eta autore benetan fenomenalak. Ahaztuta dugu Augustin Anabirtarte, Donostia eleberriarekin Saizarbitoriari aurre hartu zion gizona eta Stevensonena zitekeen gazteentzako Poli ederra idatzi zuen idazlea. Abadea zelako argumentu txatxuarekin baztertu dugu guztiz Txomin Agirre, edozein literaturak nahiko lukeen idazle erromantiko, metafisiko eta humanista bikain bat. Ez gara akordatzen Gotzon Garaterekin, hain modu zintzoan audientzia zabal batentzat literatura apartekoa egin zuen eleberrigile batekin. Eta horrela luzatu gintezke asko, gehiegi esango genuke.

 

[Gotzon Garate, Joxean Artzeri liburu bat sinatzen. Argazkia: Deabruaren Eskola]


Zein espero duzue izatea Deabruaren Eskolaren ibilbidea?

Euskal literaturaren egoerari dagokionez diagnostiko apur bat ilunarekin gatoz, baina etorkizunean esperantza handiarekin, gure proiektuarentzako eta literaturarentzako. Uste dugu ez dagoela momentu onean, baju gaudela sormenari dagokionez, eta sisteman baditugula txikiak ez diren arazo nahikotxo.

Baina Deabruaren Eskolak frogatu nahi du baditugula baikorrak izateko arrazoi asko: literaturan edertasun une harrigarriak sortu dituzten idazleak izan ditugu, gai izan gara meritu handiko gauzak egiteko eta sasi guztien gainetik literatura intermitente eta zinez eder bat bizirik mantentzeko.

Espero dugu hori ikusarazteko gai izango garela eta gu geu konbentzituak garen bezala lortuko ditugula zaletu gehiago, gure federa batuko direnak. Guri gertatu zaigun moduan berriz maiteminduko direnak literaturarekin –inoiz maitasuna galdu badute! –, eta literatura nola egin daitekeen jakiteko erantzunen bila ari badira, Deabruaren Eskolan inspirazio handia topatuko dutela.

Deabruaren Eskolan irakurri zuen elkarrizketa batek inspiratuta, Jon Alonsok bere karrera poema ederrenetako bat egin du guretzat, eta guretzat hori gauza izugarria izan da. Eta beste halako poztasunik ere izan dugu, hasi berritan: duela gutxi Mikel Lasa handiarekin harremanetan jarri ginen, bere Hego Amerikako novela berria liburuaren ale bat Julio Cortazarrentzat sinatzeko eskatu genion, liburu hori zenbat miresten genuen adieraziz, eta horri esker berriz irakurri zuela esan zigun eta aspaldi egindako lana bere sasoian baino gehiago gustatu zitzaiola. Guretzat hori gauza handia da.

 

(2021eko irailaren 9an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana