Artoteka, arte garaikidea balioesten dituen testuinguruak sortzen laguntzen

  • Artoteka, arte garaikidea balioesten dituen testuinguruak sortzen laguntzen

Publikoa egungo arte-hizkuntzetara hurbiltzea erraztea eta bertako artistei beren lanaren garapena lagunduko duten egitura berriak ematea, horiek dira Artotekaren filosofia definitzen duten bi ildo nagusiak, artelanak mailegatzeko plataforma berritzailea. Karraskan, Sarean eta Wikitokiren arteko lankidetzatik sortua, aste honetan jarri du martxan bere bigarren aktibazio fasea, BBK Aretoan zabaldu berri duten erakusketa batekin eta bere jarduerak zabaltzeko asmoarekin. Artoteka ekimenaren arduradunak diren Laura Díez García, Oihane Sánchez Duro, Iranzu Guijarro Plaza eta Marina Urrutikoetxea Garcíarekin egon gara proiektua gertutik ezagutzeko.


Zer da Artoteka? Zein da bere jatorria?

Artoteka arte-bitartekaritzako proiektua da, artelanen maileguan eta artistekin bitartekaritza-jardueretan oinarrituta.

Arte garaikidea zabaltzeko eta hedatzeko modu berriak sortu, arte garaikidea eta gizarte-sarea lotzeko bideak eraiki eta artisten ekonomian eredu berriak bultzatzeko beharretik sortua da.

Era berean, Artoteka Europako Reshape proiektuaren prozesutik sortu da. Proiektu hori praktika artistiko garaikideen hainbat problematikari buruzko ikerketa eta ekintza-proiektua da, eta Europako kultura-erakundeen sare batek bultzatzen du. 2019ko hasieratik 2021eko hasierara arte, Sarean, Karraskan eta Wikitokirekin batera, hirurak hautagaitza batean parte hartu genuen Reshapen, arteak gizarte-sarean duen balioari buruzko lantalde baten barruan.


Proiektu zehatz honetarako, zer artista eta obra profil bilatu duzue bilduma osatzeko?

Euskadin jaio eta bizi diren hamar artistaren lanen bilduma du abiapuntu Artotekak. Bilduma honek tokiko sorkuntza garaikidearen aniztasuna eta aberastasuna erakusten ditu.

Bilduma hibridoa da, hainbat diziplinatako lanak biltzen dituena, hala nola marrazketa, argazkigintza, pintura, eskultura, bideoa, teknika mistoak, etab. Eta artisten intereseko gaiak ikusarazi nahi ditu, artea beste jakintza-arlo batzuekin lotuz.


[Maileguan hartutako obren garraioa eta instalazioa Artoteka taldearen esku dago. Argazkia: Artoteka].



Nola funtzionatzen du mailegu-plataformak?

Erabiltzaileek obra bat edo batzuk hauta ditzakete etxean, lantokian edo estudioan maileguan hartzeko. Maileguek 3 hilabete irauten dute gutxienez, eta obren garraioa eta instalazioa Artotekako taldearen esku dago. Bilduma proiektuaren webgunean dago ikusgai eta ikusleek obrak, praktika artistikoak eta artistak deskubritu ahal izango dituzte. Maileguak on-line kudeatzen dira.

Nahi izatekotan, mailegu bakoitza aktibatzeko, bitartekaritza jarduerak diseinatzen dira espazioaren eta erabiltzailearen eta artistaren beharren arabera.


Zer ibilbide izan du ekimenak orain arte?

2020 urtearen hasieran Artotekaren lehen aktibazioari ekin genion. Egindako ekintzen artean, erakusketa bat antolatu zen Azkuna Zentroko Mediateka BBK aretoan. Mediateka BBK adin eta okupazio askotariko jendea elkarrekin topo egiten duen lekua da, eta haien artean proiektua ezagutaraztea eman genuen, baita artisten obren bilduma ere, eta lehenengo maileguak aktibatu ziren.

 

[Mawatres -eskumaldean-, "Origami" lana etxe partikular batean lagatzen. Argazkia: Artoteka].


Artotekako lehen fasean, 30 lanetatik, 16 mailegu aktibatu ditugu eta hainbat bitartekaritza jarduera antolatu ditugu. Jarduera hauek elkarrekiko espazioak sortzea eta artisten eta artisten arteko ekintza kolektiboak sortaraztea dute helburu, hausnarketa kritikoa sortaraziz komunitate ezberdinekin lankidetzan.

2021. urtea zehar eta bigarren aktibazioaren esparruan, proiektua laguntzen duten Bizkaiko erakunde laguntzaileen sare bat ehundu nahi dugu. Aldi honetan, BBK erakundea gehitu da Sala BBK aretoan erakusketa bat egitea bermatuz (irailaren 13tik azaroan 5era arte ikusgai egongo dena). Erakusketak Artotekaren jatorrizko bildumako lanak erakutsiko ditu, bai eta sartu berri diren lanak ere, bigarren fasea zehar obren bilduma handitu egingo baita, bestelako bereizgarrien artean.


Arte garaikidearen hedapena eta bitartekaritza dira proiektu honen ardatz nagusiak. Zer alderdi interesatzen zaizkizue ildo honetara?

Alor konkretuan, Artotekan parte hartzen duten artistek beren tailerretan gordeta dituzten obrak zabaltzea, beste diru-sarrera batzuk sortzea, beren lana publiko zabalago eta anitzago bati ezagutaraztea eta balizko obra-erosle berriak sortzea bilatzea interesatzen zaigu. Hau da, arte garaikidea balioesten dituen testuinguruak sortarazten laguntzea.

Zeharkako alderdi batean, artisten eta komunitateen arteko topaguneak sortaraztea, obren eta horien esanahien inguruan hausnarketa kolektiboa egiteko, artistek eta erabiltzaileek izan ditzaketen interesak amankomunean jarriz.


Artoteka krisi baten testuinguruan jaio da. Nolako eragina izan du egoera horrek zuen proiektuan?

Pandemiak eragindako krisiaren aurretik, artistek egitura falta eta benetako sostengu falta sumatzen zuten beren lana balioesteko orduan.

Pandemiak tokiko testuinguru artistiko eta kulturala zeharkatzen duen prekarietatea areagotu besterik ez zuen egin. Horregatik sentitzen dugu Artotekak eredu iraunkorragoa eraikitzen laguntzen duela edo, gutxienez, Euskadiko artisten errealitatearekin eta ekonomiarekin bateragarria dela.

 

[BBK Aretoan dagoen erakusketaren irudi bat. Lanak: "Todas las mañanas del mundo", Juana García-Pozuelorena eta "Humus Moribus. Gabinete de semillas raras" Oihane Sánchez Durorena. Argazkia: Artoteka].


Nola nahi duzue etorkizunean hazten jarraitzea?

Artotekaren ekintza-lerro nagusiak indartu nahi ditugu: artelanak mailegatzea eta bildumako artistek bitartekaritza-lanak egitea, hainbat publikorekin elkarlanean.

Bigarren aktibazioa dela eta, lehen aipatu bezala, Bizkaian entitate laguntzaileen sare finko bat sortu nahiko genuke, tokiko testuinguruan gaur egungo artea baloratzen eta zabaltzen lagunduko diguna. Adibidez, herri ezberdinetan erakusketak eginez, maileguak egiteko, eta bitartekaritza lanak kontratatuz.

Ildo horretatik, arte garaikidearen "deszentralizazioan" sakondu nahi genuke, eta soilik hirikoak ez diren testuinguru heterogeneoetara hurbildu, hala nola Bizkaiko landa-eremuetara.

 

(2021eko irailaren 15ean argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana