"Crai nou / Blue Moon" produkzio errumaniarrak eskuratu du 69. Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra


  • DataIrailak 27
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

  Alina Grigorek zuzenduriko Crai nou / Blue Moon produkzioak eskuratu du 69. Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra. Epaimahai Ofizialak, bestalde, Tea Lindeburgi eman dio Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Du som er i himlen / As in Heaven filmagatik. Obra horretako aktoreak, Flora Ofelia Hofmann Lindahl, eta Jessica Chastainek (The Eyes of Tammy Faye, Los ojos de Tammy Faye) ex aequo lortu dute Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra, eta Taldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, Quién lo impide / Who’s Stopping Us film luzeko antzezle-taldeak irabazi du. Terence Daviesek Gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria lortu du Benediction lanagatik, eta Claire Mathonek, ostera, argazki onenarena, Enquête sur un scandale d’état / Undercover pelikulan egindako lanagatik. Horretaz gainera, Epaimahaiak sari berezia eman dio Lucile Hadzihalilovicen Earwig obrari.

Hirugarren urtez jarraian, lehenbiziko film batek eskuratu du Urrezko Maskorra: 2019an, Paxton Winters egilearen Pacificado / Pacified lanak irabazi zuen, eta 2020an, berriz, Dea Kulumbegashvili zinemagilearen Dasatskisi / Beginning obrak. Hain zuzen ere, azken zuzendari hori izan da aurtengo edizioko epaimahaiburu ofizial, eta erabaki dute Zinemaldiaren sari gorena Crai nou / Blue Moon filmari ematea: Alina Grigore zuzendari errumaniarraren opera primari, alegia. Errumaniako produkzio batek lehenbizikoz irabazi du Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra.

Orobat, beste hasiberri batek eskuratu du Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra: Tea Lindeburg daniarrak, Du som er i himlen / As in Heaven, filmarekin. Kasu honetan ere, lehenbiziko aldia da errealizadore daniar batek sari hori eskuratzen duena.

Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra ex aequo irabazi dute Jessica Chastain estatubatuarrak, The Eyes of Tammy Faye (Los ojos de Tammy Faye) filmean eginiko lanagatik, eta Flora Ofelia Hofmann Lindahl daniar gazteak, Du som er i himlen / As in Heaven laneko antzezpenagatik. Bestalde, Taldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra Quién lo impide / Who’s Stopping Us filmeko antzezle-taldeak eskuratu du (Candela Recio, Pablo Hoyos, Silvio Aguilar, Pablo Gavira, Claudia Navarro, Marta Casado, Rony-Michelle Pinzaru eta Javier Sánchez, beste askoren artean). Jonás Truebak zuzendua da film hori.

Terence Daviesek lehenbiziko sari ofiziala lortu du Zinemaldian, hirugarrenez parte hartu ondoren. Daviesi atzera begirako bat eskaini zion Zinemaldiak 2008an, eta aurretik The Deep Blue Sea (2011) eta Sunset Song (2015) aurkeztu zituen Sail Ofizialean. Benediction lanarekin gidoilari-lana aintzatetsi diote: Siegfried Sassoon da film horretako protagonista, I. Mundu Gerratik bizirik irten zen soldadu eta poeta antibelizista.

Claire Mathonek Argazki onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu du, Thierry de Peretti zinemagilearen Enquête sur un scandale d’état / Undercover filmean eginiko lanagatik. Mathonek 69. Zinemaldi honetan aurkezturiko lan gehiagoren argazki-zuzendari gisa ere jardun du, hala nola Céline Sciamma zuzendariaren Petite Maman (Perlak), edo Spencer, aurtengo edizioko film sorpresa, Pablo Larraínek zuzendua.

Lucile Hadzihalilovicek parte-hartzeak bezainbeste sari ditu Donostia Zinemaldian. New Directors Saria eskuratu zuen Innocence (2004) lehen film luzearekin, eta bigarren lanak, Evolution (2015), Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Sail Ofizialean. Eta aintzatespen hori bera lortu du Earwig hirugarren filmarekin, “subkontzientea atzemateko duen gaitasunagatik eta anbizioagatik”. Lehenbiziko aldia da zinemagile beraren bi filmek Epaimahaiaren Sari Berezia irabazten dutena.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana