Arantxa Ibez de Opacua: "Kultura artistengandik sortu behar da, eta guk hor egon behar dugu haiei laguntzeko"

  • Arantxa Ibez de Opacua:

  • DataIrailak 30
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua

Vital Fundazioaren kultura-saila ezagutuko dugu, Arabako lurraldean kultura bultzatzeko, herritarren parte-hartze aktiboa sustatzeko eta egitura desberdinak babesteko gunea.

2020an, Vital Fundazioak 1,5 milioi euro baino gehiago bideratu zituen, guztizko aurrekontuaren %20, kultura sustatzeko eta garatzeko, bai bere jardueretarako, bai lurraldeko kanpoko eragileekin lankidetzan aritzeko. Horrela, helburu nagusietako bat betetzen da: arabarren aurrerapen kulturala bultzatzea.

“Kultura gizarte-ekintzarekin lotuta egon da beti. Gaur egun, kultura eta gizartea, jarduteko bi ardatz nagusi, bananduta daude, baina horiek batzeko lanean ari gara; kultura tresna sozial gisa erabiltzea eta elementu eraldatzailea izatea nahi dugu“, adierazi du Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak.

Fundazioak bi kultur zentro ditu: erakusketa Zentroa eta Kulturunea. Bi gune horietan garatzen dira jarduera gehienak, milaka gasteiztarrentzat ezinbesteko hitzorduak. Hala, urtero egiten dira Astearte Musikalak, Euskal Zinemaren Astea, Zinema Dokumentalaren Astea, Menditour edo Arte Vital Lehiaketa, baita erakusketak, hitzaldiak eta kontzertuak ere. Gainera, Arabako Vital Programak duela hamarkada bat baino gehiagotik darama kultura Arabako txoko guztietara.Dendarabako Kulturunea zuzeneko kulturarako gunea da./ Endika Portillo

Laguntza eta lankidetza

Fundazioak berak bultzatzen dituen programez gain, fundazioak hainbat eragileri laguntzen die proiektuak garatzen: “Kultura artistengandik sortu behar da, eta guk hor egon behar dugu haiei laguntzeko. Urtean 30 lankidetza-hitzarmen baino gehiago sinatzen ditugu, eta urteko laguntza-deialdi bat egiten dugu oraindik gurekin lan egiten ez dutenentzat edo proiektu berriak aurkezten dituztenentzat. Oso gutxi dira erantzunik gabe geratzen direnak “, azaldu du Arantxak.

Vital Fundazioak era guztietako proposamenak babesten dituela baieztatu du. Aintzat hartzen da izaera berritzailea izatea, irtenbide berriak eta gizarte-eraldaketa sortzea, bestelako laguntza instituzionalak izatea, aurreikusitako gizarte-eragina eta onuradunen kopurua, Arabako gizartean duten ikusgarritasuna eta euskararen erabilera, genero-berdintasuna eta gizarteratzea sustatzea, besteak beste. “Ez dira irizpide mugatzaileak, ez dugu epaile izan nahi. Lehen aukera beti ematen dugu“, esan du zuzendariak.Erakusketa-zentroa, Posta kalean. / Endika Portillo

Arantxaren arabera, fundazioa “beharrezko laguntza” da gaur egun kultur eragile askorentzat: “Proiektu batzuk erakundeen laguntza izango duten ala ez jakin gabe abiatzen dira, eta ezinbestekoa da guk ziurtatzen diegun aurrekontuaren zati bat izatea. Erakunde publiko bat exijitzeko irizpideak ditugu, baina baita hainbeste eskertzen duten malgutasuna ere”.

Era berean, Vital Fundazioak harremanak ditu eta lankidetzan dihardu Sorgune bezala ezagutzen diren Arabako Sormen Fabrikekin. “Ezagutzak eta dirua barreiatzen dituzte, sortzaileen eta gure arteko bitartekari lanak egiten dituzte. Oso tresna baliagarria da egitura txikienetara iristeko eta horiei laguntzeko”.

Adibidez, gaur egun, Vital Fundazioak Azala Espazioarekin elkarlanean dihardu kultura-kudeaketako prozesuetan irudimen kolektiboa lantzen duen LAB-A laborategi batean. “Sorkuntza eta berrikuntza babestea beharrezkoa da artistek beren lana egin ahal izan dezaten. Esperimentatzeko leku hori gabe, ez da ideia berririk sortzen”, esan du.

 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana