GAUEKOAK, Gasteizko gazteen aisia eta kultura erreferentea

  • GAUEKOAK, Gasteizko gazteen aisia eta kultura erreferentea

Bi hamarkada baino gehiago dira Gasteizko Udalak kultura, kirola, sormena eta aisialdiko jarduerak uztartzen dituen programa aitzindari bat abian jarri zuela, gazteei aisialdi osasungarrirako aukera bat eskaintzeko. Eurek eta euren neurrira sortutako ekimena da Gauekoak, interesatzen zaizkien eta kezkatzen dituzten gaiei buruzkoa. Izaskun Laorden, proiektu honen udal arduradunak bere arrakastaren gakoak azaldu dizkigu eta aurkeztu berri den 2021eko udazken-neguko programako zenbait jarduera nabarmendu dizkigu.


Zein da Gauekoak programaren jatorria? Zein helbururekin abiatu zen?

Gauekoak 2000.urtean sortu zen, “Disfruta la noche – Gaua gozatu” leloarekin, 14 eta 30 urte bitarteko gazteei asteburuetan aukera egonkor bat eskaintzeko asmoz, betiere aisialdi osasungarri bezala.

Esperientzia berri horrek balio izan zuen Gasteizko gazteen gustuak eta beharrak hobeto ezagutzeko gazteengandik, programazio gertuagoa batekin.  


Hogei urte baino gehiago pasa dira. Zein izan da ekimenaren ibilbidea denbora honetan guztian?

Esperientzia zabala zuen hiriko gazteen elkarte talde batek, Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuarekin batera, amakomuneko lana aurrera eramaten zuten.

Lan partekatu eta koordinatu horren atzean elkarte horien lana sustatzea zegoen, programaren arlo zehatzetan kogestio-ardurak bere gain har zitzaten.

Hasieran batean, Alde Zaharrean hiriko erreferentea den Aldabe Gizarte Etxean antolatzen ziren jarduerak, ostiral eta larunbat gauean eta igande arratsaldetan. Urteak igaro ahala, Gauekoak hiriko espaziotara zabaltzen joan da, bere jarduerak auzo ezberdinetara hurbilduz eta Gasteizko musika, kultura eta sorkuntza espazio erreferentetan agertuz.

Gauekoak hiriko gazteen aisialdi alternatibo eta osasungarriaren abiapuntu bihurtu da beraien interesez, gustuez eta beharrez hitz egiteko orduan, beti ere ikustarazten gazteriak zer ekarpen egiten dioten gizarteari bere potentziala, sorkuntza eta ekimenen bidez.

 




Aipatzen duzunez, hiriko gazteek parte-hartze zuzena dute programa honetan. Nolakoa izaten da kudeaketa?

Programazioa osatzerako orduan garrantzitsua da guretzat gazteei bideratutako aukera interesgarriak garatu eta eskaintzea. Bai jardueretan parte hartzeko, baita aipatu duzuen bezala, haien parte-hartze zuzena bultzatzeko.

Aspaldi ireki zen Gauekoak-en programazioa osatzeko proiektu poltsa, aukera honen bidez, gazteek haien proiektu-ideiak eta proposamenak bidali eta aukeraketa bat egiten dugu, programazio bakoitzari hobekien egokitzen zaizkion jarduerak aukeratuz.

Prozesu horretan, haiekin lankidetzan aritzen gara koordinazioan jarduera garatu behar den egunera arte.  


Gauekoak-ek kulturartekotasuna, genero-berdintasuna edo ingurumenarekiko errespetua bezalako gaietan eragina duten jarduerak antolatzea sustatzen du. Zuen esperientziaren arabera, zer garrantzi ematen dio gazteriak?

Egungo gazteak geroz eta garrantzi handiagoa ematen diete arazo hauei guztiei eta guretzat ere, programazioa prestatzeko orduan kontutan izan behar dugun zerbait bihurtzen da.

Askotan egin izan ditugu elkarlanak gai hauek jorratzen dituzten hiriko eragileekin batera eta beti nabaritu izan dugu gazteen erantzun positiboa. Nabaritu daiteke gazteriak geroz eta konpromiso handiagoa duela jasaten ditugun problematika hauekin.

 




Gazteek oso modu zuzenean jasan dituzte COVID-19ren krisia eragin duten murrizketak azken urte eta erdian. Zer lan-ildo garatu dituzue udazken honetarako, egoera hori kontuan hartuta?

Denon jakinean dira azken urteko murrizketak eta nola baldintzatua ikusi dugun gure burua elkarrekin egoterako orduan edo aisialdi jarduerak prestatzerako orduan. Gauekoak programatik hasiera batetik argi izan genuen nahiz eta murrizketa horiek guztiek gure lana baldintzatu, aurrera egin behar genuela gure programazioarekin, uste dugulako aisialdia eta kultura, alor garrantzitsua direla gazteen garapenerako.

Beraz, hau da pandemia garaian antolatzen dugun hirugarren denboraldia, eta aurrekoetan bezala, martxan jarri gara, noski, momentuko segurtasun baldintza eta arau guztiak bermatzen, programazio berritzaile eta era askotako aukerak eskainiz.


Denboraldi honetako jarduera zehatzen bat nabarmendu nahiko zenukete?

Udazken-neguko programazioan proposatu ditugun Euskarazko Irakurketa Klubak, esate baterako, zeinetan hilabeteko azkenengo asteazkenetan XXI. mendeko idazle euskaldun gazteen proposamen literarioen inguruko eztabaida gune bat sortuko den “Gorputz Madarikatuak”, “Lazunak azkazaletan”, “Erraiak” eta “Alde erantsira nabil” bezalako liburuekin.

Musikaren alorrean ere, urtero bezala aipatzekoa dugu M-fest! jaialdia, inposiziorik gabeko espazio bat sortu eta emakume artisten lana sustatzea da. Horrela, oro har gizonezkoek okupatzen dituzten espazioetan emakume musikarien parte-hartzea bultzatu, normalizatu eta ikusaraztea helburu duena.

 



Aipatzekoak ditugu ere gizarte-arazoak lantzen dituzten bi lantegi: “Jokoa aldatu” non jokoarekiko menpekotasunaren problematika landuko dugun jokoarekiko mendekotasunari eta on line jokoari buruzko hitzaldiekin eta arazo horiek lehen pertsonan bizi izan dituzten preso edo aske dauden pertsonen mintzaldiekin alde batetik eta “Project Magazine, lodifobiaren aurkako lantegia” bestetik.

Lantegi honetan, aldizkariek emakumeei buruz proiektatzen duten irudiaren azterketatik abiatuta, irudiak eta hauek finantzatzen dituzten komunikabideek genero-rol bitarren erreprodukzioan duten eraginari buruz, arauz kanpoko korporalitateak ikusezin egiteari buruz, kultura anitzeko erreferenterik eta sexu eta afektibitate-aniztasuneko erreferenterik ez izateari buruz eta abarren inguruan hausnartuko dugu.

Gauekoak programaren zer alderdi hobetu edo sustatu nahi dituzue etorkizunera begira?

Gazte-sare indartsuak ehuntzen joatea gustatuko litzaiguke.

Gauekoak programa gazteen espazio erreferente bihurtu eta geroz eta gazte gehiago jardueretan parte hartu eta hurbiltzea dugu helburu bezala.

 

(2021eko urriaren 6an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana