Irakurketa Erraza, pertsona guztien informaziorako eta kulturarako eskubidearen alde

  • Irakurketa Erraza, pertsona guztien informaziorako eta kulturarako eskubidearen alde

Irakurketa Erraza – Euskadi erakundea informazioa eta kultura pertsona guztientzat irisgarriak, inolako muga edo oztoporik gabekoak, izan behar direlako konbentzimendutik jaio zen. Funtsean, erakundearen lana irakurgaien egokitzapena sustatzen duen demokratizazio-kontzeptu hori zabaltzea da, irakurgaiak literarioak izan ala ez, pertsona guztiek eduki ezberdinak uler ditzaten. Ekimena martxan jarri zenetik egin duen ibilbidearen eta etorkizunerako asmoen berri eman digu ekimena gure lurraldean sustatzen duen Blanca Matak.


Zer da Irakurketa Erraza-Euskadi ekimena? Nola definituko zenuke?

Irakurketa Erraza-Euskadi 2013. urtearen amaieran sortu zen erakunde bat da, eta, hain zuzen, EAEn jarduera horri dagokionez zegoen hutsunea estaltzeko helburuarekin sortu zen. Irakurketa Errazaren kontzeptua sustatzeko eta zabaltzeko erreferentzia-zentroa gara, betiere ulertuta irakurketa erraza irisgarritasun kognitiboa sustatzeko tresna bat dela, irakurketa eta informazioaren kultura irisgarriak izan daitezen pertsona guztientzat.


Zein arlotan egiten duzue lan?

Une honetan irakurketa errazaren gaineko prestakuntza eskaintzen diegu, printzipioz, irakurtzeko edo ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten duten profesionalei. Horrez gain, irakurketa errazeko klubak dinamizatzen ditugu liburutegietan eta beste zentro mota batzuetan. Azkenik, gure hirugarren zeregina testuak irakurketa errazaren eta hizkera argiaren nazioarteko estandarretara egokitzea da...

Gauzak horrela, hirugarren sektoreko erakundeentzako, editorialentzako eta abarrentzako proiektuetan hartzen dugu parte.


Zer nolako garrantzia du erakundeekin, editorialekin edo bestelako entitateekin lankidetzan aritzeak zuen zereginetan?

Zalantzarik gabe, lankidetzan aritzea funtsezkoa da; izan ere, gure lurraldean irakurketa errazeko proiektu bat egiteko, ezinbestekoa da eragile asko inplikatzea. Hau da, dagokion esparruko profesionalek hartu behar dute parte, baina baita irakurketa erraza eta irisgarritasun kognitiboa, gardentasuna, gizarte-inklusioa... sustatzen duten erakundeek ere. Beste era batera esanda, irakurketa erraza herritar guztiek informazioa jasotzeko eskubide gisa ulertzeko beharrezkoak diren gainerako kontzeptuak sustatu behar dira, baina arreta irakurtzeko edo ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonengan jarrita; hain zuzen, pertsona horiek herritarren % 30 hartzen dutelako.

 

[Irakurketa Erraza - Euskadi taldeko kide batzuk].


Editorialekin, nola ez. Kasu honetan, literaturara bideratutako irakurketa errazeko materialak egon daitezen, argitalpenak egingo dituzten editorialak behar dira. Ildo beretik, gainerako erakundeak ere beharrezkoak dira, bai irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten dutenak, bai hartzaileei informazioa modu argi, sinple eta eraginkorrean helarazteko interesa dutenak; izan ere, azken finean, helburua da denok egitea bozgorailu-lana, tresna bera eta bere garrantzia ezagutzera emateko eta herritar guztientzat eta, bereziki, kolektibo zaurgarrienentzat dituen onuren berri emateko...

Denok daukagu zeregina horretan, eta aukera dugu gure eguneroko lanean ekimena zabaltzeko, sustatzeko eta proiektuak eta egitasmoak egiteko…


Euskarazko literaturari dagokionez, zein pisu du material mota horien ekoizpenak?

2013an Irakurketa Erraza - Euskadi sortu zenean ez zegoen euskarazko ekoizpenik; literatur lan guztiak gaztelaniazkoak ziren. Horixe izan da, beharbada, urte hauetan guztietan lantzeko alderdirik zailena. Izan ere, konplikatua izan zen aurkitzea irakurketa errazeko materialak euskaraz sortu edo egokitzen zituzten idazleak, lan horiek argitaratzeko editorialak, etab.

Horregatik, oso oso material gutxi dago. Azken urteotan egoera hori konpontzeko kanpainak egin ditugu; izan ere, gaztelaniazko materialekin konparatuta, alde izugarria dago: une honetan, hogei bat liburu egongo dira euskaraz, eta, gaztelaniaz, ostera, bostehun baino gehiago.

Beraz, zentzu horretan, lan handia dago oraindik egiteke. Paradoxikoki, irakurketa errazeko euskarazko klubak desagertzeko arriskuan daude, ez daukatelako material berririk.

Une honetan euskaraz argitaratzen ari den editorial bakarra La Mar de Fácil da. Kataluniako editorial bat da, gaztelaniaz eta katalanez argitaratzen duena, eta aurretiaz egindako lanak euskarara itzultzen ari da orain. Eta, bestalde, guk, Lectura Fácil-Euskadi / Irakurketa Erraza erakunde gisa, editorial-lanak egin behar izan ditugu. Dagoeneko bost liburu argitaratu ditugu (seigarrena bidean dago). Almadraba editorialak Kalafate sailaren barruan argitaratutako literatura unibertsaleko klasikoen euskararako itzulpenak dira.

Hala ere, azpimarratu egin nahi dugu oraindik ere bide luzea dagoela urratzeke; horregatik, eragile ezberdinak bidelagun izatera animatzen ditugu. 


Irakurketa-klubek literatur ekoizpena erabiltzaileen sare zabal bati helarazten lagundu dute. Profil zehatzik al dute talde horietan parte hartzen dutenek?

Bai, noski. Hori horrela da, hain zuzen, klub horiek, printzipioz, irakurtzen dutena ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonei daudelako zuzenduta. Dena den, irakurketa-klub batzuetan inolako arazo kognitiborik ez duten pertsonak ere badaude.

Gure hartzaileetako batzuek zailtasun iraunkor edo iragankorrak izaten dituzte, beste batzuek desgaitasun intelektualak; hizkuntza ezagutzen ez duten immigranteak ere badauzkagu: adinduak; autismoa, afasia edo bestelako nahasmenduak dituzten pertsonak; jaiotzetiko gorreria edo gorreria goiztiarra dutenak; irakurtzeko ohiturarik ez duten pertsonak; analfabeto funtzionalak; dislexia, ADHN, HNE eta beste ikaskuntza-nahasmendu batzuk dituztenak...

Gaur-gaurkoz, Euskadin irakurketa errazeko 170 bat klub daude. Ia guztiak egiten dira gaztelaniaz, baina euskarazko batzuk ere badauzkagu. Horietako gehienetan euskara ikasten ari diren pertsonak aritzen dira. Esaten ari nintzen bezala, Euskadin, beren espazio propioak dituzte arestian aipatutako kolektiboek, nahiz eta horrek ez duen esan nahi hainbat profiletako pertsonak biltzen dituzten klubak ez daudenik.

 

[Irakurketa-klub bat, dinamika bete-betean]


Zein eragin izan du COVIDaren ondoriozko krisialdiak proiektuan?

Hasiera batean, irakurketaren dinamizazio-lanetan izan zuen eraginik handiena; izan ere, bilerak liburutegi publikoetan edo beste espazio batzuetan egiten dira, eta eten egin behar izan ziren, gainerako kultur jarduerak bezalaxe. Hala ere, klub batzuek jarraitzeko saiakera egin zuten teknologia berrien eta bilera birtualen bidez. Horrek, de facto ireki digu aukera ugari ematen dituen beste ate bat.  

Zentzu horretan, pandemiak agerian utzi zuen eskaria handia den arren, eskaintza eskasa –eta, edonola ere, urria– dagoela irakurketa errazeko formatua duten liburu elektronikoei dagokienez. Pertsona batzuek mota horretako materialak eskatu zituzten, eta ezin izan genion eskariari erantzun material gutxi zegoelako. Hala ere, ezinbestean aitortu behar dugu horretan E-liburutegiak EAEn egindako lana, herritarrek eskuratzeko moduan jarri baitzuen dagoen material urria.

Bestalde, pandemiak enpatia-ariketa bat egitera eraman gaitu. Krisialdi honetan informazio paralelo ugari sortu da (ABEEEak, lan-egoerari buruzko beste gai batzuk, osasun-egoerarekin zerikusia duten neurriak, faseen eguneratzea...). Kasu askotan, irakurketa errazera egokitu behar izan ziren, denak baikeunden larrialdi-egoeran, jasotzen genuen informazio hori modu egokian ulertzeko zaurgarri... Horrek agerian utzi du ezinbestekoa dela batez ere administrazioek informazio argia, sinplea eta ulergarria ematea, inor atzean utziko ez duena.


Estatuko Irakurketa Errazaren Sareak urteko topaketa egingo du azaroaren 19an eta 20an. Zein izango dira edizio honetako gakoak?

Urteko topaketa beti egiten da aurrez aurre irakurketa erraza oso garatua ez dagoen autonomia-erkidegoren batean, hain zuzen, arlo horretan sakontzen jarraitzeko beharra azpimarratzeko. Alabaina, zortzigarren edizio hau lehen aldiz egingo da online, COVIDak eragindako egoeragatik. Egitarauari ezin zitzaion beste ikuspegi bat eman. Izenburua “Contenidos accesibles en momentos de cambio” da, eta zerikusia du pandemiaren eraginarekin eta, batez ere, konfinamenduak ekarri zituen aldaketekin (herritar guztien isolamendua eta defentsarik eza, baina, batez ere, irakurketa errazaren erabiltzaileena, egoera horietan are zaurgarriagoak direlako). Pertsona batzuek muturreko isolamendu-egoerak bizi izan dituzte (egoitzetan edo etxeetan, gizartean sustraitutako sare sendorik gabe). Irakurketa pertsona horietako askoren babesleku izan da, eta agerian geratu da oso tresna erabilgarria dela normaltasunera itzultzeko.

Jardunaldiaren helburuak hauek izango dira: irakurketa-ekimenak ezagutzera ematea eta oinarri batzuk ezartzea irakurketa errazaren erabiltzaileak ez daitezen atzean geratu bide berrian, eta, horretarako, agerian utziko da kolektibo horiekin lan egiten duten profesionalei edukiak eta kalitatezko prestakuntza eman behar zaizkiela, oinarriok aplikatzea posible izan dadin.

Irakurketa Erraza – Euskadik Lina Ugarteren hitzaldiaren bidez hartuko du parte. Gipuzkoan euskarazko eta gaztelaniazko irakurketa-klubetan lanean diharduen lankide bat da, eta gure esperientziaren berri emango du.

 

Zein dira Irakurketa Erraza-Euskadiren berehalako erronkak?

Gure helburua da Irakurketa Erraza – Euskadi abiatzera eraman gintuzten asmoekin jarraitzea; hau da, kontzeptu hori gizartean, hezkuntzan, kulturan, administrazio publikoetan... ezagutzera ematea; erreferentziazko zentro gisa dugun rola indartzea eta, batez ere, gutxien garatuta dauden alderdiak hobetzea, besteak beste lehen aipatu dugun irakurketa errazerako euskarazko materialen edizioa.

Zentzu horretan, datorren asteburuan (azaroak 6 eta 7), bigarren aldiz egingo dugu Bigarren Eskuko Liburuen Azoka euskarazko materialak argitaratzeko finantzazioa lortzeko. Hau izango da leloa: “Liburu bat eros ezazu beste berri bat argitaratzeko”. Azkuna Zentroko Mediatekarekin lankidetzan egindako ekimen bat da: liburutegitik kendu dituzten funts bibliografikoak laga dizkigute, eta guk 1 eta 5 € bitartean salduko ditugu. Egoera bikainean dauden mota guztietako liburu eta irakurgaiak dira. Merkatu txikian bildutako diru guztia irakurketa errazeko euskarazko liburu gehiago argitaratzera bideratuko da.

Horrenbestez, honako hauek dira gure helburuak: gure lanarekin jarraitzea eta are gehiago indartzea, batetik, eta erakunde laguntzaileen sarea handitzea, bestetik. Gaur egun, hirurogeita hamar bat lankide ditugu. Zenbat eta pertsona eta erakunde gehiagok lagundu lan hau ezagutzera ematen eta ekimenak eta proiektuak sortzen, orduan eta lehenago izango da errealitate edo egoera normalizatua.

Eta, tira, egiteke dagoen lan guztia gorabehera, aipatu behar da une honetan Euskadi dela irakurketa erraza gehien garatuta daukan bigarren autonomia-erkidegoa, Kataluniaren atzetik, non 2002an sortu zen irakurketa errazaren ekimena.

 

(2021eko azaroaren 3an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana