BBDW: Sormena eta diseinua, etorkizun hobeak irudikatzeko gakoak

  • BBDW: Sormena eta diseinua, etorkizun hobeak irudikatzeko gakoak

Garai zailak, aldaketa-garaiak bizitzen ari gara, eta ezinbestekoa da berehalako erronkei –ekologiari, demografiari, teknologiari... dagozkionak– aurre egiteko lagungarriak izan daitezkeen tresna guztiak probatzea. Diseinuak inguruabar horietan izan dezakeen rola eztabaidaezina da. Horretaz konbentzituta, gaur, azaroak 18, hasiko da Bilbao Bizkaia Design Week astea, hiriko eta lurraldeko sormen-industrien garapenerako, prestakuntzarako eta sustapenerako erakusleihoa. Marije del Blanco, Bilbao Ekintzako langilea, eta Lucía GrañaBEAZeko langilea, dira BBDW astearen antolatzaileetako bi, eta ekimenaren gakoen berri eman digute.


Zein da ekitaldiaren jatorria? Zein helbururekin jarri zenuten martxan?

Aurtengoa Bilbao Bizkaia Design Week ekitaldiaren 7. edizioa da, eta Bilbo UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarean Diseinuaren Hiri gisa sartu zenean jarri zen martxan. 2013an eta 2014an diseinuari buruzko egun bakarreko ekitaldiak egin ziren, eta 2014an egin zen lehen aldiz astebeteko formatuan.

Ekimenaren helburua da diseinuak eta sormenak, batetik, eta lurraldeko talentu sortzaileek, bestetik, lurraldeari eta ekoizpen-sektoreei egin diezaieketen ekarpena erakustea.


Zein ibilbide egin du zazpi urteotan?

BBDW garatzen joan da azken urteotan, eta 2017az geroztik edizioaren gaia ezartzen duen kuradoretza-talde bat du. Gai hori egiten diren jarduera eta erakusketa gehienen ildo nagusia da.

Halaber, sormenaren arloko eragile eta profesional ugarik egin dute bat ekimenarekin, bai jardueretan parte hartuz, bai programatutako jardueraren bat eginez.


Hitzordu honetan enpresa, profesional eta erakunde ugarik hartzen dute parte urtero. Zein dira egitarauaren arrakastarako gakoak?

Gure ustez, egitarauaren arrakastarako gakoa, neurri handi batean, lankidetza publiko-pribatua da; izan ere, egitarauaren zati bat lankidetzan prestatzen dute sormenaren arloko eragileek eta profesionalek, unibertsitateek eta sektoreko enpresek.

Hori da, zalantzarik gabe, ekimenaren indarguneetako bat.


“Bidegurutzeak eta trantsizioak” da aurtengo edizioaren goiburua. Zein dira sektoreak aldaketa-testuinguru honetan dituen erronkak?

Pandemiaren aurretik ere, testuingurua etengabe aldatzen ari zen, baina pandemiak are gehiago azkartu du prozesua. Horregatik, esparru guztietatik premiaz jorratu behar diren eraldaketa eta erronka handien une historiko bat bizitzen ari gara.

Zentzu horretan, profesionalak ezinbestean egokitu behar dira, beste sektore batzuetan bezalaxe, aldaketen erritmora eta egungo ziurgabetasun-egoerara. Hala eta guztiz ere, beste sektore batzuei aldaketa horietara egokitzen lagundu diezaieketen gako sektoreak ere badira.

Klima-aldaketak, osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisialdiek, biztanleak zahartzeak, aurrerapen teknologikoek eta eraldaketa digitalak... bizitzeko, egiteko eta jasangarriagoak, inklusiboagoak eta sortzaileagoak izateko modu berrietara hurbiltzen gaituzte, bai eta partekatutako etorkizun atsegin eta seguruagoak irudikatzera eta horietara jotzera ere. Sormena eta diseinua etorkizun horiek irudikatzeko eta sustatzeko gakoak dira.


Ekimena aurrez aurrekoa izango da berriz ia osorik. 2021eko egitarauko zein jarduera azpimarratuko zenukete?

Zalantzarik gabe,Opening Conference jardunaldia azpimarratu nahi dugu. Jardunaldi inspiratzailea izango da, diziplina, esparru eta lan-ildoak bilduko dituena, orainaren eta etorkizunaren gaineko ikuspegi ezberdinak dituzten hizlari inspiratzaile eta erreferenteen hitzetatik abiatuta. Bilbao Bizkaia Design Week asteko jarduerei hasiera emango dien ekitaldia da, eta bertan, testuinguruan jarriko da edizio honetako gaia: Bidegurutzeak eta trantsizioak.

AMBER CASE (online) - Designing Calm Technology
FRANCESCA PERONA - Diseño centrado en los materiales
MARIANA SALGADO - Fluidez y permeabilidad. Entre el trabajo de diseño en el gobierno y en un podcast
GINTARAS BALCYTIS - Genius Loci o tres formas de "tránsito" del espacio al lugar

Ekimen honekin abiatuko da azaroaren 25era arteko egitarau interesgarria.

 

(2021eko azaroaren 18an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana