Abenduaren 4an, Kontatzeko beste modu bat: emakumeen presentziak, absentziak eta irudikapenak Donostia Zinemaldian (1953-1978)’ jardunaldia egingo da Tabakaleran; zenbait hitzaldi egingo dira eta film bat proiektatuko da
Elías Querejeta Zine Eskolako ikerketa-taldeak jaialdiaren historia bisuala aztertu du Zinemaldiaren artxiboan eta Kutxateka bilduman gordetako argazkien bidez
Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa-proiektuko hirugarren programa publikoak Zinemaldiaren historiako lehen hiru hamarkadetan emakumeak irudikatzeko eta ezkutatzeko erabilitako mekanismoak aztertuko ditu. Kontatzeko beste modu bat: emakumeen presentziak, absentziak eta irudikapenak Donostia Zinemaldian (1953-1978) izenburupean, abenduaren 4an (larunbata) izango da hitzordua, Tabakalerako zinema-aretoan, eta zenbait hitzaldi eta Kilenc Hónap / Bederatzi hilabete (Márta Mészáros, 1976) filmaren proiekzioa eskainiko dira.
Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatu dute jardunaldia, Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundearen babesletzarekin. Zinemaldia 70 proiektuak Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren, Euskadiko Filmategiaren eta Kutxa Fundazioaren lankidetza dauka, eta helburu du Zinemaldiaren artxibo bizi bat sortzea. Lehen fasea 2022an, 70. edizioan, amaituko da.