Hezi-Ola: euskalgintza, kulturgintza eta aisialdi hezitzailearen elkarlana. Ibiltzeko bidea

  • Hezi-Ola: euskalgintza, kulturgintza eta aisialdi hezitzailearen elkarlana. Ibiltzeko bidea

Hezkuntzan, euskalgintzan, kulturgintzan eta aisialdi hezitzailearen arloan aritzen diren eragileak elkartu dituen hitzaldi ziklo interesgarria antolatu du Gasteizko Udalak azken hilabeteotan. Lau saioren bitartez, hasieran planteaturiko galdera erantzuten saiatu dira: “Zer jakin beharko luke gasteiztar batek euskarari eta euskarazko kulturari buruz, derrigorrezko hezkuntza amaitzen duenean?”. Bihar, urtarrilak 12, amaierako saioa eskainiko dute eta xehetasun guztiak ezagutzeko Mertxe Berasategirekin mintzatu gara, Gasteizko Udalaren Euskara Zerbitzuko normalizazioko teknikaria eta Hezi-Ola programaren arduradunetako batekin.


Zer helburu bilatzen zenituzten programa honen diseinuarekin?

Gasteizko Euskara Sustatzeko VI. Ekintza Plana diseinatzeko momentuan, honako hausnarketa hau egin genuen bertan parte hartu genuenon artean: “Euskaltegiekin batera, eskola izan da Gasteizko euskararen aurrerabidearen eragile nagusia. Hezkuntza arloko eragileek, datozen urteetan ere, funtsezko papera jokatu behar dute, Gasteizen euskara indarberritzeko. Inork ez du ukatzen hezkuntzan bertan, oraindik ere, badagoela zereginik, baina, Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren baitan, berariaz landu beharreko arloa baino areago, euskararen erabilera azkartzeko baliabidea eta plataforma da hezkuntza”.

Planak erronka gisa jasotzen du hezkuntza arloan eragileen arteko koordinazioa eta lankidetza bermatzeko egitasmoak eta egiturak abian jarri behar direla.  Eta erronka horren barruan bi ekintza proposatzen dira: batetik, Hezkuntzaren mahaia osatu, Gasteiz edo Araba mailan, arloko eragile nagusiekin, koordinazio iraunkorra bermatzeko eta hezkuntzatik zer nolako ekarpenak egin daitezkeen erabakitzeko, eta bestetik, Gasteizko Euskal curriculumari buruzko proiektua abian jarri.

Erronka eta proposamen horiei erantzuteko, Araba Hezitzaile lantaldea osatu genuen Gasteizko Berritzeguneak, Aldundiko Euskara Zerbitzuak eta Udaleko Euskara eta Hezkuntza Zerbitzuek. Bertan, herri curriculuma nola landu aztertu genuen eta hortxe mamitu zen hitzaldi ziklo hau egitearen ideia.

 

[1. saioa. "Gasteizen herri curriculuma ehuntzen"].



Euskalgintza, kulturgintza eta aisialdi hezitzailea lotu dituzue, betiere Hezkuntzaren ikuspegitik. Zergatik interesatzen zitzaizkizuen zehazki hiru ardatz horiek?

Programaren abiapuntua galdera hauek izan dira: Euskararen eta euskalgintzaren ikuspegitik, zein dira Gasteizko (edo Arabako) gazte batek derrigorrezko hezkuntza amaitzen duenean euskarari buruz eta Gasteizi buruz jakin beharko lituzkeen gutxieneko edukiak? Eduki horiek nola eraman beharko genituzke ikastetxeetara? Eta Udalak  zertan lagundu dezake?

Galdera horri modu koherente eta osatuan erantzuteko, ezinbestekoa iruditu zaigu hezkuntzako eragileak beste hiru komunitaterekin harremanetan jartzea, erantzun partekatuak bilatzeko: euskalgintzarekin, euskararen inguruan diharduen komunitatea delako; euskarazko kulturgintzarekin, euskal kultura helarazi nahi diegulako ikasleei, eta  aisialdi hezitzailearen inguruan lan egiten duten kolektiboekin, hezkuntza modu zabalean ulertzen dugulako eta eskolatik harago doalako.

Espazio bat sortu nahi izan dugu, arlo ezberdinetako eragileen artean eztabaida pizteko euskara indarberritzeko hezkuntzak dituen erronkei buruz, eta  elkarlanerako aukera berriak identifikatzeko.


Aurreko jardunbide egokirik topatu dituzue? Zein adibide izan dituzue hizpide?

Bai, noski, oso jardunbide egoki eta aberasgarriak plazaratu dituzte hizlariek.

Lehen saioan, Herri Curriculuma izan zen gaia, eta Oñati eta Aramaioko esperientziak ezagutuko genituen Mari Carmen Garrido eta Josu Zubiaren eskutik: zer egin duten, nola, zer oztopo izan dituzten, zer emaitza lortu dituzten eta abar. Saio horretan oso batez ere metodologiaren alderdia hartu genuen ikasgaitzat.

Bigarren saioan, Iñaki Lazkanok azaldu zigun nola iritsi garen Gasteizen gauden tokira, eta horretarako arlo hauek aztertu zituen: historia (eta filologia) pixka bat; euskara eta irakaskuntza Gasteizen; euskara eta gizarte mugimenduak;  helduen alfabetatze eta euskalduntzea, eta Gasteizko kultura euskalduna. Ondoren Kike Amonarrizek azaldu zigun zer jakin beharko luketen hemengo gazteek. Horretarako, urteetan landu dituen unitate didaktiko batzuk (Tribuaren berbak eta Hizkuntzarekin jolasean) aurkeztu eta nola erabili irakatsi zigun.

Hirugarren saioan, Xabier Payak Oinarrizko Kultur Saskiaren ideia azaldu zuen eta zenbait pista eman zizkigun eskolan euskarazko kultura-kontsumoa eta -sorkuntza areagotzeko. Ondoren, Itziar Lafuente eta Amets Carrillo  irakasleek azaldu ziguten nola landu duten Gasteizen Oinarrizko Kultur Saskia, hau da, Xabier Payaren proposamena, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan.

 


[2. saioa. "Euskararen bidegurutzean... jakin, egiten jakin, izaten jakin"].

 

Topaketak joan den urriaren 13an hasi eta aste honetan amaituko dira. Zer erantzun izan dute? Zer ondorio jaso dituzue orain arte?

Oso erantzun ona izan dute;  saio bakoitzean dinamika parte hartzaileak gauzatu ditugu, eta oso harrera ona izan dute.

Bestalde, parte hartzaileak hasieratik agertu dira prest aurrerantzean elkarlanean aritzeko sortzen diren proiektuen inguruan. Horrek adierazten digu denok bat gatozela, hots, zerbait egin beharra dagoela arlo honetan.  Hortaz, jaso dugun ondorio nagusia da kezka badagoela hezkuntza munduan eta hezitzaileak prest daudela gaian sakontzeko eta proposamen zehatzei ekiteko.


Azken saioa, diogun bezala, bihar bertan izango da, urtarrilak 12. Zein proposamenekin itxi nahi duzue programa?

Batetik, maila teorikoan, Eñaut Aiartzaguenak azalduko digu zein den aisialdiaren funtzioa hiri hezitzailean eta zein den OinHerri taldearen aisia-eredua: parte hartzearen garrantzia, erreferenteen beharra, balioak...

Bestetik, GEU elkarteko Zuriñe Gil hezitzaileen zentralitateaz arituko da: ezaugarriak, formazioa... Eta Euskal Girotze Barnetegietako Rafa Arrizubietak azalduko digu zein den bizipenen, emozioen eta sentipenen garrantzia testuinguru honetan.  


Zuen ustez, zer hutsune zuzendu beharko lituzke gure hezkuntza-sistemak euskal kulturaren transmisioari dagokionez?

Esan bezala, adostasuna dago gai honetan; eragile guztiek azpimarratu dute hobetu beharra dagoela euskal kulturaren transmisioa hezkuntza arloan. Orain arte, hezitzaile edo eragile bakoitzaren eskuetan egon den gaia izan da, eta bakarkako lan horri esker lortu da nolabaiteko transmisioa bermatzea, baina nork bere esparruan ahal izan duena egin du eta ez da izan planifikatuta egon den jarduera bat. Gainera, hezitzaile edo eragile bakoitzaren gaitasunaren eta borondatearen baitan egon denez, ezin izan da ziurtatu gutxieneko transmisioa ikastetxe eta hezkuntza eremu guztietan.

Gure aldetik horretan eragin nahi izan dugu, eta hezitzaile guztien eskura jarri nahi ditugu hainbat jarduera, transmisio hori ziurtatzeko.

 


[3. saioa. "Ikasle, ikusle, ekoizle: Oinarrizko Kultur Saskia (OKS)"].


Zer ibilbide izatea gustatuko litzaizueke bai programak berak zein bertan jorratu dituzuen auziek?

Hezi-Ola zikloa amaituko da, baina bertan plazaratu diren gaiei jarraipena eman behar zaie. Hasieratik izan dugun planteamendua izan da, eta parte hartzaile guztiei jakinarazi diegu hasieratik.

Saio hauetan identifikatu dugu erronkak non ikusten ditugun, eta elkarrekin lan egiteko beharrak eta aukerak non ditugun. Baina ez dugu maila teorikoan geratu nahi, eta hemendik aurrerako lanak zehaztu ditugu: gai bakoitzaren inguruan 2-3 proiektu bideragarri identifikatu nahi ditugu, datozen urteetan garatu eta prototipatu ahal direnak, eta, horretarako, lantaldeak osatu nahi ditugu saio hauetan hizlari eta entzule aritu direnekin; jakina, lantalde irekiak izango dira eta hurbildu nahi duen eragile guztiek izango dute tokia.

Hortaz, hitzaldi ziklo hau hasiera baino ez da izan; hemendik aurrera proiektuak diseinatu eta gauzatzeari ekingo diogu.

 

(2022ko urtarrilaren 11n argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana