"Zaldi Urdina" audio-fikzio berria, urtarrilaren 17tik aurrera, EITBPodkast-en

eitb.eus

  • DataUrtarrilak 12
  • Gaia Arte eszenikoak

-'Zaldi urdina' antzezlana podcast bihurtu du EITBk. 9 atal izango dira, 12 bat minutukoa bakoitza.

-EITBren Bilboko egoitzan egin da aurkezpena astearte honetan. Urko Aristi EITB Mediako Irrati zuzendariarekin eta Ainhoa Etxebeste EITBPodkast plataformaren arduradunarekin batera, bertan izan dira Ximun Fuchs idazle eta zuzendaria eta Ander Lipus, Olatz Beobide, Manex Fuchs, Maite Larburu, Oier Zuñiga eta Argi Perurena aktoreak.

"Zaldi Urdina" audio-fikzio serie berriak Aingeru 17 urteko gaztearen arrastoaren bila jarriko ditu entzuleak. Zaldi Urdina izeneko droga berria hartuta gazte bat hil da teknojaialdi batean; eta, aldi berean, Aingeru desagertu da. Horixe da, bi hitzetan, urtarrilaren 17an estreinatuko den euskarazko fikzioaren abiapuntua.

"Artxipelagoa" fikzioaren arrakastaren ondoren, EITBPodkast euskarazko podcastgintzan erreferente bilakatzeko EITBk apirilean sortu zuen plataformak kalitatezko audio-fikzio erakargarri berria aurkeztu du. Talentuaren, sormenaren eta berritasunaren ildotik dakargu EITBPodkastek "Zaldi Urdina".

Artedrama, Axut! eta Dejaburen Zaldi Urdina antzezlana podcast bihurtu du EITBk. Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzia, Ximun Fuchsen zuzendaritzapean, Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Iraitz Lizarraga, Oier Zuñiga, Urko Redondo eta Olatz Beobide aritu dira aktore lanetan, besteak beste.

Artista lan-talde bikaina dakar audio-fikzioak ere, eta astearte honetan Urko Aristi EITB Mediako Irrati zuzendariarekin eta Ainhoa Etxebeste EITBPodkast plataformaren arduradunarekin batera, izan dira Bilboko egoitzan lana aurkezten: Ximun Fuchs idazle eta zuzendaria; Ander Lipus, Olatz Beobide, Manex Fuchs, Maite Larburu eta Oier Zuñiga aktoreak eta Argi Perurena (ahotsak).

Binauralean muntatutako seriea da, "Zaldi Urdina" esperientzia murgiltzailea sortuz, bereziki aproposa audio-kaskoekin entzuteko. Hain zuzen, estreinaldiarekin batera, kasko batzuen zozketa egingo da sareetan lehen atalari buruzko galdera bat asmatzen duten parte hartzaile guztien artean.

Urtarrilaren 17an estreinatuko da lehen atala eta hortik aurrera astelehenero atal bat zabalduko da. Bederatzi dira guztira eta 12 minutu inguru ditu bakoitzak.

EITBPodkast plataformaren webgunea

 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana