Punto de Vistak bere hezkuntza programa iragarri du, publiko berriak trebatzen jarraitzeko

  • Punto de Vistak bere hezkuntza programa iragarri du, publiko berriak trebatzen jarraitzeko

  • DataUrtarrilak 13
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Datorren edizioko hezkuntza programa honako ekintza hauek osatuko dute: haurrentzako tailerrak Civivoxen, film laburrei buruzko saio bat familientzat Golem zinemetan, Programatzaile Gazteak x Punto de Vista ekimena, eta ikasleentzako saio bat Nafarroako Filmategian.

Punto de Vista jaialdiak Nafarroako biztanleekin duen konpromisoari eutsiko dio beste urte batez, eta publiko berriak trebatzen jarraituko du bere hezkuntza programaren bidez. Sail horren helburua da elkarrizketa eta elkartruke gune bat zabaltzea ikus-entzunezko sentsibilizazioa eta pertzepzioa lortzeko, adin ezberdinetako haurrentzako eta gazteentzako jardueren bidez; jarduera horiek otsailaren erdialdean hasi eta jaialdiaren egunetan ere eginen dira, martxoaren 14tik 19ra bitarte. Hezkuntza programa egoitza gehiagotan garatuko da aurten. Ohiko guneez gain, hala nola Civivox Sarea eta Nafarroako Filmategia, Golem zinemak ere hezkuntza jardueren egoitza izanen dira aurten, Liburutegi Zerbitzuarekin elkarlanean egindako programazioarekin.

Horrela, otsailaren 12an eta 26an bi tailer antolatuko dira 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, Civivox Mendillorrin eta Civivox Condestablen hurrenez hurren; martxoaren 19ko goizean, 6 urtetik gorako haurrak dituzten familientzat zine saio dinamizatu bat eginen da Golem zinemetan; 15 urtetik 19ra bitarteko gazteentzat, berriz, gorago aipatutako Programatzaile Gazteak x Punto de Vista ekimena eginen da, zinema jaialdi batean programazio lana nola egiten den ikas dezaten; eta, azkenik, ikastetxeetako eta institutuetako ikasleentzat filmen proiekzioak eta haien zuzendariekin topaketak eginen dira Nafarroako Filmategian.

PUNTO DE VISTA 2022 - HEZKUNTZA PROGRAMA

1. 6 ETA 12 URTE BITARTEKO HAURRENTZAKO TAILERRAK CIVIVOXEN

1.1. Mendillorriko erretratuak. Inprimaketaren une magikoa

Tailer honetan, 6 eta 12 urte bitarteko haurrek irudi bat inprimatzea eta argazki bat sortzea ahalbidetzen duten mekanismoak aztertuko dituzte, parte hartzaileek Mendillorriko lakuaren inguruan aurkitu ahal izanen dituzten elementu naturaletatik abiatuta. Paper sentikor bat, objekturen bat eta argi pixka bat erabiliz, argazki liluragarriak egiteko aukera izanen dute. Jarduera Drac Màgic kolektiboaren eskutik eginen da.

Informazio praktikoa. Otsailak 12, larunbata, Civivox Mendillorrin. Bi saio: 10:00etatik 11:30era eta 12:00etatik 13:30era. 6 eta 12 urte arteko haurrentzat. Izen emateak urtarrilaren amaieratik aurrera, www.pamplonaescultura.es/civivox webgunean.

1.2. Planetarentzako irudiak. Ikus-entzunezko muntaia ekologistak

Asmamen teknologiko bat erabiliz, Mash Up Table delakoa, parte hartzaileek zinema muntai bat elkarlanean eta sormenez egiteko modua ezagutuko dute, joko bat balitz bezala. Artxiboko irudiak erabiliko dituzte, eta horiekin esperimentatuko dute, ordena, musika, soinu efektuak edo ahotsa aldatuz; horrela, gure planetaren etorkizunari buruzko film joko txikiak sortuko dituzte. Jarduera hau ere Drac Màgic taldearekin batera eginen da.

Informazio praktikoa. Otsailak 26, larunbata, Civivox Condestablen. Bi saio: 10:00etatik 11:30era eta 12:00etatik 13:30era. 6 eta 12 urte arteko haurrentzat. Izen emateak urtarrilaren amaieratik aurrera, www.pamplonaescultura.es/civivox webgunean.

2. 6 URTETIK GORAKO HAURRENTZAKO ZINE SAIO DINAMIZATUA GOLEM ZINEMETAN

Martxoak 19ko goizean, larunbata, Mundua ezagutzen (Descubriendo el mundo) programa antolatuko da Golem zinemetan, 6 urtetik gorako haurrak dituzten familientzat; film laburren saio dinamizatu bat izanen da, eta, bertan, hiru film proiektatu ondoren, horien edukia aztertzeko eta horri buruz hitz egiteko aukera izanen dute bertaratuek. Ziklo honen bidez, oso bestelakoak diren herrialdeetako eta garaietako pertsonaiak eta lekuak ezagutuko dituzte. Fátima, Reza eta René protagonistekin batera, bertaratzen direnek hausnartu eta barre egingo dute, zalantzak izanen dituzte eta hunkitu eginen dira. Proposamen hau zinemari eta musikari kantu bat da, eta norberaren eta besteen emozioei, haurren munduari, helduen munduari eta naturarekiko eta hiriarekiko harremanari buruzko hausnarketarako espazio bat irekitzen du. Proiektatuko diren filmak honako hauek dira: El pan y la calle, Abbas Kiarostami (10 min); Pequeña luz, Alain Gomis (15 min); eta La vuelta a clase, Jacques Rozier (22 min).

Informazio praktikoa. Martxoak 19, larunbata, 11:30ean, Golem zinemetan. Iraupena: 1h 30min. 6 urtetik gorako haurrak dituzten familientzat. Sarrerak martxoan jarriko dira salgai, Golem zinemen salmenta kanalen bidez eta www.puntodevistafestival.com webgunean.

3. PROGRAMATZAILE GAZTEAK X PUNTO DE VISTA

Duela gutxi Nafarroako Kutxa Fundazioarekin lankidetzan iragarri zen ekimen honen bidez, 15 eta 19 urte bitarteko gazte talde batek Punto de Vistako filmetako bat programatu eta aurkeztuko du. Otsailean eta martxoan sei saio eginen dira, eta, horietan, Punto de Vistak proposatutako zenbait film ikusteko bilduko dira gazteak, film horiez hitz egin eta aztertu eginen dituzte, eta bat aukeratuko dute jaialdian proiektatzeko. Ekimena Zinema (h)abian-ekin batera antolatuko da, Mercedes Álvarez eta Arturo Redín zinemagile, programatzaile eta irakasleen eskutik.

Informazio praktikoa. Interesa duen edonork eman dezake izena, doan, urtarrilaren 24ra arte jaialdiaren webgunean (www.puntodevistafestival.com/es/jovenes_programadores.asp).

4. IKASLEENTZAKO ZINEMA NAFARROAKO FILMATEGIAN

Aurreko urteetan bezala, DBHko 4. mailatik gorako ikasleentzako saio bat antolatuko du jaialdiak Nafarroako Filmategian. Saio horretan, bi film ikusiko dituzte ikasleek, eta, gainera, zinemagileekin hitz egiteko tarte bat izanen dute. Aurten, Liburutegi Zerbitzuarekin elkarlanean eginen da saioa, eta A Bao A Qu elkarteak programatuko eta babestuko du, Moving Cinema proiektuaren esparruan. Proiektatuko diren filmak honako hauek dira: Mikel Gurrearen Heltzear, Veneziako Zinema Jaialdian estreinatu zena (sail ofizialean euskaraz egindako film labur bat egon den lehen aldia izan zen), eta Lur Olaizolaren Zerua blu, Punto de Vistaren azken edizioan Paisaia sailean aurkeztu zena. Bertaratzen direnek Gurrearekin eta Olaizolarekin hitz egin ahalko dute, euren sortze prozesuez, hautu zinematografikoez eta euren filmak bultzatu dituzten beharrez.

Informazio praktikoa. Martxoak 17, osteguna, 12:00etan, Nafarroako Filmategian. Ikastetxeei eta institutuei zuzenduta, DBHko 4. mailatik gorako ikasleentzat. Interesa duten ikastetxeek produccion@puntodevistafestival.com helbidera jo dezakete.

Punto de Vista, Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia, Nafarroako Gobernuak sustatzen du eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du oso-osorik.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana