Bilboko Berreginen Museoa, eskultura klasikoa eskura

  • Bilboko Berreginen Museoa, eskultura klasikoa eskura

Bilboko museo batek mundu klasikoko eskultura garrantzitsuenez gozatzeko aukera ematen du. Berreginen Museoak ia ehun urte beteak ditu eta herriko Mariaren Bihotza elizan dago; bertan, hainbat jarduera antolatzen ditu bere bilduma ezagutarazteko. Itziar Martija, ekipamenduko Hezkuntza Saileko teknikaria, gurekin izan dugu museoaren historian egin dugun ibilbidean.



Zein da bilduma berezi honen jatorria?

Museoa 1922an sortu zen, Euskal Kulturaren Batzarrari hura sortzeko mozioa aurkeztu zitzaionean. Museoa sortzearen xedea zen Bilboko Arte Ederren Museoaren eta egungo Euskal Museoaren kultura- eta arte-eskaintza osatzea.

Nolanahi ere, museoa ez zen 1927. urtera arte sortu, eta S. Manuel Mª Smith Ibarra izan zuen zuzendari. Foru Aldundiak eta Udalak, erakundearen patroiek, erabaki zuten Berastegiko eskola zaharretan, Albia Lorategietan, instalatzea, eta hantxe egon zen 50eko hamarkadara arte.

Ia une hartantxe bertan hasi ziren harremanak Europako museo-erakunde garrantzitsuenekin, lanak erosten hasteko. Eskuratu ziren lehenengo lanak enkargu bateko zortzi eskultura izan ziren (honako hauen berreginak: Verrocchioren LedaDavid, Belvedereren EspinarioTorso, Miguel Ángelen Esclavo, Subiacoren Torso, Fidiasen Torso eta Apolino). Eskultura haiek San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako irakasle izan zen Benito Bartolozziren lantegiari eskatu zitzaizkion.

Horien ostean, 30eko hamarkadako lehenengo erdian, Museoaren Bilduma osatzen duten lan gehienak sartu ziren, besteak beste, Louvre museoa, Britainiar Museoa, Municheko Gliptoteka, Berlingo Pérgamo Museoa, Vatikanoko Museoak edo Florentziako Artearen Errege Akademia erakunde garrantzitsuetako kopia-tailerretatik ekarritako lanak.

1955ean, Museoa San Frantziskoko eskola zaharretara eraman zuten. Hala ere, eskulturetako batzuk ezin ziren higiezin berrira eraman, tamaina zela eta. 11 eskultura haiek Arte Ederren Museora eraman ziren eta han egon ziren 70eko hamarkadaren hasierara arte, hau da, instalazioak berritzeak eskultura haiek berriro ere bildumara bueltatzeko aukera eman zuen arte.

2006. urtera arte, Mirasol Kondearen kaleko eraikina izan zen museoaren egoitza publikoa, eta urte hartan bilduma museoa izateko birgaitutako beste eraikin batera eraman zuten. Hemeretzigarren mendeko Mariaren Bihotza eliza zaharraz ari gara, eta, harrezkero, han erakusten dira eskulturak.

 



Zer nolako piezak gordetzen ditu eta zenbaterainoko garrantzia dute?

Museoak gehienbat eskaiolan, tamaina naturalean, egindako kopien bilduma du, nahiz eta badiren harri artifizialean egindako lanak ere, batez ere Argiñetaren berreginak. Gehienak jatorrizkoak gordetzen dituzten erakundeetako tailerretan egindakoak dira; baina, arestian aipatu dudan bezala, bi kopia-partida Madrilgo Benito Bartolozziren tailerrekoak dira. Horiei beste piezaren bat gehitu behar zaie, besteak beste, Venus de Cnido, Bartzelonako Serra Etxean, 40ko hamarkadan, erosia.

Gainera, bitxikeria gisa, Museoan ikusgai dauden Auriga de Delfos eta Hermes con el Niño Dioniso eskulturen kasuak aipa ditzakegu. Bi horien jatorrizkoak Grezian daude, bat Delfoseko Museo Arkeologikoan eta bestea Olinpiakoan. Nolanahi ere, Louvre museoak eta Berlineko museoetako tailerrek egin zituzten kopiak, hurrenez hurren; izan ere, aztarnategi bakoitzeko indusketak talde frantsesek (Delfosen) eta alemanek (Olinpian) zuzendu zituzten.

Gaur egun Museoan ikus daitezkeen eskultura asko mundu-mailan ospetsuak diren eta Artearen Historiari buruzko edozein liburutan aurki ditzakegun lanen berreginak dira. La Victoria de Samotracia (jatorrizkoa baino txikiagoa), MoisésAltar de Pérgamoren erliebeak, Laocoonte, edo Partenoiko estatuak, denak dira mundu-mailan erreferentzia.


Lana erosteko zein politika erabili izan du erakundeak?

Lan gehienak Museoaren bizitzako lehen urteetan erosi ziren, eta 40ko hamarkadatik aurrera ez da ia ezer erosi: 70eko eta 80ko hamarkadetako euskal hilarrien kopia batzuk eta Bildumako estatuen zatien kopia batzuk, aldi baterako erakusketa batzuen harira.

Berriz ere erosten hasteko aukera planteatuko balitz, Europako museo handietako tailerretara joko genuke, oraindik ere kopien tailerrak baitituzte.

Normalean, kopien katalogo zabala izaten dute eta hortik hautatzen dira piezak. Oro har, ez da oso ohikoa katalogoan ez dagoen kopia bat eskatzea, batik bat, kopia egiteko prozesua luzea eta konplexua delako eta asko garestituko lukeelako kopia erostea.

Zer ekintza antolatzen dituzue bilduma ezagutarazteko?

Hezkuntza Zerbitzuak publiko guztientzako ekintzen programa zabala du; hala ere, egia da artatzen ditugun bisita gehienak ikastetxeek eta elkarteek egiten dituztela.

 



Gainera, 2008az geroztik, “Obra bere testuinguruan” konferentzien hileko zikloa eskaintzen dugu, bildumako eta aldi baterako erakusketen piezekin zerikusia duten gaiak jorratzeko.

Bestalde, Berreginen Museoak hainbat programatan hartzen du parte aktiboki, besteak beste, museoen esparruko ohiko kultura-programetan (Museoen Nazioarteko Eguna edo Ondarearen Europako Jardunaldiak). Halaber, egun seinalatuak (San Valentin, Inauteriak, Aste Santua, Eguberriak edo Museoa Mariaren Bihotza elizan zabaldu zeneko urteurrena) ospatzeko ekintzak antolatzen ditu, jarduera berezi bat Kandelen Argipean.

Eta hezkuntza-programa osatzeko, hainbat kultura-ekitaldi hartu eta antolatzen ditu.

Azken urteotan, lan handia egin du publiko berria erakartzekoAskotariko ekimenak egin dira. Oro har, esan dezakegu oso publiko leiala duela, lehenengo aldiz etorri eta errepikatu egiten duena.


Zein alderdi landu nahi zenituzkete datozen urteotan?

Zalantzarik gabe, datozen urteotan erronka digitalari egin beharko genioke aurre, eta, horretarako, hainbat publikorentzako eskaintza egituratua osatu.

 

(2022ko urtarrilaren 19an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana