BilbaoPoesía 2022, bertsoz-bertso egindako zeharkaldiak

  • BilbaoPoesía 2022, bertsoz-bertso egindako zeharkaldiak

Bilboko Udalak BilbaoPoesía jaialdiaren programazio osoa aurkeztu zuen atzo; topaketak ia mende laurdeneko historia du eta, aurten, martxoaren 15etik 24ra egingo da. Hamar egun horietan, poesia izango da protagonista, poeta ezagunen eta hasiberrien bidez. BilbaoPoesíaren arduradun Begoña Morán lagun izan dugu jaialdiaren ibilbidean barrena egin dugun bidaian, eta etorkizuneko asmoen berri eman digu.



Zein da programa honen jatorria eta zer helbururekin jarri zen martxan?

Duela 23 urte hasi genuen proiektu hau, lotsa apur batekin, baina gure hirian harrera ona izango zuelako intuizioarekin; izan ere, Bilbok, bere iragan industriala gorabehera, beti izan du ibilbide poetiko handia, hala arlo horretan lan egiten zuten askotariko taldeengatik (Zurgai, Poetas por su pueblo elkarteak 1979tik egin duen lana nabarmendu behar da) nola olerkari handien sorleku izateagatik: Gabriel Aresti, Blas de Otero eta Ángela Figuera dira nabarmenenetako batzuk.

Zenbait helburu genituen: publiko zabalari zenbaitetan minoritarioa izan daitekeen literatura-genero hau hurbiltzea, eta estatuko eta nazioarteko olerkaririk nabarmenenak ezagutzeko aukera ematea. Talentu gazteak bultzatzea, dagoeneko izena dutenak aintzatestea...

Pandemiak erdizka utzi zuen 2020ko jaialdia. Duela gutxi Andrés Neumanekin hitz egin nuen eta, adierazi zidanez, aurrez aurreko kultur jarduerarentzat hain gogorrak izan diren bi urteotan beti gogoratzen zuen bere azken irakurketa publikoa Bilbon egin zuela, aretoa lepo eta entzuleak bero.

Beti etortzen dira zale asko, eta behin baino gehiagotan atera behar izan dugu edukiera beteta dagoela dioen kartela (272 eserleku). Gure streaming bidezko emanaldiekin osatzen dugu lan hori; hain zuzen, duela 5 urtetik daukagu martxan.

Guztira, 500 olerkari baino gehiago igaro dira gure aretotik, eta irakurketak eta esperientzia partekatu dituzte Bilborekin.


 
23 ediziotan, nolako bilakaera izan du?

Edozein jaialditan bezala, finkatu ahala aukera berriak sortu dira eta eskaintza areagotu da. Ikusle taldea egonkorra zela ziur geundenean, jarduera-egun gehiago jarri genituen. BilbaoPoesía nazioartekotzeko erabakia ere oso pauso garrantzitsua izan zen.

Musika eta kontzertuak gehitu ditugu; izan ere, poesiak eta musikak elkar elikatzen dute: ez dago erritmorik eta musikaltasunik gabeko poemarik; ez dago hitzik gabeko abestirik, ezta erritmorik gabeko musikarik ere. Egile askoren poemak daude gure historia pertsonalean eta bizi-ibilbidean, hainbat musikariri esker; esaterako, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Imanol, Amaia Zubiria, Oskorri, Ruper Ordorika, Izaro, Inun, Paco Ibañez, Loquillo, Serrat, Patti Smith, Olatz Salvador, etab.

Beste erronketako bat izan da publiko gazteenari ateak irekitzea, gaur egungo proposamenen bidez.

 


             

[Cristina Rosenvingek kontzertu eta irakurraldi bat eskainiko du hilaren 19an, duo formatuan].


Adierazi duzun moduan, topiko bat da poesia genero minoritario bat dela. Nola baloratzen duzue Bilboko ikusleen artean duen harrera?

Hala da, aipatu dudan moduan, Bilbok oso publiko ona dauka eta poesiazale asko daude. Bereziki pozik gaude, azken urteotan publiko gaztea egon delako. Bidebarrieta Kulturgunea aretoak literatura-programazio egonkor bat du, eta askotariko literatura-generoekiko gustua eta hurbilketa sustatzen ditu.

Egia da minoritario izatearen ospe hori duela, eta errezeloa eragin dezakeela poema-liburu bat erosi, ireki edo irakurtzeak. Uste dut jendaurreko irakurketak errezelorik ez izateko bide izan daitezkeela; poetak ezagutzea edo poema bat entzutea ekintza paregabea da, nork bere eran bizi duena. Poesia guztia ez da berdina; irakurtzea ezinbestekoa da idatzi, aztertu eta errealitatea, gaiak eta irudiak azaltzeko modu bat aukeratzeko edo horrekin identifikatzeko. Ez al da hala gertatzen gainerako generorekin? Ez al dugu irakurri eta baztertzen? Egile baten obra literarioari jarraitzen diogu, edo baztertu egiten dugu, eleberri bat eta beste bat, saiakera eta abar irakurtzen ditugun heinean.

Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta atseginago dugu irakurtzea. Agian poesiarako nolabaiteko lasaitasuna behar da, eta telesailen abiadura zorabiagarriak eragin handia du gugan.
 

BilbaoPoesía jaialdiak gure testuinguru hurbileko ekoizpenean jartzen du arreta. Zein da euskarazko poesiaren osasuna?

Adituek esandakoa entzun behar da beti, ikuspegi zabalago bat dute eta. Beti gauza bera esaten didate, eta nik ere egiaztatu ahal izan dut: azken urteotan, olerkari oso gazteen belaunaldi bat ari da sortzen; idazteko gogo handia dute eta hala errealitatearekin nola tradizioarekin daude lotuta. Eta ez dira ahaztu behar dagoeneko ospea duten olerkari ugariak, oraindik asko baitute esateko.

Agerikoa da euskarazko poesia osasuntsu dagoela; Miren Agur Meabek Poesiaren Sari Nazionala jaso berri du, eta hoberena da ez dela kasu isolatu bat. Gero eta lan gehiago eta kalitate hobeagokoak daude. Izan ere, adierazgarria da gero eta poema-liburu gehiago aurkezten direla Blas de Otero-Ángela Figuera Poesia Sarira, eta epaimahaiaren ustez, urtez urte kalitate hobea dute.

Datetan bat datozenez, Loraldiarekin lankidetzan aritzeko aukera dago. Aurten hauxe aurkeztu du: Belar Hostoak: Walt Whitman. Nolako garrantzia dute lan-sareok jaialdiarentzat?

Lankidetzek beti egiten dute ekarpena, beti dira aberasgarriak. Proposamenen artean sinergiak sortzea da gakoa, gure kasuan, hirian sortzen diren proposamen literarioen artean.

Loraldia Festibalaren kasu zehatzean, beti egiten ditugu bilerak antolatzaileekin, eta dituzten proposamenen artean gure programaren barruan ondoen egokitzen dena aukeratzen dugu.

 


 

Edizio honetarako Alberto San Juan eta Fernando Egozocue artisten errezitala ere iragarri da; oraingoan, Mario Benedettiri omenaldia egitera datoz jaialdira. Zertan datza proposamen hori?

Te quiero, Benedetti (La patria y el exilio) Uruguaiko egilearen omenez egindako errezital bat da. Eta errezitalaren bitartez, poemen eta prosen bidez, Latinoamerikako eta Espainiako literaturako beste poeta batzuk omentzen dira. Horien guztien bitartez, ozeanoaren bi aldeetan, miseriatik edo polizia-jazarpenetik ihes, sorterritik erbestera joan behar izan zuten guztiak ere omentzen dira. XIX. mendearen amaieran Espainiak osoak pairatzen zuen pobrezia, 1930eko hamarkadaren amaieran errepublikanoek bizitako erbesteratzea, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Latinoamerikako diktadurek jazarritakoen exodoa, 1990eko hamarkadan Hego Amerikan jasandako espoliazioaren ihesa... Milaka arimak ozeanoa bi norabideetan zeharkatu behar izan duten kasuetako batzuk soilik dira horiek.

Benedetti, Cernuda, Gioconda Belli, Galeano, Cristina Peri Rossi, Cortázar eta beste idazle batzuekin osatuko da ibilbidea, Alberto San Juan aktorea eta Fernando Egozocue gitarrista eta konpositorea lagun.

 

Programako beste zein jarduera azpimarratuko zenituzkete?   
Aurten, gonbidatu bikain bat dugu, Ida Vitale olerkari uruguaitarra. 2018ko Cervantes saria jaso zuen eta 98 urterekin poemak idazten eta irakurtzen jarraitzen du. Meritu handia du emakume horrek, Montevideotik Bilbora bidaiatuko baitu irakurtzera eta gurekin arratsalde bat igarotzera.

Aitzitik, olerkari gazteen talde bat ere izango dugu: Oihana Arana, Rosa Berbel, Mario Obrero, Carlos Catena eta Paula Antía. Horietako batzuk jada sari garrantzitsuak lortutakoak dira.

 

[Ida Vitalek bere poesia eta bizitza kontatuko dizkigu, Bernardo Atxagarekin solasean, martxoaren 21ean].

 

Zein dira BilbaoPoesíaren lan-horizonteak hurrengo urteetarako? Zer alderdi hobetu edo sartu nahiko zenukete?

Lorcak zioen moduan, «poesiak ez ditu jarraitzaileak nahi, maitaleak baizik». Helburu hori izan behar dugu buruan: publikoak fidelizatzea eta joera berriak ezagutaraztea.

Garrantzitsua da talentu berrien eta olerkari ospetsuen presentzian oreka bat mantentzea. Hiriko tradizio poetikoaren memoria zaintzea eta olerkari berrien plataforma bihurtzea.

Jakina, beti daude hobetzeko alderdiak eta, edizio bakoitza amaitu ondoren, guztia ebaluatu eta hobekuntzak sartzen ditugu.

 

(2022ko martxoaren 9an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana