Elkarrekin dantzan euskal elkarte eta boluntarioen lana goraipatzeko

  • Elkarrekin dantzan euskal elkarte eta boluntarioen lana goraipatzeko

EIBE gure inguruneko elkarte-sarea indartzeko lan egiten duen erakundea da. Euren hitzetan, elkarteen ikerketa eta berrikuntzarako ekosistema da, ulertzen duena zein den Euskal Herrian hirugarren sektoretik egiten den lanaren garrantzia, pisu handiko sektorea baita. Lan honen balioaz jabeturik, joan den martxoaren 20an Elkar+Ekin Dantzan ekimena antolatu zuten, esker oneko ekitaldi kolektiboa, dantzaren inguruan hainbat pertsona bildu zituena. Unai Lizaso elkarteko arduradunak azaldu dizkigu ospakizunaren xehetasunak.



Zer da EIBE eta zer lan mota egiten duzue plataformatik?

Elkarteak eta boluntarioak gure herriaren garapenean ezinbestekoak dira. Herri hobeagoak, biziagoak, alaiagoak eta juxtuagoak egiten laguntzen izateko eragile nagusiak dira.

Ondorioz, elkarteen lana balioan jarri, berauek zaindu eta berrikuntza ardatz izanik, herritarron parte hartzea sustatzen duen elkartea gara.


Zer garrantzi du parte hartze sozial aktiboak eta zer pisu du gure gizartean?

Parte hartze aktiboak demokraziaren kalitatea hobetzen du.

Bere arazoez kezkatzen den herri batek aurrera egiteko tresna gehiago ditu. Herritarren eskubide ezberdinen inguruan borrokatzen duen herri eta komunitate batek etorkizun oparoagoa izango du eta bertako herritarrak komunitate edota herri horren parte izateaz harro egongo dira.


Nola sortu zen Elkar+Ekin Dantzan ekimena martxan jartzeko ideia? Zer helburu lortu nahi izan dituzue?

Gure helburua elkarteen eta boluntarioen lana lagundu, sendotu, azalaraztea da. Argi genuen egiten duten lana eta gure gizartean duten garrantzia agerian jartzea izan behar zuela lehen pausoa.

Batzuetan ez gara konturatzen egunerokotasunean duten garrantziaz. Baina orain ditugun eskubide eta zerbitzu askoren atzean elkarteen eta boluntarioen lana dago. Beraz hiru mezu zabaldu nahi genituen:

•    Elkarteen lanaren garrantzia azalarazi
•    Elkarteak eta boluntarioak zaindu
•    Herritarrak parte hartzera bultzatu


Euskal dantzek gure praktika kulturalen transmisioan duten papera ukaezina da. Zer aitormen egin nahi duzue ildo horretara?

Dantzak magia du. Dantzak pozik jartzen gaitu. Dantzak gure sustraietara begiratzeko parada ematen digu. Euskal Herria dantzatzen duen herri bat da. Dantza talde askok, dantzen berreskuratzean, berpiztean… lan ikaragarria egin dute. Baina ez da soilik horretan gelditu, garai gogorretan, gure nortasuna, kultur transmisioan, euskara eta abarretan ere bultzatzaile izan dira.

Bestalde Dantzan jartzeak badu beste nolabaiteko esanahi bat ere: mugitzea, zalantzan jartzea, … Elkarte eta boluntarioek egiten dutena horixe bera da, herri hau dantzan jarri!

 



Nolakoa izan da ekimena antolatzeko talde, elkarte eta herrietatik jaso duzuen erantzuna?

Oso oso ona. Ekimena asko gustatu da orokorrean nahiz eta leku askotan penarekin geratu diren, epe edota egoeragatik ezin izan dutelako parte hartu.

Baina ekimenaren helburua mezua zabaltzea ere izan denez, oso oso balorazio positiboa egiten dugu.


Pasa den igandean izan zen Elkar+Ekin Dantzan, eta sare sozialen bitartez(*) zabaldu diren irudiak oso hunkigarriak dira. Zer-nolako balorazioa egiten duzue bizitakoaz?

Zirraragarria, benetan oso pozik gaude!! Ekimen honek sekulako aukerak ematen ditu aurrera begira, ildo beretik aldarrikapen gehiago egiteko.

(*) Hemen adibide batzk:



Zein da zuen ideia etorkizunari begira? Elkar+Ekin Dantzan ekimenaren edizio gehiago izango al dugu?

Elkarteak eta boluntarioak herrigintza indartzeko beste zenbait proiektu garatzen ari gara. Proiektu potenteak. Datozen hilabeteetan azaltzen joango gara.

Bestalde, Elkar+Ekin Dantzan ekimena ez genuen errepikatua izan zedin pentsatu, egia esan, baina erantzun izugarria izan duenez, eta hainbat talde eta pertsona parte hartu ezinik penarekin gelditu direnez, errepikatzeko aukerak dauden eta egokia den aztertuko dugu. Eta bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu ekimena modu batera edo bestera aurrera ateratzen lagundu diguten guztioi!!

 

(2022ko martxoaren 23an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana