Serifalaris, ikusizko diseinu eta kulturaren jaialdi geldiezina

  • Serifalaris, ikusizko diseinu eta kulturaren jaialdi geldiezina

Marina Goñi eta Peio Atxalandabaso dira Serifalaris jaialdiaren atzean dauden bi pertsonak; aurten lehen hamarkada betetzen duen diseinu grafikoaren balioa prestatu eta zabaltzeko gunea da Serifalaris. Estatu osoko profesionalek parte hartu dute hitzorduan, eta sektorearen egutegian lekua egitea lortu du, programaren kalitateari eta berezko izaera oso definitzaileari esker. Marinak eta Peiok apirilaren 1etik 2ra ospatuko den X. edizioaren gakoak ekarriko dizkigute gaur.


Nola sortu zen eta zein helbururekin jarri zen abian ikusizko diseinu eta kulturaren jaialdi hau?

Serifalaris duela hamar urte sortu zen diseinatzaile gisa ditugun kezketatik abiatuta. Egun batean elkar ezagutu genuen eta, hizketan ari ginela, konturatu ginen Euskadin ez zegoela ikusizko diseinu eta kulturari lotutako jaialdirik, hau da, beste profesional batzuk entzuteko moduko jaialdirik. Horretarako, Madrilera edo Bartzelonara joan behar genuen. Kafe bat hartzen ari ginela izan genuen elkarrizketa hartatik Serifalaris jaio zen.

Ikusizko diseinu eta kulturari lotutako jaialdiaren helburua da ikasi nahi dugun sektoreko profesionalak Bizkaira ekartzea, beste leku batzuetara joan gabe; izan ere, urtetik urtera gero eta profesional gehiago erakartzen ditugu Estatuko beste toki batzuetatik.


Hamar urteko historian, zein izan da topaketaren ibilbidea?

Serifalaris modu naturalean hazten joan da urte hauetan. Hasieran programa egun batekoa zen, gero bi eguneko jaialdi bihurtu genuen; 2019an etxez aldatu ginen, Andres Isasi bezalako antzoki txikitik Muxikebarri auditoriumera pasatu ginen, eta gauza asko aldatu behar izan genituen Serifalarisek bere espirituari eutsi ahal izateko.

Besteak beste workshopak, masterclassak, erakusketa bat, bisita gidatuak inprentetara, txokoko esperientziak, isilpeko hitzaldiak, bingoak jaietan eta autozinema batean hitzaldiak antolatu ditugu.

 



Eta, batez ere, zortea eta ohorea izan dugu urte hauetan guztietan 80 sortzaile baino gehiago igaro direlako Serifalarisetik, Estatu mailako erreferente handiak direnak.

Edizio bakoitzean aurrerapenak eta mugimenduak izan dira, hamargarren edizio honetara iritsi ahal izateko. Ezerk ezin izan du Serifalaris geldiarazi, ezta Covid-19aren pandemiak ere.


Sektoreko profesionalen egutegian finkatutako ekitaldia da. Zuen ustez, zein da arrakasta horren gakoa?

Hitzaldien kalitatea, gertutasuna eta xehetasunen zaintza izan dira gure nortasun-ikurraren gakoa, eta horri esker, Serifalaris ezinbesteko hitzordua izan da sektorearentzat hamar urtean zehar.


Zer zailtasun handi dituzte beren karrera profesionala diseinu grafikoaren esparruan garatzen hasi nahi duten pertsonek?

Lanbidearen gurpilean sartzea lan zaila eta zorrotza da. Karrera amaitzen duzunean, ez da batere erraza diseinu-praktikak egiteko espazioak aurkitzea. Hurrengo urratsa are zailagoa da, diseinatzaile junior gisa lan egitea. Gogor lan egin behar da, eta ausarta izan, beste hautagaitzetatik bereiziko zaituen portafolio indartsu bat prestatzeko. Norberaren estudioa muntatzeko, aldez aurretik eskarmentua izan behar da; aukerarik onena da norbaitek bere estudioan lan egiteko aukera ematea, lanbidean trebatzen joateko.

Serifalarisen, duela gutxi, mentoring programa bat eskaini diegu beren estudioarekin hasten ari diren eta 5 urte baino gehiagoko eskarmentua duten profesionalen laguntza izan duten diseinatzaile gazteei. Enpresa-jarduera bat hastean sortzen diren zalantza eta egoera horietatik igaro den norbaitek orientazioa eta laguntza emateko modu bat da. Esperientzia oso ona izan da, eta parte-hartzaileek asko ikasi dute.

 



Jaialdiaren hamargarren edizioaren egitaraua iazko irailean hasi zen, tailerrak eta laborategiak antolatu ziren orduan. Zer balorazio egiten duzue lehenengo jarduera horiei buruz?

Oso ondo funtzionatu dute hilabete hauetan egindako jarduerek. Ereaga hondartzaren aurrean xarma handiko leku bat daukagu, Punta Begoña galeriak, eta bertan egindako «isilpeko hitzaldien» sarrera guztiak saldu genituen. Beste isilpeko esperientzia bat txoko batean egin genuen; dastatze bat egiten genuen bitartean produktuen packagingari buruz (ontziratzearen diseinua) hitz egin genuen.

Getxolanen egiten genuen LABen esperientzia ere arrakastatsua izan zen; Serifalarisekin elkarlanean aritzen den EsDesignek diseinu eskolak dinamizatu zuen. Sormen-laborategi horretan GUUK telefonia-enpresaren erronka bat planteatu genien parte-hartzaileei; hortik ideia interesgarriak atera ziren, eta litekeena da horietako bat gauzatzea.

Egindako beste jardueretako bat aurretik aipatutako mentoringa izan zen, eta orain, egun gutxi barru, Muxikebarrin emango zaio amaiera jaialdiari.


Orduan, jarduera nagusia asteburu honetarako gorde duzue. Programaren zein atal nabarmenduko zenituzkete?

Bertan izango ditugun profesional handiak nabarmendu nahi genituzke. Nazioarteko profilak ditugu, baita jendeak eskatu duelako berriz datozen gonbidatuak ere, Javier Jaen adibidez. Sari Nazional bat ere izango dugu, Pepe Gimeno. Baina horrez gain, Madrilen bizi den proiekzio handiko Rebeka Arce diseinatzaile gazte bilbotarra edo Genie Espinosa komikigile eta ilustratzailea ere egongo dira jaialdian.

Kartel oso indartsua eta orekatua dugu. Eta, Serifalarisen ohikoa den bezala, sorpresaren bat edo beste ere ikusiko da... Serifalaris bizi egin behar da!

 




Nola nahiko zenukete Serifalarisek hazten jarraitzea?

Oraintxe bertan, aurtengo edizioan ari gara % 100ean lan egiten. Apirilaren 4tik aurrera, etorkizunari begira hasiko gara.

Nolanahi ere, garrantzitsuena gure nortasun-ezaugarriak mantentzen jarraitzea da: txostenen kalitatea, hurbiltasuna eta giro ona. Beti berritzen jarraitu nahi genuke, formatu berrien aldeko apustua eginez eta harrituz, lehenik geure burua harrituz, gainera, horrela jarraitu ahal izango dugulako publikoa harritzen.

 

(2022ko martxoaren 28an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana