Totem aretoa, ikuskizunak aurrera egin behar du

  • Totem aretoa, ikuskizunak aurrera egin behar du

2004. urtean inauguratu zen Atarrabian Totem aretoa eta 20 urte eskasean zuzeneko musikarako erreferentziako gune bihurtu da Iruñerrian. Iker Isiegas Ekoizpen eta Kontratazio arduradunarekin hitz egin dugu egindako bideaz, bizitako zuloez eta lorpenez, baita COVID krisiak bereziki astindu duen sektore baten etorkizun zalantzagarriaz ere.


Zer istorio dago Totem Aretoaren jatorriaren atzean? Nola gogoratzen dituzue lehen urrats haiek?

Lehen urteak abentura bat izan ziren. Ostalaritza mundutik gentozen eta, musika asko gustatzen zitzaigunez, bi pasioak batu eta kontzertu-areto bat ireki nahi izan genuen.


18 urtek pena eta poztasun askotarako ematen dute. Zer ibilbide egin du aretoak denbora honetan?

Esan duzun bezala, poz zein atsekabe handiak izan ditugu. Orduan lehen urratsak ematen hasi ziren taldeak orain jaialdi handietan edo aretoak betetzen ikusteak izugarrizko poza ematen digu.

Urte hauetako alde negatiboan, sektorean gaizki ulertutako lehiakortasuna, azpikeriak edo itxurazko besarkadak, azken urte hauetako pandemia eta instituzioen aldetik jaso ez dugun laguntza babesa aipatu behar ditugu.


Eta sektorea, zein alderditan aldatu da gehien?

Aretoez ari garela, uste dut duela urte batzuk hasi den jaialdien boomak kalte handia egin diela profil ertaineko aretoei eta artistei.

Gaur egun, jaialdi horietako gehienek 30 edo 40 artista programatzen dituzte egun pare batean, hamar edo hamabost mila pertsona biltzeko... Guk ez dugu jasangarria ikusten, urte batzuk beharko dira erregulatzeko eta asko eroriko dira, baina bitartean, areto asko itxiko dira edo gaueko aisialdira bideratu beharko dira.

 



Totemen kasuan, zein irizpidek gidatzen dute aretoko programazioaren diseinua? Zeintzuk dira ildo horretan gehien zaintzen dituzuen alderdiak?

Bi marka bereizi ditugu: kontzertuetarako marka, Totem, eta, bestetik, diskotekaren marka, Dali. Bi markak bereizten saiatzen gara, xede dugun publikoa guztiz desberdina baita.

Totem aretoari dagokionez, programazioa ahalik eta askotarikoena izan dadin zaintzen saiatzen gara, publikoa ez nekatzeko antzeko bi kontzerturekin eta abar, baina zaila da...

Era berean, guretzat oso garrantzitsua da euskara eta gaztelania maila berean erabiltzea komunikazio guztian. Zentzu honetan, gure esku dagoena egiten dugu.


Musikaren industriako emakumeen eta gizonen desberdintasun-egoerari buruzko datuak oso adierazgarriak dira. Zuen ustez, zein izan daiteke aretoen papera agertoki bidezkoagoak sortze aldera?

Erantzun zaileko galdera ona! Sektorearen errealitatea da langile eta eszena gehienak gizonak direla, baina errealitate hori aldatzen ari da, eta azken urteotan nabarmen (pandemiak geldiarazita, agian).

Duela urte batzuk arte oso anekdotikoa zen emakumeak instrumentu bat jotzen ikustea, normalean koristak edo ahots nagusiak ziren, bandetako crew-etan bezala, merch salmentako langile gisa edo argi-tekniketako langile gisa joaten ziren.

Azken aldian Liher, Pleura, Nogen, Huntza, Belako, Izaro eta beste hainbat taldetan ikus ditzakegu protagonista izaten, lehen ez bezala. Taldeen eta bulegoen crew-etan gehiago kostatzen da, baina uste dut gauza batek bestea ekarriko duela.

Gure zereginari dagokionez, zaila da esatea, egin beharko genukeen hausnarketa da.

 



Bidaia, ostatua, muntaketa, soinu-proba, desmuntaketa… Kontzertu batek lan-prozesu asko dakartza berekin. Zein dira zailtasun handienak kontzertuan dena aurreikusitakoaren arabera ateratzeko?

Maila praktikoan gustura egiten dugun lana da, eta normalean baino zailtasun handiagorik ez du.

Esango nizuke ikuslerik gabeko kontzertuek ez dutela zentzurik, eta, agian, gauzarik zailena da zer nolako ziurgabetasuna sortzen digun kontzertu baten data hurbiltzen doanean eta sarrerarik saltzen ez denean edo nahi dugun erritmoan saltzen ez denean.


COVID-19aren osasun-krisiak bereziki jo du musika aretoen sektorea. Nola bizi izan duzue Totem-etik? Zein da gaur egungo egoera?

Ba oso gogorra izan da... Behin baino gehiagotan saiatu gara geure burua berrasmatzen, erresistentzia gehiago egin dugu, beste ezer baino.

Ekonomiari edo enpresari dagokionez, komeni zen ixtea, gastuak ahalik eta gehien mugatzea eta laguntzak itxarotea. Baina kontrakoa erabaki genuen.

Pandemian 100 emanaldi baino gehiago programatu ditugu, gehienak barrarik gabe eta ia guztiak defizitarioak. Baina handikien bekaturik egin nahi izan gabe, uste genuen talde, teknikari eta bulegoentzako gurpila apalki birarazten jarraitzea positiboa zela, edukiera oso txikiarekin, baina langile horietako askok zerbait irabazi ahal izan zuten gurea bezalako aretoei esker.

Gaur egungo egoera prekarioa da, aretoko giltzak bankuari eman behar ez izateko, ICO mailegu bat eskatu behar izan genuen, eta orain horri aurre egin behar diogu, aurretik genuenaz gain. Ezin izan dugu laguntza esanguratsurik jaso, ez Madrildik, ez Iruñetik, hainbat arrazoirengatik. Orain gerra dator eta amortizatutzat jotzen da 2020a eta COVID-a, diru-sarrera mailan urte zuri bat izan ondoren.


Zer ikasi behar dugu esperientzia honetatik?

Oraindik esperientzia honetatik ikasten ari gara. Sinetsi nahi dut bizkorragoak izango garela erabakiak hartu, planak antolatu eta martxan jartzerakoan bideragarritasun testuinguruan.

Erakundeek ere bide horretatik jo beharko luketela uste dut, baina sumatzen dut behin eta berriz harri berean eroriko direla.

 



Nola begiratzen dio Totem-ek etorkizunari? Zein izango litzateke datozen urteetan egin beharreko bidea?

Etorkizuna kezkaz ikusten dugu, ez dugu ziurtasunik. Ez da aurreikusi kontingentzia-planik sektoreko enpresentzat, berriro itxi behar bada. Sektorea eta gizartea, logikoa denez, hainbeste nekeren ondoren orainan zentratuta daude –udaberrian, udaran…–

Saiatzen ari gara, baina ikusi dugunez, hilabete gutxiren buruan errealitate-zaplaztekoa oso gogorra izan daiteke… Eta hala bada, jende, langile, areto eta talde asko bidean geratuko dira.


(2022ko apirilaren 11an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana