Maiatzaren 24tik 29ra Komedialdia - Gasteizko Umore Jaialdiaren bigarren edizioa egingo da, jarduera egitarau zabalarekin. Txaro Mardaratz Nájera zuzendariarekin hitz egin dugu.
Zer da Komedialdia? Zer asmorekin jaio zen?
Komedialdia umore jaialdi bat da, eta dagoeneko Araban finkatuta dauden beste umore ekimenekin sinergiak bilatzeko asmoz jaio zen.
Jaialdiaren helburu nagusia kontzientzia sortzea da, umoreak gizakion bizitzan duen garrantziaren inguruan, bere funtzio terapeutikoaren inguruan eta (umoreari esker eskuratu daitekeen) jarrera positiboak gure osasun fisiko eta mentala hobetzeko duen gaitasunaren inguruan.
Komedialdiak sektoreen arteko kolaborazio sare bat sortu nahi du: kulturaren sektorea, ekitaldiena eta osasunaren eta pertsonen ongizatearena. Horrez gain, ekonomiaren berreskurapena bultzatu nahi du, enpleguaren eta ekimenen sorreraren bitartez. Hori guztia lortzeko umorea kohesio tresna gisa erabiliko du Komedialdiak.
"UMOREA ETA OSASUNA" da gure lema. Baten gabeziak bestearena ere ekarriko luke.
Umorea ezinbestekoa da ziurgabetasun eta krisi garaietan. Horregatik, Komedialdia pandemian jaio zen, eta 2021eko maiatzean ikusi zuen argia.
Zergatik Gasteizen?
"Hiri marka" lortzeko ilusioa daukagu. Horretarako, 2020. urtean proposamen kolaboratibo ugari sortu ziren eta jasotako erantzunak mota guztietakoak izan ziren: "- Zoratuta zaude!, pandemian, umore jaialdi bat?", "- Ideia zoragarria iruditu zait!"...
Zergatik Gasteizen? Ez nuen jaialdi hau beste hiri batean irudikatzen. Betidanik besteentzako ekitaldiak antolatu izan ditut, eta azkeneko urteetan leku batetik bestera ibili naiz. Orain etxean nago, nire proiektu propioa nahi nuen, nire ekitaldi propioa sortu.
Hainbeste urte eta gero, alboan ditudan kolaboratzaile eta hornitzaileak nire lagunak dira, eta abentura honetan laguntza handia jaso dut beraiei esker. Araba aspergarria omen da batzuentzat, baina hemen sobera daude talentua, sorkuntza eta profesionaltasuna. Erronka gure artean koordinatzea eta sarean lan egitea da, hori da lortu nahi duguna.
Nire ametsa egia bihurtu da: azkenean Gasteizek bere umore jaialdi propioa dauka, eta nahi duen oro gonbidatuta dago!
Zergatik da hain garrantzitsua umorea?
Esaldi hau asko gustatzen zait: "Momentutxo hauengatik izango ez balitz...", barre egin eta tentsioa alde batera uzten dudan bakoitzean datorkit esaldi hori burura, honek guztiak benetan merezi duela pentsatzen dut. Oso azkar bizi gara, mundu lehiakorrean, atzean geratzen den horrekin krudelkeriaz jokatzen duen batean. Bere burua eta gainontzekoena zaintzera gelditu nahi ez duen gizarte batean, esku hartzeko beharra dago. Momentutxo batez gelditu... momentutxo batez barre egin... gainontzekoari aurre egiteko bultzada hartu... batez ere bakardadeari aurre egiteko. Umorea soziala da. Inork ez du bakarrik barre egiten, beti beste norbaitekin partekatzen da.
Umorea terapia gisa erabili daiteke esparru psikologikoan, osasunean edota lan eremuan ere. Umorearen bitartez gure beldurren aurka borrokatzen dugu, eta arazoak txikiago ikusten ditugu. Norberaren buruaz barre egitea ongizatea lortzeko lehenengo pausoa da.
"Hemen eta orain. Positiboa argidun" da aurtengo leloa. Zein da herritarrei helarazi nahi diezuen mezua?
Ziurgabetasun momentuetan, batez ere oraindik amaitu ez den pandemia baten ostean, hirugarren mundu gerraren mehatxuarekin, energiaren kolapsoarekin, apokalipsia ate joka... bermatutzat ematen dugun dena bat-batean desagertu daitekeela ikasi dugu. Ez dakigu bihar zer gertatuko den; horregatik, momentu bakoitza intentsitate osoz bizitzera gonbidatzen zaituztegu, HEMEN ETA ORAIN, positiboa argidun ikusi behar dugu. Gauza positiboetan jarri behar dugu interesa, eta ez hainbeste arazoetan, gaizki atera diren gauzek sortzen diguten frustrazioan... Ez dugu konformismoan erori nahi, positibismoan baizik, gu geu pertsona hobeagoak izatera bultzatzen gaituen errealitate batean eta gizarte hobeago bat lortzeko bultzada ematen digunean.
Egitarauak lau atal ditu. Horietako bat, UmoreKalean, nobedadea da aurten. Zer da?
Aurten kalean izango gara! Horregatik, UMOREKALEAN atala aurkeztu dugu, umorea pertsonen egunerokotasunera, kaleetara, saltokietara, ostalaritzara eta abarretara eramateko, jarduera eta ekitaldi sorta baten bidez. Jendea animatzeko helburua daukagu, haiengan barrea sortzea, giro ona sustatzea... modu honetan azkenaldian asko ikusi ditugun sentimendu negatiboak (beldurra, mesfidantza...) alde batera uzteko. Aldi berean, momentu zailak igaro dituzten sektoreei laguntza eman nahi diegu: bertako merkataritzari, ostalaritzari...
Umore ona eskala handian, hori da bilatzen ari garena. Keinu txikien bitartez pertsonen artean animatzea, parte hartzea, establezimenduetara gerturatzea eta umorez jaialdia zabaltzea. Umorea egunerokotasunean egon behar da beharrezko tresna delako; ez da urtean behin egiteko salbuespena.
Establezimenduen inplikazioa sustatzeko umore grafikoa erabili dugu, establezimenduen erakusleihoetan margolanak eginez, programak banatuz eta Irritxolagunen mapa bat sortuz, bakoitzak bere umore espazio bat bila dezan. Irritxopote bat ere antolatu dugu Judimendi auzoan bakarrizketa saioekin, kaleko animazioarekin, puxikekin... Laburbilduz, umorea kalean zabaltzeko ekintzek osatuko dute UMOREKALEAN atala.
Oscar Terol, Susana Soleto eta Jose Kruz Gurrutxaga dira aurtengo protagonistetako batzuk. Zer gehiago dakarkigu aurtengo edizioak?
Bertako artista ezagunek eta estatu mailan ezagunak diren beste batzuek ere parte hartuko dute ikuskizunetan. Zenbait lan euskaraz izango dira, beste batzuk inklusiboak (hitzik gabekoak, Gromic edo Carlo Mô, adibidez), Gasteizen estreinaldia egingo duten beste batzuk (Madame Señorita), Ekekei-ren Open Mic saioarekin etorriko diren komiko euskaldunak izango ditugu, Zugunruhe-n egingo den Clown tailerra, Álava Medieval-ekin kolaboratuz aurkeztuko den erakusketa XIX. mendeko umoreari buruz, "Serio hitz egiteko JARDUNALDIAK" dozena bat hizlari baino gehiagoren parte hartzearekin... Publiko zabal batentzat programatu dugu aurten. Sorpresa gehiago besaulkietarako utziko ditugu, eta zein diren jakiteko antzoki eta UMOREGUNEetara etorri beharko zarete.
Zein dira hurrengo urteetan eman beharreko urratsak?
Aurtengo edizioa bigarrena da eta gure asmoa hirugarrena txapeldun izendatzea da! Jaialdi hau ezin da soilik sarreren salmentarekin bizirik mantendu, ekitaldi gehienak doakoak baitira. Babes instituzionala eta inbertsio pribatua behar ditugu. Gure helburua jaialdia hirugarren edizioan sendotzea da, aurrekontu egonkorra lortzea lantalde solido eta motibatua lortzeko, lan baldintza onekin. Parte hartzaileen, hornitzaileen eta Administrazio publikoaren konfiantza osoa lortu nahi dugu, modu horretan programazio erakargarriak eskaini ahal izateko, anbizio handiko espazioak lortzeko... Buru-belarri gabiltza lanean, motibazioz beteriko lantaldea daukagu eta... ilusioak mendiak mugi ditzake!
(2022ko maiatzaren 23an argitaratutako Berezia).