Publiko irakurleen segmentazioa eta ezaugarriak. Datuak eta gogoetak

  • Publiko irakurleen segmentazioa eta ezaugarriak. Datuak eta gogoetak

  • DataMaiatzak 23
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua

Irakurzaletasuna funtsezkoa izan da, da eta izango da herritarren kultura praktiken multzoan. Kultura politiken ardatzetako bat ere bada, kontuan izanik irakurketaren unibertsoaren inguruan daudela liburutegiak, liburuaren sektorea (idazleek, argitaletxeek, banatzaileek eta liburu-dendek osatua), aldizkariak eta prentsa, kritika, azokak eta literatura sariak, etab. Eta horren guztiaren erdian, irakurleak. Horregatik, oso garrantzitsua da xehetasunez aztertzea nolakoak diren publiko irakurleak, estrategia eta politika sendoak zehazteko.

Azterlan honen interesa datza egiten duen gogoetan: irakurketaren praktikari berari buruzkoa eta erakundeek eta ikerketak praktika horretara hurbiltzeko duten moduari buruzkoa. Gainera, interesgarria da emaitzen xehetasunengatik eta haien interpretazioaren sakontasunagatik. Emaitza guztiak dagozkie aisialdian borondatez irakurtzen diren liburuei, eta azterketa guztia banandu egin da publiko irakurleen segmentu guztiak barne hartzeko (irakurle ez direnetatik hasi eta irakurle porrokatuenetaraino).

Txostenaren hasieran, aztergaia mugatzen da, apustu eginez termino kontzeptualetan eta estatistikoetan azalkeria gaindituko duen ikuspegi baten alde. Bigarrenik, Euskal Autonomia Erkidegoko irakurzaletasunaren testuingurua zirriborratzen da, datu konparatiboen bidez, ikuspegi historiko eta nazioarteko ikuspegi baten bidez. Ondoren, publiko irakurleen segmentazio zehatza egiten da, irakurtzeko ohiturak azaltzen dituzten faktoreak arakatu eta interpretatzen dira, eta atal berezi bat eskaintzen zaio azkenik euskarazko irakurketari. Amaitzeko, sintesi batean, laburbildu egiten dira abiapuntua (irakurketaren gaur egungo egoera EAEn), faktore argitzaileak eta irudika daitezkeen egoerak, lortutako emaitzak konbinatuta segmentazio eta marketin kulturaleko estrategien eredu kontzeptual batekin.

Azterlana egiteko, batik bat erabili dira Kulturaren Euskal Behatokiak 2018an eginiko EAEko parte-hartze kulturalari buruzko inkestaren datuak. Gainera, kasu batzuetan, urte bereko 66 Euskal Soziometroaren datuak erabili dira (2018ko maiatza), Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eginikoa.

Publiko irakurleen segmentazioa eta ezaugarriak. Datuak eta gogoetak (PDF, 3 MB)

Laburpen exekutiboa (PDF, 720 KB)

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana