Kalefest, Getxon euskarazko kaleko arteez gozatzeko jaialdia

  • Kalefest, Getxon euskarazko kaleko arteez gozatzeko jaialdia

Maiatzaren 28tik urriaren 15era, euskarazko kultura aire zabalera aterako da Getxon, Kalefest kaleko arteen jaialdiaren bidez. Irantzu Uriarte Getxoko kultur etxeko presidenteak eman dizkigu xehetasun guztiak.


Zer da Kalefest eta nola sortu da?

Kalefest euskarazko kaleko arte eszenikoen jaialdia da, eta joan den urteko Partaidetza Aurrekontuen barruan sortu zen. Herritarrek hainbat eremutan planteatu zituzten beren proposamenak, eta kultura arloan arteetarako irisgarritasuna errazteko beharra adierazi zuten, gazteei zuzendutako kultura jarduerak programatu eta euskara sustatu eta gizarteratuz.


Zein dira jaialdiaren ardatzak?

Programazioaren hiru ardatz nagusiak honako hauek dira: gertuko kultura kalean, euskara eta publiko gaztea. Kalefestek osasun-krisian galdutako espazio publikoa berreskuratzen du kultura agertoki gisa, eta, aldi berean, euskarazko jarduera eszenikoa sustatzen du askotariko ikuskizun eta jardueren bidez.


Getxoko auzo guztietara iritsiko da jaialdia. Non egingo dira emanaldiak, zehazki?

Ikuskizunak Algorta, Andra Mari, Areeta, Romo eta Neguriko hamar tokitan izango dira. Programazioa gertuko lekuetara eraman nahi dugu (San Nikolas plaza, Santa Eugenia plaza, Eskoletako plaza, Areetako geltokia, Portu Zaharra, Bizkaia Zubia, Evaristo Txurruka kaia), baina baita hain ezagun edota horrelako ekitaldien ohiko agertokiak ez diren beste batzuetara ere (Campa del loro delakoa, Txurruka kaia, San Joseren parkea eta Bostgarrena kaleko landa).


Zer-nolako ikuskizunak programatu dituzue eta nori daude zuzenduta?

Egitarauak askotariko proposamenak bilduko ditu: antzerkia, dantza, zirkua, zinema, diziplina anitzeko lanak eta kalejira bat. Horren bitartez, askotariko modalitateak erakutsi nahi ditugu, gustu guztiak asetzeko. Eskaintza hori, batez ere, ikusle gazteei zuzenduta dago, publiko heldua, familiak eta haurrak baztertu gabe.


Interes sozialeko gaiak oso presente egongo dira. Adibide batzuk emango dizkiguzu?

Publiko gaztea erakartzeko, gaurkotasun soziala hurbiltzen duten lanen aldeko apustua egin dugu. Ikuskizunetan, modu irekian eta askotan umoretik eta satiratik, honako gai hauek jorratuko dira, besteak beste: etxegabetzeak, genero-ikuspegia, transgenero-identitatea, sinesmenen eta amatasunari buruzko gogoeta 30 urtetik aurrera eta suizidioa.


Zer gehiago nabarmenduko zenuke prestatu duzuen egitarautik?

Jaialdi hau oso proposamen irekia eta eskuragarria egiteagatik nabarmentzen da, gure aisialdia kalean gozatzen dugun bitartean eskura duguna, berrikuntzaren eta dibertimenduaren aldeko apustua egiten dugun lan berritzaileekin, ikuskizun oso bisualen bitartez, adibidez dantza bertikala eta zirku-antzerkia, aire zabaleko agertokietarako oso egokiak direnak.


Ekimen hau herritarrek testuinguru zehatz batean egindako eskaerari emandako erantzuna da. Izan al lezake jarraipenik datozen urteetan?

Pandemia sasoian egonda, partaidetza-proiektu bati erantzuna emateko ekintza da Kalefest. Herritarrek sektore kulturalak jasan izan duen egoerari erantzuna ematea eskatu zuten, hau da, suspertze soziokulturalerako aparteko programa, eta horren ondorioa da jaialdia: getxotarrek eskatutako ekimena, une jakin batean, egoera jakin bati aurre egiteko.

 

(2022ko maiatzaren 27an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana