Ekainaren 25ean, KOBA Live metal musika jaialdia egingo da, lehenengo aldiz, Abadiñon. Sergio Correa Sugaar Musika Elkarteko kideak eman dizkigu horren gaineko xehetasunak.
Nola sortu zen jaialdia sortzeko ideia? Eta nork bultzatzen du?
Jaialdi bat sortzeko ideia nerabezarotik eduki dut. Norberak buruan dituen ideiak, baina zirkunstantziengatik atzeratu egiten direnak (lehenik, adinagatik, eta gero, ez direlako egokitzen unean uneko egoerara), harik eta 2015 inguruan hiru laguni planteatu, eta proiektuari ekin genion arte. Proiektua Abadiñoko udalari aurkeztu genion, 2016an, eta, normalean gertatzen den bezala, esku egokietan erortzen ez bada, ezerezean geratzen da. Bi urtez egon ginen udalak jaramon egingo ez egingo, ahaztuta ez gelditzeko esperantzan, baina ez zen nahikoa izan. Horren ondorioz, nire lagunek alde batera utzi zuten proiektua, denbora dela, lana dela eta nekea dela, baina nik gaiarekin jarraitu nuen nolabait ere. Pandemia iritsi zen, eta dena gelditu zen bertan behera. Baina 2021ean ideiari beste aukera bat —azkena— ematea erabaki nuen, eta, zorionez, oraingoan udalean aldaketak egon ziren. Argi Abadi aurkeztu nion, eta begi onez ikusi nuen. Hortik aurrera, 4 laguneko lantalde bat osatu nuen, elkarte bat sortu genuen eta lanean hasi ginen.
Jaialdia gure elkarteak —Sugaar Musika Elkartea— eta Abadiñoko udalak, biok batera antolatzen dugu. Eskuz esku lan egiten dugu. Guk estilo honetan dugun esperientzia jartzen dugu, eta haiek egitasmoa gauzatzeko behar den laguntza ekonomikoa eta azpiegiturazkoa, batez ere.
Zergatik orain?
Zirkunstantziek markatzen dute unea. Bere garaian proiektua onartu baligute, honez gero lehen edizioa eginda egongo zen. Argi daukaguna da —eta horren jakitun gara— data egokia dela. Pandemiaren ondorioz, kultur ekitaldiak, oro har, bertan behera gelditu dira; kontzertu, jaialdi eta abarren zaleok bi urtetik gora pasa dugu baraurik; bandak, teknikariak eta abar, lanik gabe; eta 2022 dator, eta denok ezin gogotsuago gaudela, halako batean, Koba Live Abadiño jaio da. Esan dezakedana da egoerak markatu duela urtea. Dagoen eragozpen bakarra da, nolabait esateagatik, ekitaldi asko daudela oraintxe bertan, baina ez zaigu iruditzen zerbait negatiboa, baizik eta dibertsitatearen seinale; ona da publikoak erabaki ahal izatea leku batera edo bestera joan. Guk, gure kasuan, badakigu zer antolatzen ari garen, eta ziur gaude aukera ona izango dela bisitatu nahi gaituenarentzat.
Zer publiko klasetara iritsi nahi duzue?
Ba asko gustatzen zait galdera, eta komunikabide guztiei esaten diet, erraza baita erantzuna: inor ez dugu kanpoan utzi nahi. Argi daukagu bertaratzen diren gehienak metalzaleak eta heavyzaleak izango direla, baina ez dugu inor kanpoan utzi nahi. Festa-egun bat da, edonor joan daiteke, zerbait hartu, eta giroaz gozatu. Bada gauza bat, halere, erakutsi nahi genukeena; jendeari, herriari, eskualdeari, erakundeei eta gainerakoei erakutsi heavy-jaialdi bateko giroa sanoa dela. Txima luzeak, larrua, arrakadak eta garagardoak gorabehera —estiloarekin oso leialak baikara—, ez gara jende liskarzalea; musikarekin eta ingurunearekin gozatzen duen jendea gara. Gainera, horrelako ekitaldiek aberastasun handia uzten dute egiten diren lekuetan. Izan ere, gure lehen ideia izan zen benetan egingo diren baina askoz ere jarduera gehiago egitea, batez ere adin desberdinetako jendea inplikatzeko. Baina denbora gainera etorri zaigu, eta buruan ditugun ideia horiek guztiak, aurten dena ondo badoa, 2023ko edizioan egiten saiatuko gara.
Zer irizpide hartu dituzue kontuan bandak hautatzerakoan? Zein izan dira azkenean aukeratutakoak?
Ba galdera hau aurrekoari lotuta dago pixka bat, irizpidea aniztasuna izan baita. Lehenik eta behin, Euskadiko lurralde osoko jendea etortzea nahi genuen. Batetik, ELBERETH dator, 20 urtetik gorako ibilbide luzea duen talde legazpiarra; horrek esan nahi du Gipuzkoako zatitxo bat ordezkatuta dagoela. Bestetik, THE FAITHLESS dugu, talde diferenteetan ibilitako esperientzia handiko musikariak, duela urte batzuk banda harrigarri honetan elkartu zirenak; Arabatik datoz, Gasteiztik hain zuzen ere, eta lurralde hori ordezkatzen dute. Eta gero, kartelburu gisa, VHÄLDEMAR taldea, estatu mailan eta nazioartean goren-gorenean dagoen talde indartsua; Barakaldotik datoz, eta Bizkaia ordezkatzen dute.
Bete nahi genuen beste baldintza bat tokiko bandak egotea zen. Alde batetik, ORION CHILD. Abadiñon entseatzen dute eta urte asko daramatzate metala jotzen jaialdi eta kontzertu ugaritan. Gero, THE KRAVEN Durangoko taldea dago; 2008an desegin zen, eta KOBA Live Abadiño jaialdian agertuko dira berriz ere lehendabiziko aldiz.
Eta jarri genuen azken baldintza izan zen Abadiñora joateko grina pixka bat gehiago igoko zuen estatu-mailako talde bat ekartzea. Eta VITA IMANA, dira; Madrildik datoz eta zuzenean itzelak dira, aho zabalik utziko gaituzte. Horrela, kartel erakargarri bat antolatzea lortu dugu, buruan genuen beste ideia bat jasotzen duena: aniztasuna; metalaren barruan estilo desberdinak ditugu, eta, horri esker, jende gehiagorengana iritsi ahal izango gara.
Aurkezteko geratzen zaidan azken taldea UNHOLY COVERS da. Festaren amaiera izango da. Bermeotik datoz, eta show ikaragarria dute, 80-90eko hamarkadako heavy petoak dira, eta garaiko cover-ak egiten dituzte. Zuzeneko musika gustatzen zaigu, eta jaialdia horrela amaitzea erabaki genuen, DJren batekin amaitu ordez.
Eta kontzertuetatik aparte?
Lehen esan dudan bezala, hamaika jarduera genituen buruan, baina proiektuari ekin genionean pandemia goraka ari zen, eta ez genuen argi zer egin genezakeen eta zer ez. Horrek formatua murriztera behartu gaitu, ez baikenuen prestatzeko denborarik, baina argi geneukan geure proiektuak jendea Abadiñora goizetik etortzera animatuko zuen zerbait egin nahi eta behar genuela.
Horregatik, 10:30etik aurrera, Rockbidea-ko lagunak (Radio Candela) izango ditugu Traña-Matiena auzoko Vancouver tabernako terrazan, goizean gertatzen denaren berri emanez eta zuzeneko elkarrizketak eginez, bai taldeei, ostalariei, udal-ordezkariei, elkarteko kideei eta jende guztiari oro har.
Eta Taberna Zarrako terrazan, irratitik metro gutxira, 12:30etik 14:00etara, DJ Jarros arituko da, hau da, Dani Álvarez EiTBko kazetaria eta metalaren maitale handia, Abadiñoko goiza musikaz girotuz.
Kontzertuak doakoak izango dira. Hasieratik argi zenuten?
Hasieratik argi genuen, bai. Ez dakigu etorkizunak zer ekarriko digun, baina argi daukagu egunen batean kobratzen bada, izango dela aurretik ondo bai ondo frogatu dugulako merezi duela Abadiñoko KOBA Livera etortzea. Jakin badakigu proiektu honek gora egingo badu oinarria izango dela ekonomikoki kaudimen nahikoa izatea, taldeetan, jardueretan, azpiegituretan... inbertitu ahal izateko. Baina hori guztia ez da gertatuko aldez aurretik erakutsi gabe zer egiteko gai garen eta publikoaren aldetik erantzun positiboa jaso gabe.
Non egingo da zehazki jaialdia? Zer aukera eskaintzen dizkio inguruneak egonaldi luzeagoa egin nahi duenari?
Aurtengo jaialdia Traña-Matiena auzoan egingo da oso-osorik, hobeto komunikatuta dagoelako. Zehazki, Matiena Institutuaren futbol-zelaian egingo da, tren-geltokiarekiko paraleloan. Hasierako asmoa zen auzoz auzo jarduerak egitea, baina, lehen esan dudan bezala, ez digu denborarik eman.
Abadiño herri ezin hobea da horrelako ekitaldi bat egiteko. Bai herrian, bai eskualdean estiloaren jarraitzaile asko daude, eta, gainera, beste abantaila handi bat dugu: oso ondo komunikatuta gaude EAEko lurraldeekin, eta garraio publikoak konbinazio asko betetzen ditu. Autoz etortzea erabakiz gero, ia distantzia bera dago Arabatik edo Donostiatik, eta apur bat hurbilago dago Bilbotik. Aparkatzea oso erraza da, eta giro ona dago.
Bestalde, turismo maila itzela da: inguruneko mendiak ikusgarriak dira, eta bat datoz jaialdiaren izenarekin. Egun eguzkitsua egokituz gero, kontzertuak entzuten ari garenean mendietako gailurrak ikusiko ditugu agertokiaren atzean.
Gaua pasatzeko hainbat toki ditugu (ostatuak, hotelak), eta barbakoak dituzten zenbait parke ere bai, asteburua arazorik gabe igaro ahal izateko.
Laburbilduz, natur ingurune paregabea, egunero giro ona duena, eta bisitariak behar dituen erosotasun guztiez hornitua, haren egonaldia atsegina, jai-girokoa eta gozatzekoa izan dadin.
Jaialdiak izango du jarraipenik?
Bai, dudarik gabe, baina baldintza batekin: publikoaren laguntza behar dugu. Antolatzaileok jarraitzeko gogoz gaude, lan egiteko, hobetzeko eta inguruan erreferente izatera iristeko gogo biziz, baina horretarako publikoaren beharra dugu; izan ere, hurbiltzen, kontsumitzen eta gozatzen badute, guztion artean haztea lortuko dugu, eustea, eta arrazoi sendoak ematea erakundeek laguntzen jarrai dezaten.
Lan egin dezagun KOBA Live Abadiño-k iraun dezan urte askoan.
Eskerrik asko ahotsa ematen diguzuen komunikabideei, zuek gabe ere ezin izango baikenuke amets hau bete.
(2022ko ekainaren 14an argitaratutako Berezia).