Erika Lagomari eta Estitxu Fernandezi eginiko elkarrizketa

  • Erika Lagomari eta Estitxu Fernandezi eginiko elkarrizketa

  • DataEkainak 21
  • Gaia Literatura

Amatasunei kantatuz eta gorputzetatik dantzatuz, M ama* eme* ume* idatzi dute Erika Lagomak (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandezek (Lesaka, 1975). Umetoki, mamitu, emekiro, maitasun, emagin, momentu, eman, magal, emozio, mundu… Gauza asko ahoskatu ditzake letrak: hainbat leku magiko, zenbait bizipen, hurbileneko pertsonak, animalia diren gorputzak, prozesuren bat edo beste…

Zenbat m txiki kabitzen dira M handi batean?

M handiaren tamainaren arabera, eta gurea infinituaren lagin bat da. Milioi bat izan zitezkeen, baina 13 dira. 13 ahots, 13 bizipen: erditu direnak eta ez direnak, ama ez izatea aukeratu dutenak, ama bakarrak, banatu diren amak, adopzio-bidezkoak, amamak, etorkinak, ama lesbianak… Agertzen da amatasuna eta eritasuna, indarkeria matxista, indarkeria obstetrikoa, migrazioa, osasun mentaleko arazoak… Agertzen dira galerak: galdutako umeak eta doluak. Eta bi aita. Ez gaude denak, kabitzen ez garelako. Ama batekin egoten garen aldiro, liburuan egon behar zuela iruditzen zaigu.

M letra larria gorantz begira dauden bi bular izan daitezke, edo denboraren igaroan elkarren ondoan mantenduko diren bi mendi: ama eta umea. Zer da, zuentzat, M?

M da ama, eme, ume, maitasun, mamu, min… Errusiar mendi bat, goiti-beheiti doana eta bizi garen artean akaberarik ez duena. M da mintza. Mintz anitzek zeharkatzen dute amaren gorputza. Generoa, etnia edo klasea bezalako kategoriek. Sexualitateak, giza harremanek, komunitateak, jendarteak. Baina ez bakarrik mintz kulturalek, baita biologiak eta psikologiak ere. M dira amon ahotsak, amatasunaren eta feminismoarenar teko harreman gatazkatsua gainditzeko ezinber tzekoak. Egituraz bateraezinak omen dira amatasuna eta emakumearen garapena, eta hor errotu gara, ikusi beharrean bertzelako amatasunak nola eraiki.

Kontaiguzue liburua sortzeko bide hori nolakoa izan den, bide horretan lagun izan nahi dugu eta.

Durangoko V. Jardunaldi feministetan hasi genuen bidea, 2019ko azaroan. Hiru egunetan izan ziren dozenaka elkarguneetan, amatasunaren inguruko tailer

bakarra izan zen. Gela ttiki bat amaz betea, ama anitz kanpoan ezin sartu. Bakardadea, epaiketa eta kulpa aipatu zuten anitzek, baita amatasunak feministago eta antikapitalistago egin izana ere. Eta eredu gabeziak sortutako iruzur sentsazioa ia denek. Bizipenei ahotsa emateko beharra berretsi genuen, eta hortik dator liburua.

Guk biok maiz konpartitu dugu gure amatasuna, bizipen zeharo desberdinak izan ditugu, baina emozionalki elkar sostengatu dugu momentu kritikoetan, nahiz eta bat Durangon bizi eta bertzea Donostian. Horrek anitz elkar tu gaitu, bagenekien lan hau elkarrekin egin nahi genuela eta elkar zaintzea izanen zela oinarria.

Markoa prestatu genuen aurrena, eta kotxean sartu gero. 13 euskal herri, hiri. 13 pertsona, 13 errealitate eta bizipen. Zeharkatu gaituzte denek. Ikasi dugu guziekin. Zinez eskertuta gaude. Elkarrizketak narrazio bihurtzearen prozesua etorri zen gero. Transkribaketa, eta findu, findu, eta gehiago findu. Bakoitzaren indargune eta ahulguneak zein ziren ikusi dugu, eta ohartu gara izugarri osagarriak garela. Zaintza eta lankidetza izan dira lanerako bi zutabe nagusiak.

Amatasun feministek hartu dute ahotsa eta gorputza liburu honetan. Zergatik plurala, eta ez singularra?

Bizipenak anitzak direlako, amak eta feministak anitzak garen bezala. Plurala elkarrekin pentsatu eta eraikitzen da. Bagaude ama feministak, baina badaude amatasun feministak? Ezaugarritzea lortuko bagenu ere, ez litzateke molde mugiezina izango; singularra jantzi estuegia da. Norberarena ez bada kabitzen, ideologia ez baina dogma litzateke. Amatasunaren inguruko ikuspegi dogmatikoek badakigu nora kondenatzen gaituzten: idealizazioz betetako eta eskubidez hustutako muturretara. Mutur horiek zalantzan paratzen dituzten artesietan daude amatasun feministak.

Politikotasunetik hitz egin arren, bizitzari abesten diote ahotsek.

Bizitza eta egunerokoa politikoak direlako. Ez luke zentzurik amatasuna(k) politizatzeak bizitzari begiratu gabe, bizipenak entzun gabe. Eta, beraz, galdera ezinbertzekoa da: zer da bizitza? Zer behar du bizitzak garatzeko? Erantzunak topatzeko, ezin zaie bizitza ekartzen duten gorputzei eta bizitzaren hasierari ez ikusiarena egin.

Aitortu behar dizuet liburu honen bila nenbilela aspaldi. Irakurri gura zenuten liburua idatzi duzue?

Bai kategorikoa. Marko soil batetik abiatu ginen, profilak marraztu genituen, baina ez genekien elkarrizketatuek zer kontatuko ziguten. Narrazio bakoitza matrioxka bat

izan da, panpinatxo bat zabaldu eta bertzea azaltzea, behin eta berriz. Sentipen horrekin abiatu ginen, eta akaberan berretsi zaigu guztiz. Badakigu entziklopedia bat izan beharko lukeela, liburu bakarra izateak bere mugak dauzka. Testigantzak, testuinguruak, begiradak kanpoan uztea dakar. 13 hauek, aldiz, norberari begiratzeko parada dira: hausnartzeko, norbere istorioa berrikusteko, enpatizatzeko, zalantzan jartzeko, norberarenari eusteko, ados ez egoteko… Bertze harlauza bat da, aurrez egin diren eta eginen diren ekarpenei gehitzen zaiena.

Nondik eta norantz idatzi duzue liburu hau?

Aditzeko beharretik bezainbertze, solastatzeko beharretik abiatu gara. Amon ahotsak kakofoniak dira egunerokoan, etxeko paretetan geratzen direnak maiz. Eta etxeko hormetan gelditzen denari badakigu zer gertatzen zaion: ez dela existitzen. Amon ahotsa ere entzun egin behar da, bertze inork gure ahotik hitz egin gabe. Orduan izanen da posible (des)eraikitzea, inposatutako amatasunak eraitsi eta bizigarriak sortzea. Amatasun mota guztiek funtzio eta eragin sozial ukaezina daukate, aitortu nahi ez badiegu ere. Sistema hau, eta bizitza bera, ez da jasangarria amok doan egiten dugun lanik gabe. Pertsona guztiok zeharkatzen gaitu, izan, ez izan edo izan ezin, denok garelako norbaiten seme-alabak.

Orduan, ama izan, ez izan edo ezin izan, denon tzat da liburu hau, ezta?

Bai. Paradigma sozial justuago bat amesten duen edonorentzat. Amen eta umeen bizi baldintzen inguruan ez tabaida sortzea urgentea da, gai hau feminismoaren agendan jartzea. Ea laguntzen duen horretan.

 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana