"Berpiztu" dokumentalak Kepa Junkeraren obra eta sortzeko grina erakutsiko ditu

eitb.eus

  • DataEkainak 22
  • Gaia Musika, Ikus-entzunezkoa

Fermin Aioren film luze dokumentalak EITBren parte-hartzea du, eta udazkenean iritsiko da zinema aretoetara, liburu bat lagun.

Berpiztu Fermin Aioren film luze dokumentalak eta udazkenean argitaratuko den izen bereko liburuak Kepa Junkera trikitilari ezagunaren memoria eta lana berreskuratuko dituzte, bilbotar musikariaren ibilbidea 2018an iktus bat izan ondoren tupustean eten eta gero.

Junkerak liburu bat prestatu du, bere ibilbide osoa bilduko duena eta Junkerak sorkuntza kolektibo gisa ulertzen duena. Hain zuzen ere, proiektuarekin bat egitera gonbidatu ditu bere ibilbidean zehar berarekin kolaboratu duten artista guztiak: poetak, idazleak, argazkilariak, margolariak, ilustratzaileak eta abar.

Orain, Berpiztu EITBren parte-hartzea duen pelikulak prozesu hori guztia erakutsiko du: 40 urteko ibilbidean 30 urte eta 100 kolaborazio baino gehiago utzi dituen musikariaren obra eta, osasun arazoen ondorioz hori egun batetik bestera eten eta gero, bi urteko errehabilitazio saioak, "gorputzaren mugikortasuna berreskuratzeko, hitz egiten ikasteko, eskuak mugitzeko, jateko, bizitzen jarraitzeko. Kepak bizitzen jarraitzen duelako, sortzen jarraitzen duelako, artearekin hunkitzen, musikarekin, poesiarekin, pinturarekin, argazkigintzarekin", proiektuaren arduradunek azaldu dutenez.

Fermin Aio zuzendariaren hitzetan, Berpiztu ez da soilik kultura ondarearen babesa aldarrikatzen duen dokumental bat: "Filmak musikariaren egungo errealitatea erakusten du, bere ondare aparta bizirik eusteko borrokan".

Besteak beste, Junkeraren adiskide hauen lekukotasunak bildu dituzte filmerako: Ara Malikian, Santiago Auseron, Pablo Milanes, Pedro Guerra, Estrella Morente, Dulce Pontes, Joseba Tapia, Ibon Koteron, Motriku eta Sorgiñak taldea.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana