Kulturgest Bilbao-UPV/EHU Uda Ikastaroak: Kultura politikak hirietan

  • Kulturgest Bilbao-UPV/EHU Uda Ikastaroak: Kultura politikak hirietan
    Gonzalo Olabarria Villota, Gorka Moreno Márquez, Itziar Alkorta Idiakez, Patxi Juaristi Larrinaga
  • Kulturgest Bilbao-UPV/EHU Uda Ikastaroak: Kultura politikak hirietan
    Iñaki López de Aguileta | Ayuntamiento de Bilbao - Director de Cultura
  • Kulturgest Bilbao-UPV/EHU Uda Ikastaroak: Kultura politikak hirietan
    Lucía Vázquez Vázquez | Red de Soluciones para el Desarrollo Sostenible (SDSN) - Responsable de programas de educación y cultura en REDS
  • Kulturgest Bilbao-UPV/EHU Uda Ikastaroak: Kultura politikak hirietan
    Daniel Granados | Ayuntamiento de Barcelona - Delegado de Derechos Culturales

  • DataEkainak 23
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua

Ekainaren 22ko goizean egindako "Kultura politikak hirietan" uda ikastaroa 2022an KulturGest Bilbao-UPV/EHU Uda Ikastaroak izeneko ikastaro ziklo oso baten parte da. Ziklo horren baitan, zenbait unitate landuko dira 2022an eta hurrengo bi urteetan.

Ikastaroaren helburu nagusia honako hau izan da: kultura politikako jardunbideak ezagutzera ematea, kultura politiken eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) arteko harremanaren eta loturaren ikuspegitik, eta garapen jasangarrirako 2030 Agendaren barruan.

Hiru hitzaldi eta mahai inguru bat izan ditu ikastaroak.

Lehen hitzaldian, Lucia Vazquez Vazquez Sustainable Development Solutions Network-eko (SDSN) kide eta Garapen Jasangarrirako Espainiako Sareko (REDS) hezkuntza eta kultura programen arduradunak kulturan eta kultura identitatean jarri du arreta, klima aldaketaren krisiaren testuinguruan hainbat kontzepturi ("aurrerabidea" edo "garapena", esaterako) beste esanahi bat emateko lan egiteko gaitasuna duten arlo gisa ulertuta, eta 2030 agendaren Garapen Jasangarrirako helburuekin ezinbestean konektatuta, eta kultura jasangarritasunaren laugarren zutabe moduan finkatuta (ingurumenarena, soziala eta ekonomikoa dira beste hiru zutabeak). Horrekin lotuta, jasangarritasuna kultura kudeaketan, praktikan eta ekintzan txertatzeko beharra azpimarratu eta "Hacia una cultura sostenible. Guía para integrar la agenda 2030 en el sector cultural" dokumentua ("Kultura jasangarri baterantz. 2030 agenda kultura sektorean txertatzeko gida") ikuspegi praktiko batetik erakutsi du.

Ondoren, Daniel Granados Bartzelonako Udaleko Kultura Eskubideen Ordezkariak Bartzelonan garatutako kultura politikaren ardatz kontzeptualak azaldu ditu, Bartzelonako Kultura Eskubideen Plana ("Aquí es fa Cultura" izenekoa) erakutsiz. Kulturarako sarbidea eta praktika eta parte hartze kulturala herritarren funtsezko eskubidetzat hartzea da planaren abiapuntuan dagoen ideia, eta hiriko bizitza demokratizatzeko oinarrizko elementua ere badela zehazten du, betiere honako printzipio gidari hauek estrategikotzat jota: aniztasunaren eta kulturartekotasunaren sustapena, ikuspegi feminista, gardentasuna eta gobernu ona, deszentralizazioa eta zentraltasun berriak, metropoliko kultura, jasangarritasuna, katalana (hizkuntza) eta transbertsalitatea.  

Hirugarren hitzaldian, Iñaki Lopez de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura Saileko zuzendariak Bilboko auzoak izan ditu hizpide, kulturarako lurralde gisa, eta kulturarako lehentasunezko espazioak direla ulertuta, eta kulturak gizarte kohesiorako eta eraldaketarako funtsezko tresna gisa duen balio ukaezina abiapuntutzat hartuta. Testuinguru horretan, adierazi du estrategia horretan nagusiki erabiltzen diren tresnak kultura programazioa, liburutegi sarea eta sorkuntzarako udal ekipamenduak direla.

Azkenik, Ainhoa Novo UPV/EHUko irakasle eta ikastaroaren zuzendariak dinamizatu duen mahai inguruan bi gai jorratu dira batera: batetik, COVID-19aren pandemiak kultura kudeaketan izandako eragina eta utzitako irakaspenak; eta, bestetik, kultura kudeaketak etorkizunera begira dituen erronkak. Aurrenekoari dagokionez, honako alderdi hauek aipatu dira, besteak beste: espazio publikoari balio handiagoa ematea kultura jardueretarako lehentasunezko espazio gisa, kapital soziala sortzea, administrazio publikoek ziurgabetasun egoerak kudeatzeko duten gaitasunaren eraginkortasun handiagoa edo txikiagoa eta ikuspegi ez jasangarria duten kultura politiken gabezia estrukturalak agerian jartzea. Aipatutako erronkak, aldiz, beste esparru hauekin lotuta egon dira: herritarrak ikusle moduan barik parte hartzaile eta sortzaile gisa ulertzeko bidean aurrera egitea, garapen jasangarrirako lagungarri izango den kultura erresilienteago bat egitea eta agian orain arte behar beste aztertu ez diren esparruen artean (kultura, hezkuntza eta osasuna, adibidez) aliantzak sortzea.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana