Donostia Zinemaldiak 70. urteurrenari buruzko bere erakusketa handia inauguratu du Tabakaleran

  • Donostia Zinemaldiak 70. urteurrenari buruzko bere erakusketa handia inauguratu du Tabakaleran

Irailaren 24ra arte egongo da ikusgai Imajinatu Zinemaldia, hogei bat pantailaren bidez 150 minututik gorako edukia biltzen duten ehunka bideo erakusten dituena

Donostia Zinemaldiak bere 70. edizioa egingo du irailaren 16tik 24ra, eta urteurren hori ospatzeko, erakusketa handi bat inauguratu du gaur Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, Zinemaldiaren egoitzan. Tabakalerak Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatua, «Imajinatu Zinemaldia» erakusketa zinema-industriari, komunikabideei, zinema-aretoei, hiriari berari eta, jakina, edizioz edizio aretoak betetzen dituzten ikus-entzuleei egindako omenaldi gisa planteatzen da.

Gaurtik irailaren 24ra arte, erakusketak Tabakalerako hainbat gune publikotan banatutako ikus-entzunezko instalazioen bidez Zinemaldiaren historiako jazoera gogoangarri nagusiak erakutsiko ditu. Morgancreako Carlos Rodríguez eta Asun Lasarteren kontzeptuaren arabera, "pertsona guztiok protagonista gaituen obra kolektibo" gisa aurkeztu da erakusketa. Morgancrea ekoiztetxea da, hain zuzen, erakusketa horren komisarioa, eta hogei bat pantailaren bidez 150 minututik gorako edukia biltzen duten ehunka bideo erakusten dira bertan.

Erakusketa diseinatu dutenekin batera, Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek, Tabakalerako zuzendari Edurne Ormazabalek, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok hartu dute parte aurkezpenean, erakusketan lagundu duten erakundeen izenean.


  • Gaia Ikusizko arteak, Ikus-entzunezkoa
Euskadi, auzolana