Hiru emakume koreografo donostiar izango dira Tabakalera Dantzan zikloko protagonistak

  • Hiru emakume koreografo donostiar izango dira Tabakalera Dantzan zikloko protagonistak

Musika Hamabostaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroak sorkuntza garaikidearen aldeko apustua berretsiko dute Tabakalera Dantzan zikloaren hirugarren edizioan. Beren sorkuntzari dagokionez heldutasuna erdietsi duten hiru koreografo donostiar izango dira abuztuaren 11tik 18ra gauzatuko den egitarauaren protagonistak.

Tabakalera dantzan Aditu lanaren erabateko estreinaldiarekin abiatuko da. Lan honek dantzaren eta soinu-artearen arteko harremana aztertzen du, zeinu-hizkuntza ere baliatuz. Proposamenak Jone San Martin (Donostia, 1966) beteranoa eta Mikel R. Nieto batu ditu zuzendaritza artistikoan. Bi emanaldi izango ditu saioak, abuztuaren 11n eta 12an, Tabakalerako patioan.

Ibilbide luzea egin du interpretazioan nahiz kultur kudeaketan Olatz de Andrések (Donostia, 1976). Musika Hamabostaldian debutatuko du bere Doppelgänger lanetik ateratako hiru pilularekin: Doppel-Xake, Doppel-C3PO eta Doppel-Leo. Hamar eta hamabost minutu arteko iraupena du kapsula bakoitzak, eta proposamena doblearekin proposatutako jolasak eta gizakia gauza edo objektu bihurtzeak ardaztuko dute. Ekintza koreografikoak Tabakalerako hiru gunetan egingo dira abuztuaren 17 eta 18an. Emanaldi hauek doakoak izango dira.

Judith Argomaniz (Donostia,1983) dantzariak eta bere Lasala konpainiak itxiko dute zikloa, abuztuaren 18anDead lanarekin. Emakumeek europar gizartean jasan ohi duten zama emozionalak gidatzen du obraren argumentua. Lan honen bertsio laburrak (Alive) publikoaren ikuskizun onenaren saria jaso du Valladolideko Kaleko Antzerki eta Artearen Nazioarteko Festibalean.

Tabakalera Dantzan zikloko ikuskizunetarako sarrerek 10,00 euroko prezioa dute (doakoak izango diren Doppelgänger kapsulek izan ezik). Sarrerak www.musikahamabostaldia.eus webgunean eta Kursaal nahiz Victoria Eugeniako leihatiletan eskuratu daitezke. Emanaldiaren egun berean ere erosi ahal izango dira Tabakaleran, emanaldia baino ordubete lehenago, sarrerarik geratzen bada.

Ondoko ikuskizunek osatzen dute Tabakalera Dantzan zikloa:

Jone San Martín, Aditu - Abuztuak 11 eta 12, 20:00 - Tabakalerako Patioa

Dantza aditzea. Jone San Martin (Donostia, 1966) dantzari eta koreografo beteranoa Musika Hamabostaldira itzuliko da oso pertsonala den Aditu proposamenaren erabateko estreinaldiarekin. Euskaraz ‘aditu’-k entzun, ulertu, usaindu, sumatu edota adostu esan nahi du. Latinez, aldiz, ‘aditus’-ek hurbildu edo norbaitengana zuzendu esan nahi du. Hautemateko eta ulertzeko nahiz ados jartzeko gaitasun horrek donostiar koreografoari aukera ematen dio besteagana zuzendu eta harengana zuzentzeko.

Bere hitzetan, obra «dantza eta soinu-artea gorreriarekin eta keinu-hizkuntzarekin harremanetan jartzen dituen ikerketa da. Hauek baliatzen ditu koreografiarako mugimendu iturri agorrezin gisa, baita soinu iturri bezala ere». Mikel R. Nieto-rekin batera zuzendu duenak «soinuarekin eta haren ausentziarekin zerikusi handia du, agertokian pertsona gorrak daudelako eta zeinu-hizkuntza baliatzen dugulako», azaltzen du sortzaileak.

Donostian jaiotako Jone San Martinek bere dantza prestakuntza Mentxu Medel irakaslearen eskutik jaso zuen Gimnasio Siluetan, lehenik, eta Thalia Dantza Estudioan, Bartzelonako Institute del Teatren eta Bruselako Mudran ondotik. Espainiako Ballet Nazional Klasikoko eta Archipel Sud, José Besprosvany, Jacopo Godani eta Charleroiko ballet belgiarretako kide izan da. Alemanian Phillippe Talarden Ulmer Theater delakora batu zen eta 1992an, Frankfurt Balletera William Forsytheren gidaritzapean. Beranduago koreografo newyorktarrarekin jarraitu zuen The Forsythe Company proiektuan, 2005 eta 2015 artean. 2000tik dihardu bere koreografiak egiten. 2004an Festival de Avignonera gonbidatu zuten: «Tourlourou» soloa interpretatu zuen, Calotta Sagnak beretzat sortutakoa, «Sujets à Vif» zikloaren zati gisa. 2006an Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko saria eman zioten bere ibilbideari. 2014tik Donostiako Dantzaz Konpainiaren Artista bazkidetua da. DDSS16ko (Europako Kultur Hiriburutza 2016) Arte Eszenikoen Egitarauko Gutun Zuria, Jone San Martin Dance On Ensemble konpainia berlindarreko kide da 2015etik.

Lasala | Judith Argomaniz Dead - Abuztuak 18, 20:00 - Tabakalerako Patioa

Bidaia bat askapenerantz. Lasala konpainiak lehenengoz 2015ean hartu zuen parte Musika Hamabostaldian, Inaugurazio Egunean. Halabaina, bere parte-hartzea garrantzitsuagoa izan zen 2020ko edizio berezian: bertako interprete eta koreografo gazteak pandemia garai betean bultzatzeko ziklo bat sortu zen orduan, Dantza KM0 izengoitia zuena. Bueltan da beraz Judith Argomanizek (Donostia, 1983) gidatutako konpainia, Dead aurkezteko. Egungo gizarte europarreko emakumeari buruzko lana da: «Emakumeek jaso ohi dugun zamaz mintzatzen gara, estetikarekiko presio guzti horrekin eta indartsuak izan eta jarraitzeko beharrarekin. Piezaren barruan bidaia bat dago askapenerantz: guzti horretaz libratzen gara eta heriotzera abiatzen gara, baina behingoz askaturik», azaltzen du koreografoak.

2013an sortutako Lasala konpainiak Argomanizen dantza garaikideko lengoaia aberatsa du ezaugarri nagusi: mugimendua ez du doakoa eta interprete guztiei eskatzen die gaitasun fisiko handia. 2020an estreinatutako obraren Alive bertsio laburrak Valladolideko Kaleko Antzerki eta Artearen Nazioarteko Festibalaren dantza ikuskizunik onenari saria jaso zuen iragan maiatzean.

Donostian jaiotako Judith Argomanizek bere dantza klasikoko ikasketak Olga del Barrio irakaslearekin hasi zituen Anaiak Akademian eta Bartzelonako Institut del Teatren bukatu zituen. ITren eskutik dantza garaikideko espezialitatean graduatu zen eta Madrila joan zen bizitzera María de Ávila Goi-Mailako Dantza Kontserbatorioan bere ikasketan zabaltzeko. Bere prestakuntza emaitzarik onenekin eta sari bereziarekin bukatu zituen. Dantzari gisa Biarritz Junior balleteko izan zen –egun Dantzaz izena duena– eta Amaury Dance Companyko kide izan zen. 2013an dantza garaikideko Lasala sortu zuen, egungo lengoaia fisiko eta estetikoa aztertzea filosofia duen konpainia. Hooked opera primarekin hainbat sari eskuratu zituen estatu mailan nahiz nazioartean. Bere ondoko ekoizpenetan ere hainbat aitorpen jaso ditu: besteak beste, Huescako Nazioarteko Antzerki eta Dantza Azokako publikoaren saria Now lanagatik, Leioako Umore Azokan Euskadiko kaleko emanaldi onenari saria Microclimate lanagatik eta Valladolideko Kaleko Antzeko eta Artearen Nazioarteko Festibaleko dantza ikuskizun onenari saria Alive lanagatik. Judith Argomanizek Gipuzkoako Errebelazio Saria jaso zuen 2017an.

L?kke | Olatz De Andrés: Doppelgänger - Abuztuak 17 eta 18 – Tabakalera

Topaketa espontaneoak. Bilbon bizi den Olatz de Andrések (Donostia, 1976) bere ibilbide luzean interpretazioa, koreografia, irakaskuntza eta kultur kudeaketa jorratu ditu. Musika Hamabostaldian parte hartuko duen lehen aldi honetan, L?kke bere konpainiarekin etorriko da eta Doppelgänger laneko hiru kapsula aurkeztuko ditu. Lan hori ezohiko espazioak bereganatzen dituen pieza ibiltaria da, doblearen ideiarekin eta denborarekin eraldatzearekin jolasten duena.

«Publikoak modu espontaneoan topatzea da ideia, baina testuinguruaren arabera ordu eta leku ezberdinetan emango dira», azaltzen du artistak. Beste ezaugarrietako bat da interpreteen nortasuna ezkutuan geratzen dela, jantziek erabat estaltzen baitituzte «gorputza pertsona kenduta azaltzen baita». Kapsula bakoitzaren iraupena 10 eta 15 minutu artekoa da.

Doppelgänger osatzen duten hiru ekintza koreografikoetatik, L?kkek ondokoak eskainiko ditu: Doppel-Xake «xake-joko koreografiko bat da, dantzariak jokoaren eta joko-taularen parte bihurtzen dituena», abuztuaren 17an, Tabakalerako Plazan, 19.30ean.

Hurrengo egunean, bigarren jardunaldia Doppel-C3PO lanarekin hasiko da, «behatzera eta gelditzera gonbidapena. Kapsula honetan denbora erabat geldotzen da eta gure eguneroko denborarekin talka egiten du». Hitzordua Tabakalerako eskailera nagusian izango da, 19:30ean. Triptikoa Tabakalerako beste gune batean itxiko dute 21:15ean, Lasalaren emanaldiaren ostean, Doppel-Leo piezarekin «hiruretatik pieza koreografikoenean dantzariak kamuflatu egiten dira gorputz bakarrean batzeko».

Olatz de Andrés donostiarrak dantza garaikideko, inprobisazioko eta koreografiako prestakuntza jaso zuen Bilbon, Granadan, Bartzelonan, Genevan eta Londresen. Granadako Unibertsitatean Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatu zen eta DMT Masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean. LCDS-The Place (Londres) MA in Choreography egin zuen. Bere ibilbidean interpretatzaile, koreografo, irakasle eta kudeatzaile lanetan aritu da. Interprete bezala Kataluinian aritu zen 2004 eta 2009 artean Deambulants, Iliacán, Antigua I Barbuda konpainiekin eta Benoit Lachambre eta John Jasperse koreografoekin. 2010 eta 2015 artean praktika koreografikoa Muelle3 Bilboko dantza eta sorkuntza espazioaren zuzendaritza partekatuarekin uztartu zuen. Dantzabiz (Bizkaiko Dantza Etxea) martxan jartzen lan egin zuen eta Kulturaren Euskal Kontseiluko kide izateaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Dantzan Bilaka sorkuntza koreografikoko programako Koordinazio Artistikoko Batzordeko kide da. L?kke | Olatz de Andrés dantzaren eta mugimenduaren inguruko proiektu koreografikoak eta pedagogikoak sortzen dituen konpainia da. Konstelazio interkonektatu baten moduan lan egiten du, sorkuntza bakoitzean artista desberdinak elkartuz: dantzariak, argi, soinu eta jantzi diseinatzaileak, dramaturgoak, artista bisualak eta beste profesional batzuk.

#SOLasean eta Tabakalera Dantzan

#SOLasean ekimenaren bidez, pertsona talde batek aukera izango du lehen aldiz eta doan Musika Hamabostaldiko ikuskizun batera joateko. Aukera horien artean dira Tabakalera Dantzan zikloko ikuskizunok ere: Aditu, Jone San Martin (abuztuak 11-12) eta Dead, Lasala-Judith Argomaniz (abuztuak 18). Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek musikahamabostaldia.eus/eu/solasean webgunean eman dezakete izena. Edukiera mugatua.


  • Gaia Arte eszenikoak, Musika
Euskadi, auzolana