Maider Oleaga, zinema zuzendaria: «Asko gustatzen zait modu intuitiboan lan egitea»

  • Maider Oleaga, zinema zuzendaria: «Asko gustatzen zait modu intuitiboan lan egitea»

Irrits film laburra 2022ko Kimuak katalogorako aukeratu dutela eta, Maider Oleaga zuzendariarekin hitz egin nahi izan dugu, pelikulaz, zinemarekiko pasioaz, filmak egitearen prozesuaz, sariez, transmisioaz, zinemagintzak Euskal Herrian bizi duen egoeraz eta esku artean dituen proiektuez, besteak beste.


Malagako Zinema Jaialdian estreinatu den Irrits fikziozko film laburra da zure lanik berriena. Zer kontatzen du? Nola sortu zen ideia?

Nerabe garaian gertatzen den desiraren jaiotza eta horren kudeaketa dira Irritsen abiapuntua. Bi neraberen artean desira afektibo eta sexuala jaiotzen da, eta desira hori nola kudeatzen den, horren aurrean nola kokatzen garen jorratzen du.

Udaleku batzuetan gertatzen den istorioa da: uda, beroa, ura, jolasa, gozamena... daude filmaren oinarrian, eta horrela sortu zen: uda batean, udak sortzen dituen sentsazio horien inguruan. Gozamenari buruzko pelikula bat dela ere esango nuke.


2022ko Kimuak katalogoan hautatutako lanetako bat da. Garrantzitsua izango da, ezta? Aurten, gainera, lehenengoz, aukeratutako zazpi film laburretatik sei dira emakumeek zuzenduak eta ekoitziak. Zer irakurketa egiten duzu?

Kimuak-en egotea, argi dago, oso garrantzitsua da guretzat, arrazoi askorengatik: lehenengo eta behin, ikusgarritasuna ematen diolako Irrits filmari (Kimuak katalogoaren parte izatea jada kalitate zigilu bat da zentzu askotan, eta, horregatik, poz handia eman zigun filma aukeratua izateak); bestalde, Kimuak-ek egiten duena da filmak zinemaldietara bidali, hau da, filmaren banaketaren kudeaketaz arduratzen da zigilu horren pean, eta horrek banaketa asko errazten du, eta lan karga handia kentzen digu.

Aurtengo aukeraketarekin ni oso pozik nago. Uste dut film sorta polita, ezberdina eta askotarikoa dela. Oso begirada ezberdinak daude: zinemarekiko eta baita istorioei, formatuei eta formari dagokienez ere. Uste dut, alde batetik, askotarikoa dela eta Euskal Herrian gaur egun dagoen zinema eta begirada ugaritasun hori mahai gainean jartzen duela. Bestetik, katalogoak islatzen du, baita ere, gaur egun Euskal Herrian gero eta emakumezko gehiagok dugula gure lanak aurrera ateratzeko, ekoizteko aukera. Ez bakarrik film laburrei dagokienez; film luzeei dagokienez ere, gero eta emakume gehiago ari gara aukera hori lortzen. Emakume asko daude lan egiteko gogoz, baina beste gauza bat da gero aukera izatea, finantzaketa lortzea, gure lanak aurrera ateratzeko.

Orokorrean, bai aniztasunarengatik, bai emakumezkoen presentziarengatik, oso pozik nago aurtengo aukeraketarekin.


Nondik datorkizu zinemarekiko lilura? Noiz jabetu zinen zuzendari izan nahi zenuela?

Txikia nintzela, filmak ikusten nituen, eta harrapatuta geratu nintzen, liluratuta. Lehen unean, pantailan ikusten nuenarekin: istorioak, pertsonaiak, pelikula bakoitzean beste mundu batzuetan sartzeko aukera... Horrek nire barnean zerbait piztu zuen, desio bihurtu zen: hor egoteko, hori sortzeko. Hasiera batean, intuizio bat bezala, zeren txikia nintzen eta ez nekien oso ondo filmak nola egiten ziren. Baina zinemarekiko lilura nire barnean geratu zen.

Behin nerabezaroa pasatuta, ikus-entzunezko ikasketak egin nituen unibertsitatean, eta lotura sortu zen gidoigintzarekin eta zuzendaritzarekin. Zinemagintza eta pelikulak egitea zer den ikasi nuen han, eta hasierako lilurak lur hartu zuen: ulertu nuen film bakoitzaren atzean ekoizpen bat dagoela, istorio bat, munduari begiratzeko modu bat, eta hor piztu zen istorioak kontatzeko eta pelikulak zuzentzeko nahia. Gero, Zinema Eskolara joan nintzen, eta txikitako desio hura gauzatzen eta finkatzen hasi zen.


Fikziozko filmak eta dokumentalak egin dituzu, film laburrak zein luzeak. Zerk piztu ohi du buruan bueltaka darabilzun ideia bat film bihurtzeko nahia? Eta noiz eta nola erabakitzen duzu zer film mota egin?

Esango nuke film edo proiektu bakoitzak bere bidea egiten duela eta modu ezberdinetan jaiotzen dela; ez dago modu bakar bat. Batzuetan, irudi bat da, edo irudi multzo bat. Izan daiteke soinu bat ere, entzuten duzun zerbait, beste mundu edo irudikapen batzuetara eramaten zaituena. Edo beste zerbait, ikusten duzuna, entzuten duzuna, barnean zerbait sortzen dizuna, askotan soinetik kendu ezin duzuna. Beste batzuetan, irakurritako istorio batetik edo norbaitek kontatutako gertaera batetik jaiotzen da. Askotan, espazioetan zehar ibiltzeak ere sentsazio asko sortzen dizkit, eta hortik ere ideiak agertzen dira (kaletik edo menditik oinez zoazela entzuten edo ikusten dituzun gauzak...). Modu asko daude: egoera batetik, istorio batetik... Hitzez azal ezin daitezkeen gauza askotatik ere etortzen da batzuetan. Agian, kanpotik jasotzen duzun zerbait (sentsazio bat edo), kanpokoak eraginda sortzen den irudikapen bat... Eta momentu batean, burutik kendu ezinda, ideia, sentsazio edo unibertso hori kanporatzeko beharra sentitzen duzu.

Gero, kontatzeko desira horri forma emateko modu asko daude. Gehienetan, idazketa prozesu bat egoten da: unibertso bat irekitzen duzu barruan, eta ideia hori gauzatzen saiatzen zara, lehenengo buruan eta gero paperean. Esango nuke hor intuizioak protagonismo handia daukala. Asko gustatzen zait modu intuitiboan lan egitea, intuizioari lekua uztea, ez bakarrik gogoeta abstraktuari.


Sari ugari eman dizkizute zure ibilbidean; iaz bertan bi, eta ez edonolakoak: Kuartk Valley dokumentalak Euskal Gidoigileen Elkartea Saria jaso zuen Donostia Zinemaldian (eta Euskal Zinemaren Irizar Sarian aipamen berezia izan zuen, gainera) eta Kinka fikziozko film laburrak, berriz, Euskadiko Gidoi Onenaren SGAE Fundazioa Saria irabazi zuen ZINEBIn. Nola jasotzen dituzu zuk sari horiek? Zertarako balio dute?

Ederra da norbere lanaren aitortza jasotzea. Izan ere, azken finean, filmak besteentzat ere egiten ditugu, beste batzuek ikus eta entzun ditzaten. Beraz, lan bat beste pertsona horiengana heltzen dela dakizunean, poz handia sentitzen duzu. Baina sariek badute alde praktiko bat ere: hurrengo proiektuak aurrera eramateko finantzaketa bilatzerakoan, lagundu egiten dute; zure izena entzuten den heinean, hurrengo proiektuak gauzatzeko bideak zabaltzen zaizkizu, eta, beraz, oso lagungarriak dira –funtsezkoak, askotan– lanean jarraitzeko.


20 urte baino gehiago igaro dira zure lehen filma (La muerte de Sardanápalo) zuzendu zenuenetik. Urte hauetako esperientzia kontuan hartuta, zer da film bat egiteko prozesutik gehien gustatzen zaizuna? Eta buruhauste handienak ematen dizkizuna?

Sorkuntza prozesua oso polita da, orokorrean. Bidea luzea izan ohi da, arras emankorra, aberatsa eta ezberdina. Ideia edo sentsazio bat baino ez denean, esplorazio momentu bat hasten da, idazketa prozesua, eta hori oso polita da; dena dago irekita, eta unibertso hori sortzen hasten zara. Oso une ederra iruditzen zait hasierako hori, esplorazioarena eta idazketarena, eta asko gozatzen dut.

Gero, nekagarria da finantzaketa bilatzearena. Izan ere, horren arabera, pelikula aurrera atera daiteke edo ez; alegia, dena dago arriskuan. Hor beste alde praktiko bat sartzen da, eta, proiektuan sinesteaz gain, indar eta energia handia behar da ez erortzeko, ez baita bide erraza.

Zortea badago, behin finantzaketa lortuta, hurrengo urratsa filmaketa prestatzea da. Hori ere, hasiera batean, oso polita da, zeren lokalizatu egin behar duzu –eta prozesu hori ere asko maite dut–, taldea sortu, taldearekin hitz egin –hori ere oso polita da, zinemagintza lan kolektiboa delako–...

Aurreekoizpenarena, filmatzen hasi baino 2-3 aste lehenago, urduritasunez betetako momentua izaten da; izan ere, dena dago egiteko, gauza batzuk ezin dira egin, eta, beraz, beste modu batzuk pentsatu behar dituzu nahi zenuena sortzeko (adibidez, leku batean filmatu nahi zenuen, baina ezinezkoa da arazoren bat sortu delako, edo aktore jakin batekin lan egin nahi zenuen, baina ezin duzu...).

Halere, behin filmatzen hasita, horretara jartzen zara erabat, arazoak konpontzera, baina oso une aberasgarria da sorkuntzarako ere. Filmaketa bukatzen denean, hutsune bat geratzen zaizu, eta horri agur esaten ere jakin behar da.

Horren ostean, muntaketa dator, beste sorkuntza prozesu eder bat, baina buruhauste handiak ematen dituena, oso aktibitate mentala delako. Filmaketa eta aurreko uneak akzioarekin eta intuizioarekin lotuago daude. Muntaketan ere intuizioa oso garrantzitsua den arren, ezberdina da, filma hor dagoenarekin egin behar duzulako eta, hortaz, frustrazioa ere kudeatu behar delako; izan ere, buruan zenituen gauza asko ezingo dira egin, baina bidean gauza berriak ere agertuko dira. Oso polita da, baina buruhauste itzelak sortzen ditu.

Eta hortik aurrera, soinuaren muntaketa eta nahasketa prozesua dator. Asko disfrutatzen dut hori ere.

Behin hori guztia eginda, filma erakustea baino ez da geratzen. Behin betiko kopia duzunean, besteei erakusteko unea da. Oso momentu berezia da. Elkarrizketekin eta promozioarekin nahasita joaten denez, askotan nekagarria egiten da, baina benetan ederra da.

Amaitzeko, pixkanaka, denbora luzez zure bizitzaren erdigunean egon den prozesuari agur esan behar diozu, beste leku batzuetara abiatzeko.


Besteak beste, Elías Querejeta Zine Eskolarekin eta (H)emen Elkartearekin kolaboratzen duzu. Zer aholku ematen dizkiezu zinemagintzan hasi nahi duten gazteei?

Urte asko daramatzat zinemaren hezkuntzan edo transmisioan lanean. Oso zeregin polita da, baina ardura handia ere bai. Zinema Eskola gauza bat da, eta nerabeekin eta gaztetxoekin lan egitea beste bat.

Etengabeko formakuntza eskatzen dit, ez baita batere erraza asmatzea zinemarekiko pasioa nola transmititu eta sorkuntza prozesuetan nola lagundu.

Ikasleak zer momentutan dauden ikusita, aholkuak asko eta ezberdinak izan daitezke. Baina, orokorrean, zinemarekiko liluraz aparte, niretzat garrantzitsua da ardura bat izatea, bai kontatzen duzunarekin (errealitatea dela zein fikzioa dela) eta baita zeure buruarekin eta zinemagile bezala duzun begiradarekin ere: zer nahi duzun kontatu eta nondik.


Zure ustez, zein da zinemagintzaren egungo egoera Euskal Herrian. Zein dira etorkizuneko erronkak?

Euskal Herria oso txikia da. Zinemaren munduan oso gutxi gara, nahiz eta asko izan aldi berean. Ez nuke esango industria bat dagoenik, baina, pixkanaka, gero eta jende gehiago ari da filmak egiten, gazte asko ari dira pelikula ederrak sortzen...

Orokorrean esango nuke momentu polita bizi dugula, baina lan asko dago egiteko, ekoizpenean eta finantzaketan, batez ere. Oso finantzaketa iturri gutxi ditugu. Uste dut, batetik, ekoizpena bultzatu eta finantzaketa iturriak sortu behar direla, eta, bestetik, sortzaileen eta ekoizleen arteko lotura indartu. Sortzaile asko daude oso ideia politekin, baina bide hori eten egiten da finantzaketa iturri eta ekoizle gutxi daudelako. Desoreka horren aurrean, benetan ekoizle lana maite duten pertsona gehiago hezi eta finantzaketa iturriak ugaritu behar dira.


Eta bukatzeko, zertan ari zara orain? Ba al duzu proiektu berririk esku artean?

Irrits jaioberria da. Malagan estreinatu genuen, baina Kimuak katalogoan dagoenez, oraindik pixka bat lagundu behar diogu. Horrekin batera, beste proiektu batzuetan lanean hasita nago. Oraindik hasierako fasean dauden arren, gogo handia daukat horiek garatzeko. Une honetan, film luze bat idazten ari naiz.

 

(2022ko abuztuaren 31n argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana