Booktegi, euskal literatura denon eskura jartzen duen plataforma

  • Booktegi, euskal literatura denon eskura jartzen duen plataforma

Aurten 5 urte beteko ditu booktegi.eus egitasmoak. 2017an sortu zen, euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna sustatzeko eta euskal irakurleei kalitatezko literatura dohainik eskaintzeko. Urte hauetan, era askotako liburuak, audio-liburuak, bideoak, saio berezien grabaketak, umeentzako ipuinak... jarri ditu guztion eskura. Urriaren 22rako egun osoko jaialdia antolatu dute. Aritz Brantonekin hitz egin dugu proiektuaz eta etorkizuneko erronkez.


Zer da Booktegi? Zer helbururekin jaio zen?

booktegi.eus 2017an sortu zen, euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna sustatzeko asmoarekin; batetik, euskaldun guztiek kalitatezko literatura dohainik eskura zezaten eta, bestetik, beren ekarpenak argitaratzeko aukera ere izan zezaten.

Argitaletxeen lan handia eta miresgarria inola ere gutxietsi gabe, uste genuen gure egitasmoa ekarpen interesgarria izan zitekeela euskal kulturarentzat. Baliabide teknikoak erabiliz, Booktegik irakurle gehiago euskaraz irakurtzera –eta, oro har, hizkuntza erabiltzera– gonbidatu nahi ditu.

Gure ustez, euskararen erabilera sustatzeko eduki literario ona eskaini behar da euskaraz. Gainera, komenigarria da eduki hori modu erakargarrian eskaintzea, teknologia modu egokian aprobetxatuz, euskaldun guztientzat erraz eskuratzeko moduan.


Zer-nolako liburuak daude Booktegin? Eta zer baldintza bete behar dute webgunean egoteko?

Liburu-mota asko daude: aldizkariak, biografia, drama, erreportajeak, fikzioa, gazte-literatura, ikastaroak, kirolak, klasikoak, kontakizun beltza, musika, poesia, saiakera...

Bi baldintza daude: euskaraz egotea –eta euskara txukunean egotea–, eta balizko irakurleak egon daitezkeela ikustea. Bestetik, arrazakeria eta matxismoa baztertzen ditugu.


Liburuak, irakurri ez ezik, entzun ere egin daitezke, ezta?

Bai. 120 bat audio-liburu ditugu Booktegin.


Ikus-entzunezko materialak leku nabarmena dauka. Zer motatako bideoak ikus daitezke?

Solasaldiak daude –elkarrizKATEA–, elkarrizketak, eta sormen-lanak –Saio bereziak–. Baita ume txikientzat prestatzen ditugun ipuinak ere, Eguzkilore atalekoak.


Zer beste atal dauka webguneak?

Gomendioak, Egileak eta Bloga.


Zer egin behar du argitaratzen dituzuen eduki guztien berri aldian-aldian jaso nahi duenak?

Bi aukera daude: 'Berriak jaso' botoia sakatu, edo, egitasmoari lagundu nahi badiozu, Bazkidetu. Ekarpen txikienak ere ongi etorriak izango dira, oso. Bazkidetu Booktegin!


Aurten 5 urte beteko ditu proiektuak, eta, urteurren hori ospatzeko, Booktegi Jaialdia antolatu duzue, Usurbilen. Zer prestatu duzue urriaren 22rako?

Poesia-itzulera –Noaua elkartearekin batera–, ipuinak –Udarregi ikastolarekin batera–, hiru solasaldi –bakoitzean hiru idazle arituko dira–, arte eder erakusketa bat, eta hiru emanaldi –Anari; Iraia Elias eta Hatxe; Uxue Alberdi eta Amorante. Jaialdiaren anfitrioia Itxaro Borda izango da, eta egunean zehar Xabi Strubellek musika joko du.


Nolakoa izan da urte hauetan jendearen erantzuna? Betetzen ari al dira hasierako helburuak? Eta etorkizunera begira, zein dira erronka nagusiak?

Bete eta gainditu. Hilero 3.000 lagun baino gehiago etortzen dira Booktegira. Hala ere, kopuru hori handitu nahi dugu, noski.

Erronka nagusiak honako hauek dira: bazkide gehiago izatea; edukiaren kalitateari eustea; eta ideia eta egitasmo berriak ekartzea euskal kulturari.

 

(2022ko irailaren 16an argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana