"Balbea", heriotzaz hausnartzen

  • "Balbea", heriotzaz hausnartzen

Balbea bakarrizketa berria estreinatuko du Atx Teatroak irailaren 25ean, Gasteizen, Zurrunbilo jaialdiaren baitan. Duintasunez hil nahi duen agure bat da protagonista, eta konpainiak, bere ibilbidean lehen aldiz, txotxongiloak sartu ditu. Iñaki Ziarrustarekin hitz egin dugu gehiago jakiteko.


Zer ikuskizun mota da Balbea? Eta nori zuzenduta dago?

Antzerki bakarrizketa bat da, eta gitxi gorabehera, 15 urtetik gorako publikoari zuzenduta dago.


Lehen aldiz, txotxongiloak erabiltzea erabaki duzue. Zergatik? Zer aukera eskaintzen dute?

Ikuskizun barria prestetan hasten garanean, menperatzen ez dogun zeoezer txertatzen saiatzen gara. Txotxongilo ikuskizunak izugarri gustetan jataz; beraz, txotxongiloak sartzea erabagi genduen. Beste tokietan ez bezala, Euskal Herrian txotxongilo ikuskizunak umeekin lotuta dagoz batez be, baina guk helduentzako egin gura genduen, horra erronka! Ea zer ataraten dan!

Balbearen pertsonaia errealidade eta delirioaren artean mugitzen da, eta txotxongiloek aukera parebakoa emoten deuskue delirioaren atal hori jorratzeko.


Ezinbesteko baldintza al da sortzaile ororentzat ikuskizun berri bat sortzen duenean bere burua erronka baten aurrean ikustea?

Uste dot sortzaile ororentzat ez dala "sine qua non" araua zertan izan, baina gure kasuan, bai ala bai, holan da.


Zein izan da inspirazio iturria kasu honetan? Eta nolakoa izan da sorkuntza prozesua?

Hainbat iturri dagoz. Alde batetik, nire barneko desioa (bizitza honetatik joaten jakin ahal izatea); bestetik, Portugaleteko Maribel Tellaetxeren kasua eta honen aurretik beste hainbat antzeko kasu, noski. Eta honi guztiari gehitu behar deutsagu nire bizitza pertsonalean Heriotzaren inguruan bizitako hainbat momentu.

Atx Teatroan bi ikuskizun mota daukaguz: ikuskizun haundiak eta Balbea bezalako bakarrizketa txikiak. Azken hauek ez dira sartzen ohiko prozesuetan, hau da, ez dogu diru iturririk bilatzen ikuskizunaren finantziazinoa lortzeko, ez dago egutegi zehatza lanerako, gehiena guk geuk sortzen dogu kanpoko kolaboratzaile barik (salbuespenak salbu). Beraz esan geinke prozesuak ez deutsala merkatu, sistema, erritmo edota beste edozein arau zehatzi ezer zor. Teorikoki askea da (teorikoki dinot, zeren azkenean gu geu gara geure buruei presinoa sartzen deutsegunak).


Antzezlana iragartzeko sortu duzuen kartelean, zera jartzen du: "Nabigatzea da garrantzitsua, bizitzea ez". Zer kontatzen du, zehazki, Balbeak?


Esaldi hori Erromako Pompeyo Generalari egozten jako, eta gure eretxiz oso ondo azaltzen dau garrantzitsuena bidea dala, ez helburua.

Balbean, hilzorian dabilen agurea da protagonista, errealidade eta delirioen artean bizi dauz bere azken orduak (nahiz eta amaieran publikoa konturatuko dan errealidadea beste bat dala). Protagonistaren kezka bakarra duintasunez hiltzea da, guztiok gura dogun modu idiliko horretan, pakean, maite gaituztenek eta maite doguzenek inguratuta, min barik... eta horren hausnarketan dabil eten barik.


Edertasunaren eta perfekzioaren mundu honetan, prest al gaude heriotzari aurrez aurre begiratzeko?

Zoritxarrez ezetz uste dot. Ez deuskue horretarako inolako hezkuntza emoten (erlijiosoa ez bada), ez dago inolako oinarrizko pedagogia emozionalik gai honetan, eta gehienok, bizirik gagozen bitartean, ez dogu hori lantzeko bulkada sentiduten. Are gehiago, heriotza inoiz gertatuko ez balitz bezala bizi gara, existituko ez balitz bezala, hilezkorrak izango bagina legez... Modu ezkutuan edo, horretarako animatzen gaituzte.


Lagun al dezakete antzerkiak, zehazki, eta kulturak, oro har, askotan ilunpean edo alboratuta geratzen diren gaiei eta egoerei argi egiteko?

Duda barik, kulturak etengabe ekartzen dauz gure begietara mota horreetako gaiak, eta produkzino oparoa da. Kulturak klik egiteko interruptorea jartzen deutsu aurre-aurrean. Gero norberaren erabakia izango da klik egitea edo ez.


Irailaren 25ean aurkeztuko duzue lan berria publikoaren aurrean. Gasteizen izango da hitzordua, Baratza Aretoan, Zurrunbilo jaialdiaren baitan. Emanaldia bukatzean jendea zerekin geratzea gustatuko litzaizueke?

"Pertsona horregaz daukadan aspaldiko haserre hura konpontzeko bihar deituko deutsat"; "Testamenduan idatziko dot zelan nahi dodan hil"; "Seme-alabekin gure diferentziak konpontzen saiatu gura dot"... Publikoaren artean bakar batek bere buruari holango zeozer esango baleutso, arrakasta itzela.


(2022ko irailaren 21ean argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana