Iazko arrakastaren ostean, urriaren 8tik 16ra egingo da Narices - Nafarroako Emakume Pailazoen Nazioarteko Jaialdiaren bigarren edizioa. Hitzorduaren helburu nagusia da ikusgai jartzea clown emakume profesionalen lana. Jaialdian, mundu osoko emakumezko pailazoen emanaldiak, tailerrak eta lehiaketak egingo dira. Segunsurja konpainiak sustatzen du jaialdia. Konpainia horretako Virginia Senosiainekin eta Juan Luis Napalekin izan gara eta xehetasun guztiak eman dizkigute.
Zer da Narices?
Nafarroako Emakume Pailazoen Nazioarteko Jaialdia da.
Jaialdian, mundu osoko emakume pailazoen askotariko emanaldiak egingo dira. Emakume profesionalenak. Pailazo klasikoak, sudurrarekin, sudurrik gabe, keinu bidezkoak, zirku-erakoak, publiko guztientzako, helduentzako, ospitaleko emakume pailazoak...
Narices jaialdia Valentina - Ausartatxo dokumentaletik sortu zen. Dokumental hori Segunsurja konpainiak egin zuen Euskal Herriko eta Kataluniako emakume pailazoei buruz, eta elkarrizketak eta fikzioa uztartzen ditu.
Dokumentaletik sortu zen Viaje en Zapato lana, Gayarre antzokian egin zena 2018an. Dokumentalean elkarrizketatutako emakume pailazoek jardun zuten ikuskizunean.
Ikuskizunak harrera oso ona izan zuen, eta, esperientzia horren ondotik, harago joatea erabaki genuen. Hortik sortu zen Narices jaialdia.
Zer alderdi eta/edo balio sustatu nahi dituzue jaialdian agertzen diren diziplina artistikoen bitartez?
Hasteko, sudurreko emakume profesionalen lanari ikusgarritasun handiagoa eman nahi diogu.
Gero eta emakume gehiago trebatzen dira diziplina horretan, gero eta emakume gehiagok dute izugarrizko potentziala clownen munduan, eta zoritxarrez, gainerako ofizioetan gertatzen den moduan, aldeak daude generoari dagokionez. Gizonek aukera gehiago izaten jarraitzen dute. Ildo horretan, genero-berdintasuna bultzatu behar da, eta jaialdiak egiten duen lan femeninoa eta feminista nabarmendu.
Bestalde, alderdi profesionala sustatu, ezagutarazi eta ikusgai jarri behar da. Emakume pailazo askok ibilbide izugarria dute banaka, sudurraren profesionalak dira, punta-puntakoak, umorearen, emozioen eta barre-algaren esparruetan ezin trebeagoak. Narices jaialdiak erakustoki hori sustatzen du lanbide hunkigarri honetan trebatutako emakumeentzat.
Jaialdiak, gainera, askotariko tailerrak eta jardunaldiak ditu, lan sozial eta enpatikoenera bideratuta. Adibidez, ospitaleko emakume pailazoak, genero-indarkeria jasan duten emakumeekin autozainketa egiten dutenak, eta Nafarroako Down Sindromearen Elkartearekin lan egiten dutenak.
Zer esan diezagukezue Segunsurjari buruz, hots, jaialdiaren sustatzailea den arte eszenikoen konpainiari buruz?
Segunsurja 2016an sortu zen, Juan Luis Napalek (diseinuaren eta publizitatearen mundutik dator) eta Virginia Senosiainek (antzerkiaren eta clownen mundutik dator) elkarrekin bat egin zutenean. Hala, ibilbide bati ekin zioten elkarrekin: antzerkia, dokumentalak, zinema... Hori guztia uztartzen dute ikuskizunetan. Segunsurja antzerki-konpainia bat da, eta, aldi berean, zinema-ekoiztetxe bat.
Aurten, 2021ean bezala, buruan al duzue ikuskizunak Nafarroako hainbat udalerritan egitea?
Bai, noski. Iruñetik deszentralizatu nahi dugu, eta, horretarako, Nafarroako beste udalerri batzuetan ere egingo ditugu ikuskizunak.
Ez dugu nahi Narices hiriburuan soilik ikus dadin; aldiz, beste espazio eta udalerri batzuetan egon nahi dugu. Horretarako, Nafarroako zenbait udalek laguntza handia eman digute; hor ditugu, esaterako, Atarrabia edo Agoitz.
Zer ekarriko digu aurtengo edizioak? Zer obra mota ikusi ahal izango ditugu?
Narices jaialdiaren aurtengo edizioak askotariko ikuskizunak izango ditu.
Hasteko, Madame Señoritak (Paula Valluerca) urriaren 8an eta 9an (larunbata eta igandea, hurrenez hurren), 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan (Iruñea), Quest!on ikuskizuna emango du. Halaber, hilaren 9an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Kuikui lanaren bi pase egingo dira, 16:00etan eta 18:00etan, Atarrabiako kultur etxean. Astelehenean, urriaren 11n, 19:00etan, Lorena Arangoa Agoitzeko kultur etxean izango da, Nirebaitaturik lanarekin. Eta ostegunean, hilaren 13an, 19:00etan, Virginia Imazek Pronoia ikuskizuna emango du Nafarroako Antzerki Eskolan, Iruñean. Larunbatean, hilaren 15ean, Macu Gutiérrez, Elsa Arroyo, Paula Guapo, Eliana Donnola (Nina) eta María (Maribafu) emakume pailazoak Nafarroako Antzerki Eskolako agertokira igoko dira "clown maratoi" batean parte hartzeko; horietako bakoitzak 10 minutuko emanaldi bana egingo du. Aurtengo edizioa hilaren 16an (igandea) bukatuko da, bi hitzordurekin: 12:30ean, Nafarroako Antzerki Eskolan, itxiera-ekitaldia egingo da. Gala horretan izango dira Pippi Arianna Gonella (Vichysùa), 2021eko Narices jaialdiko clown lehiaketaren irabazlea, eta David Orduña, bere Musikletarekin. Gainera, Down Clown tailerraren erakusketa bat ere egingo da. Azkenik, 19:00etan, Baccalà konpainiak Oh oh ikuskizuna eramango du Gayarre Antzokira.
Ikuskizunez gain, tailerrak eta lehiaketak ere egingo dira. Zer aurreratu diezagukezue?
Bai, bai. Ikuskizunez gainera, tailerrak ere egingo dira: Virginia Imazek emandako tailer bat genero-indarkeria jasan duten emakumeek beren burua zaintzeko (aurreko edizioan egin zen eta harrera oso ona izan zuen) eta clown tailer bat Down-en sindromea duten helduentzat (hori ere berriro egingo da; esperientzia oso atsegina izan zen). Gero eta gehiago jorratzen ditugu tailer mota horiek.
Gainera, lehiaketak ere izango ditugu: margolaritza, argazkigintza, pintxoak, zirku-musika eta emakume pailazoak (emakume pailazoen maratoia).
Umorea eta gizarte-arloa eskutik doaz programatutako zenbait jardueratan. Gai batzuk beste ikuspegi batetik lantzeko balio al dezake umoreak?
Bai. Elkarrekin eginiko lanaren alde egiten dugu: umorea eta lan sozialagoa.
Umoreak sendatu egiten du; barrea ezinbestekoa da gure bizitzetan.
Emozioak transmititzea oso atsegina da. Egia da gai batzuk nahiko konplexuak direla eta gaur egun munduan muturreko egoerak bizitzen ari diren pertsona asko daudela; horiek zama emozional neurrigabea dute eta batzuetan oso zaila da inguratzen dituzten mundu horretatik deskonektatzea. Hala ere, Narices jaialdian tailer eta emanaldi mota horien alde egiten dugu, pertsona horiengana hobeto iritsi ahal izateko; denbora-tarte labur batean gozarazi, eta jasaten ari diren bide zail horretaz ahatzaraztea lortzen badugu, bide onetik doa Narices.
Guztiok daramagu motxila bat, zama bat, baina, une batzuetan —hala nola jaialdi honetan— arinago egongo gara, ez dugulako hain astun sentituko motxila hori; izan ere, barrearen emakume profesional horiekin bat egingo dugu jaialdian, eta beste guztiari gailenduko zaio batasun sentimendu hori.
Zer etorkizun ikusten diozue jaialdiari?
Bigarren edizioa da. Berriro egingo da, lehenengoak harrera oso ona izan zuelako; oso ondo funtzionatu zuen eta jendea gehiagoren gogoz geratu zen. Nor ez da geratzen gozatzeko eta ondo pasatzeko gogoz?
Gure asmoa urteroko jaialdi gisa finkatzea da, eta hazten joatea datozen edizioetan, Narices jaialdi gehiago eginez.
Munduan emakume pailazo asko daude. Hortaz, Narices jaialditik pasa daitezen nahi badugu, edizio asko egin beharko ditugu.
(2022ko irailaren 23an argitaratutako Berezia)