Iturritik, tradiziotik edaten duten dantza ikuskizunen jaialdia

  • Iturritik, tradiziotik edaten duten dantza ikuskizunen jaialdia

Urriaren 18tik 23ra, Iturritik jaialdi berriak iturritik zuzenean edaten duten dantza ikuskizunez beteko du Donostia. Malandain Ballet Biarritz, Juan Antonio Urbeltz eta Argia Dantza Taldea, Nova Galega de Danza, Explica Dansa eta Bilaka Kolektiboa izango dira lehen edizio honetako protagonistak. Norka Chiapusok eman dizkigu xehetasun guztiak.


Zer da Iturritik Jaialdia? Nola sortu zen ideia?

Iturritik zuzenean edaten duten sorkuntzak dira jaialdi honen protagonistak. Iturria, jatorria, sustraia... inspirazio iturri da sortzaile ugarirentzat, eta jaialdi honek joera horren lekuko izan nahi du.

Azken hiru urteetan antolatu dugun BALLET T EGUNAK zikloari nortasun propioa eman nahi genion, trinkotasuna eta berezitasuna bilatuz. Horrela bururatu zitzaigun sustraien ildotik jardutea interesgarria eta hausnartzeko modukoa izango zela.

(Gernika - Argazkia: Christophe Raynaud de Lage)


Tradiziotik abiatzen diren lanen bidez etorkizunera begira jartzea al da, azken finean, jaialdiak proposatzen duena?

Tradiziotik abiatuta, sorkuntzaren bidetik, artistek identitatearen inguruko lanketa jorratzea.

Esparru honetan interesgarria iruditzen zaigu joera artistiko berri hauei buruz hausnartzea eta baita ere dantza tradizionalaren munduan elkarrekin bizi diren kontzeptuen arteko elkarrizketa sortzea.


Zein dira lehen edizio honetan parte hartuko duten taldeak?

Iparraldetik, Bilaka Kolektiboa; Hegoaldetik, Argia Dantza Taldea; eta Galiziatik, Nova Galega de Danza.

(Leira)


Zenbat ikuskizun izango dira? Zer konta diezagukezu bakoitzari buruz?

Hiru ikuskizun izango dira Victoria Eugenia Antzokian urriaren 19an, 22an eta 23an.

Hasteko, urriaren 19an, 19:30ean, Martin Harriagueren eta Bilaka Kolektiboaren Gernika ikuskizunaz gozatu ahal izango da. Lan honetan, Gernikako bonbardaketa, eta horren bidez, gure garaiko gerren indarkeria salatu nahi izan dituzte. Kultura herrikoiaren eta garaikidearen arteko topaketa bat da. Iraganari egindako behako bat, etorkizuna ikusteko.

Urriaren 22an, 20:00etan, Nova Galega de Danzak Leira ikuskizuna eramango du oholtzara. Gorputzak eta lurrak beren arteko loturak estutzen dituzte, landa lanen edertasun gogorrera eramaten gaituen dantza eta musika ikuskizun batean. Emakumea da lotura teluriko horren erdigunea; gau eta egun, lanaldiz lanaldi, urtaroen segida agorrezin batean errepikatua. 2021ean Dantza Ikuskizun Onenaren Max Sarian finalista izan zen Leira, eta Iván Villarrek Gizonezko Dantzari Onenaren Max Saria irabazi zuen ikuskizun honetan egindako lanarengatik.

Eta urriaren 23an, Argia Dantza Taldearen Martin Zalakain ikuskizunaren txanda izango da. 19:30ean izango da hitzordua. Pio Barojaren lanik estimatuenetakoa den Zalacaín el aventurero western karlistatzat jo daiteke kasik: mendiko ibilerak, maitasunaren hasi-masiak, estraperloaren estutasunak... Antzerkia eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna da. Bost urtez hainbat lekutan antzeztu ondoren, Donostian amaituko du ibilbidea. 

(Martin Zalakain)


Non egingo dira emanaldiak? Sarrerak beharko al dira ikuskizunez gozatzeko?

Jaialdiak 4 espazio izango ditu: Victoria Eugenia Antzokiko eszenatoki nagusia, Victoria Eugeniako kluba, Okendo plaza eta Gazteszena.

Bai, sarrerak salgai daude, baina, hiru ikuskizunez gozatu nahi izanez gero, abonu bat dugu, oso-oso prezio onean. Victoria Eugenia Antzokian programatutako hiru ikuskizunetarako (Gernika, Leira eta Martin Zalakain) abonuak 18, 30 eta 40 euro artean daude salgai (eserlekuaren arabera). Ez dira bateragarriak Donostia Kulturaren deskontuekin.

(Tra tra tra. Tradizioa, Transmisioa eta Traizioa - Argazkia: Gala Jodar)


Emanaldiez harago, bestelako ekintzarik egongo al da?

Jaialdiaren lehenengo edizio honetan, bestelako jarduera batzuk ere izango dira: esaterako, emanaldi bakoitza hasi baino 45 minutu lehenago, Okendo Plazan, Jon Mayak sortutako Euskal hatsa 20 minutuko koreografia eskainiko du Malandain Ballet Biarritz konpainiak. Horrekin batera, emanaldi bakoitzaren ondoren publikoarekin topaketa izango da egunero. Topaketa horietan, artistez gain, gonbidatu bereziak ere izango dira, denen artean ikuskizunek eta jaialdiak planteatzen dituzten gaien barne muinetan sartu ahal izateko.

Bestalde, Egian, Gazteszenan, Tra tra tra. Tradizioa, Transmisioa eta Traizioa hitzaldi dantzatuen trilogia izango da urriaren 18an, 19:30ean. Explica Dansa-k hitzaldi horiek erabiltzen baititu dantzaren historia eta bilakaera ezagutarazteko. Oraingoan, dantza tradizionalean jarri du arreta.

Hurrengo egunean, hilaren 19an, 21:00etan, Victoria Eugenia Antzokiko klubean, Baal konpainiak Ginoide ikuskizuna eramango du oholtzara, 2022ko LABO XL4 espazio eta hizkuntza eszeniko berrien jaialdiaren barnean. Iturritik jaialdiaren esparrua aprobetxatuko dugu klubean LABO XL4 jaialdiko lehenengo emanaldia eskaintzeko, eta horrela hiriko dantza ekimen interesgarri batekin kolaboratuko dugu, kasu honetan molde garaikidean soil-soilik mugitzen den ikuskizun batekin.

(Ginoide - Argazkia: Arnau Soler)


Zer publiko mota espero duzue? Jendea zerekin geratzea gustatuko litzaizueke?

Publiko zabalak zein dantzariek aukera paregabea izango dute sortzaileek egindako ikuskizunez gozatzeko, eta baita ere gai honen inguruko hainbat ekintza osagarritan parte hartzeko.


Iturriak zabalik jarraituko al du datozen urteetan? Alegia, jaialdiak jarraipena izango al du?

Iturritik jaialdiak urtez urte loratuko den lehenengo hazia dakar aurten; luxuzko haziak: Malandain Ballet Biarritz, Juan Antonio Urbeltz eta Argia Dantza Taldea, Nova Galega de Danza, Explica Dansa, Bilaka Kolektiboa... Ohiko balorazioa egin, beharrezko zuzenketak sartu, eta bai, bigarren edizioan buru-belarri hasiko gara lanean.


(2022ko urriaren 3an argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana