Basquedokfestival, argazkilaritza dokumentalari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko gunea

  • Basquedokfestival, argazkilaritza dokumentalari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko gunea

Azaroaren 2tik 6ra egingo da Bilbon Basquedokfestival jaialdiaren hirugarren edizioa. Argazkilaritza-jaialdi hau 2018an sortu zen, bertako zein nazioarteko egungo begirada eta errealitateak erakusteko. Sektoreko figura garrantzitsuen konferentzia eta tailerren bidez, argazkilaritza dokumentalari, haren bilakaerari eta aurrean dituen erronka berriei buruz hausnartu eta eztabaidatuko da. Erakusketak, ikus-entzunezko proiekzioak eta argitalpenen aurkezpenak ere egongo dira. Antolatzaileekin hitz egin dugu sakonago ezagutzeko jaialdia eta aurtengo ediziorako prestatu duten egitaraua.


Zer da Basquedokfestival? Nola sortu zen eta nork sustatzen du?

Basquedokfestival argazkilaritzaren arloko narratiba bisualen arteko topaketa bat da. 2018an abiatu zuen bidea, eta hirugarren edizioa izango da 2022ko hau. Jaialdiak Bilbon du egoitza, eta argazkilaritzaren barruko proposamen interesgarrienen berri ematea du xede; hala, hasiera-hasieratik apustu egin du balio berriak agerian jartzearen alde, izen ospetsuak alde batera utzi gabe betiere.

Eskerrak eman behar dizkiegu EHUko Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateari, Blackkamera argazkilaritza-eskolari eta Urdanik Kultur Elkarteari, haiek egin baitute ekimen hau posible.

Kontuak ondo egin baditugu, hirugarren edizio honetan hamabi hizlari egongo dira guztira: sei emakume eta sei gizon. Erabaki kontzientea izan da?

Sortu zenetik, Basquedokfestival jaialdiak argi dauka ikusgarritasuna eman behar diela argazkilariek —emakume zein gizon— ibilbide profesionalean jorratzen dituzten proiektuei. Nolako istorioak eratzen dituzten erakutsi nahi dugu, eta ikusi nola osatzen duten haien narratibek ekosistema bisual guztiz eklektiko hori, nola lortzen duten ikusleei dei egitea eta haiekin komunikatzea. Proiektu guztiak normalizatu eta ikusarazi behar ditugu, egilearen generoa edozein izanda ere.


Aurtengo egitarau zabalean zer nabarmenduko zenukete?

Artista entzutetsuak izango ditugu: adibidez, Donna Ferrato argazkilari estatubatuarra —bereziki indarkeria matxista salatzeko lanengatik ezaguna—; Magnum agentziako Richard Kalvar; Eliska Sky, modako argazkilari garaikidea; Gus Powell argazkilari newyorktarra; Maysun fotokazetari espainiar-palestinarra; Gabrielle Duplantier artista paristarra —Baionan bizi dena—, eta Eleonore Simón argazkilari frantses-amerikarra. Gonbidatuen zerrenda osatzen dute Bego Antón artista euskaldunak, Scarlett Coten argazkilari dokumental paristarrak eta David Salcedo argazkilariak.

(Argazkia: Gabrielle Duplantier)

Hirugarren edizio honetan, gainera, Punkari buruzko erakusketa bat izango dugu, "Ansia" izenekoa, David Arribas argazkilari madrildarrarena, eta Golem zineman José Bautistaren "Aiyéniariwo" pieza esperimentala proiektatuko da. 60 minutuko dokumentala da, planeta zeharkatzen duten soinu-paisaiekin, irudirik gabe.

BDF22 jaialdiaren jardueren artean, halaber, liburuen aurkezpenak izango ditugu Roberto Aguirrezabalarekin eta David Salcedorekin; "EXIT" eta "Kamera Magazine" aldizkarien azken aleak ezagutuko ditugu; hiru "masterclass" egongo dira Gus Powell, Eleonore Simón eta Gabrielle Duplantier artistekin; bost finalista egongo dira BDF 2022 jaialdiaren portfolio-berrikuspenean; eta topaketak egingo dira Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleekin.


EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleentzat urriaren 4an (ostirala) egingo diren jarduera horien bidez agerian uzten duzue zer-nolako garrantzia duen komunikazioko etorkizuneko profesionalak prestatzeak. Ez da ala?

Bai, hain zuzen, hori izan zen Basquedokfestival sortzeko arrazoi nagusietako bat. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak eta Blackkamerak asmo eta interes bera izan dute beti: ahalegin guztiak eragin konstruktiboa izan dezala EHUko ikasleengan. Sektoreko profesionalekiko topaketak baliagarria izan behar du ikasleen etorkizuneko ibilbide profesionalak bultzatzeko. Horretarako, unibertsitateko irakasle eta ikasleak doan sartu ahal izango dira, unibertsitateko kide guztien presentzia sustatzeko BDF22 jaialdian. Aurten, interesak nabarmen egin du gora, eta oso pozik gaude.

(Argazkia: Gus Powell)


2018 eta 2019ko edizioetan, EHUko Basquedoksaria Susan Meiselas eta Cristóbal Harak (2022ko Argazkilaritza Sari Nazionalaren irabazlea) jaso zuten, hurrenez hurren. Nork jasoko du aurten?

Erabaki dugu Donna Ferrato argazkilari estatubatuarrari ematea 2022ko EHU Basquedoksaria.

Donna fotokazetari eta aktibista independentea da, eta 50 urte baino gehiago daramatza emakumeen esperientziei ikusgarritasuna ematen. Muturrak jasotzen dituenez (konfiantza eta trauma, mina eta plazera, bizitza eta heriotza), haren obrak zatien baturak baino askoz ere istorio handiagoa kontatzen du.

Kameraren bidez, Ferratok beti aldatu nahi izan ditu gizarte-jarrera eta epaiketa bidegabeak. Esaterako, 1991n Aperture-n argitaratutako "Living with the Enemy" liburuan, etxeko indarkeriaren izugarrikeriak jaso zituen. Lan horri esker jaso zituen, hain zuzen, lehen aldiz kritikaren laudorioak. Geroztik, etxeko indarkeriatik bizirik atera direnen eta hura pairatu duten haurren istorioak kontatzen jarraitu du, eta, horrez gain, kamera erabili du emakumeen bizitzaren dimentsio guztiak hartzeko. Haren argitalpen berrienak ("Holy") egile bakarreko argazki-liburu independente onenaren sari onena jaso zuen Lucie Fundazioaren 2021eko argazki-liburuen sarietan.

(Argazkia: Donna Ferrato)


Nola baloratzen dituzue lehen bi edizioak, eta, zuen ustez, zer dute gustukoen jaialdian parte hartzen duten profesionalek eta antolatzen dituzuen jardueretara joaten diren ikusleek?

2018an Basquedokfestival jaialdiaren lehen edizioa egin genuenetik, oso modu positiboan baloratu ditugu antolatutako edizioak. Badakigu zaila dela eta borrokatu egin behar dugula hemendik urte batzuetara BDF argazkilaritzako erreferenteetako bat izan dadin Europan.

Parte hartzen duten profesional eta argazkilari amateur guztiek beren babesa berretsi digute, eta horrek konfiantza ematen digu Basquedokfestival jaialdiaren estrategiari eta garapenari begira.

Sektorearen babes hori erakundeetara ere zabaldu nahi dugu, ekimena babesten jarrai dezaten, hemendik urte batzuetara ikusizko arteen Europako erreferentzietako bat izango baita.


Egun, mundu guztia aritzen da nolabait argazkilari; argazkilariz mukuru dago gizartea. Egoera honetan, bada, zuen ustez, zein da eta zein izan behar da argazkilaritzaren tokia, bereziki argazkilaritza dokumentalarena?

Zaila da galdera horri erantzutea. Lehenik eta behin, gure inguruan dugun irudiarekin lotutako hezkuntza hartu behar da aintzat. Ikastetxeetan nahiz unibertsitatean arretaz hartu behar da auzia eta aztergai hartu irudiaren, multimedien eta oro har arte bisualen kulturarekin lotutako edukiak ezartzeko eta areagotzeko aukera. Gure helburu den publikoak kultura bisual nahikoa badu, ekitaldi eta edukien eskari nahikoa izango dugu norabide zuzenean. Tamalez, zinez uste dugu beste herrialde batzuetatik urrun gaudela oraindik; izan ere, herrialde horietan, argazkilaritzari ematen dioten estatusa beste arte-diziplina batzuen maila berean dago.

Bide horretan, herritarrek prestakuntza hobea izango dute sare sozialetako irudien erabileran eta horiei eman ahal diegun erabileran. Ekonomia eta ekologia bisualaren kontzeptuak aplikatu behar dira, bereizten jakin dezagun zerk duen proiekzio artistiko handia eta zerk ez.

Hemen, Basquedokfestival eta Euskadiko beste jaialdi batzuk antolatzen aritzen garenok —Getxophoto edo Baffest adibidez— ahalegin berezia egiten dugu arte bisualekin lotutako edukien eskaria handiagoa izan dadin.

(Argazkia: Bego Antón)


Testuinguru horretan, zein izango da Basquedokfestival jaialdiaren rola etorkizunean? Zein dira zuen planak hurrengo edizioetarako?

Basquedokfestival jaialdiaren bidez, eskaintza bat finkatu nahi da argazkilaritzaren arloan, eta sinergiak sortu beste sektore publiko eta pribatu batzuekin, halako ekitaldiekiko sentsibilitate bera duten heinean; izan ere, ekitaldiok ekarpen handia egiten diote Bilboko —eta, beraz, Euskadiko— kultura-sektoreari.

Sektoreak ez du momentu ona bizi; horregatik, bada, iritsi da ahaleginak batzeko eta joera hori iraultzeko estrategiak diseinatzeko unea. Argazkilaritzara hurreratuko diren sektore gazte eta berriei aukera profesional bat eskaini behar die argazkilaritzak etorkizuneko ibilbidea garatzeko.

Lan handia dago egiteke, baina guztiok norabide berean aurrera eginda etorkizunean izan ditzakegun aukerek poz handia ematen digute.

 

(2022ko urriaren 24an argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana