Jose Migel de Barandiaran Beka Eusko Ikaskuntzak sortu zuen 1980an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Diputazioekin batera. Sorreratik, xede nagusia izan da Euskal Herriko Historiaurre-Arkeologia eta Antropologia-Etnografiarekin zerikusia duten lanak bultzatzea, eta ordurtik hona lortu diren emaitzak oso aberatsak izan dira.
Bekari esker sortu diren ikerketa lanak Barandiaran Bilduma sailaren barruan argitaratu izan dira, eta modu horretan, iraunarazi eta handiagotu egin dira euskal kulturaren aitalehenak urraturiko ikerketa bideak.
Euskal Herriko Antropologia-Etnologia arloa lantzea izango du helburu nagusi 2023ko Barandiaran Bekak . Horren baitan, Euskal Herriko bizimoduak zein euskal kulturaren aspektu ezberdinak aztergai dituzten askotariko gaiak jorratu ahal izango dira.
2022ko azaroaren 30era arte izango dute interesatuek euren proposamenak bidaltzeko aukera. Bekaren zuzkidura 10.000€ takoa izango da eta urtebeteko epean garatu beharko du proposatutako proiektua irabazleak.
Abenduaren 31 baino lehen erabakiko du irabazlea Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak izendatzen duen epaimahaiak.
Iñaki Intxaurbe Alberdiren (Bilbo, 1992) zuzendutako Ilunpeetako sekretuak argiztatzen proiektuari esleitu zion aho batez epaimahaiak beka 2021eko abenduaren 28an eginiko bileran.
"Ikerketa honen bidez, Etxeberriko karbiaren 3D modelo bat egitea proposatzen dugu, eta jada eginda dauden Santimamiñe eta Altxerriko 3D-ak erabiliz, hauen labar-artearen parametro espazialak ikertzea (ikusgarritasuna, edukiera, eta batez ere irisgarritasuna)".
Intxaurbe Euskal Herriko Unibertsitateko Geologiako Departamentuan (Zientzia eta Teknologia Fakultatean) ari da doktoretza aurreko ikerketak egiten. Intxaurbek Diego Garate, Martin Arriolabengoa, Olivia Rivero eta Mª Ángeles Medina doktoreak izango ditu laguntzaile ikerketan.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.?