Balea Zuria, adiskidetasunaren eta poesiaren argitaletxea

  • Balea Zuria, adiskidetasunaren eta poesiaren argitaletxea

Balea Zuria argitaletxeak bost urte beteko ditu azaroan. 2017an jarri zuten abian Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi poetek, poesia eta saiakera liburuak argitaratzeko eta, bide batez, ondo pasatzeko. Juan Ramon Makusorekin hitz egin dugu orain arteko ibilbideaz eta etorkizuneko erronkez.


Zer da Balea Zuria? Zer asmorekin jaio zen?

Lehenik eta behin, argitaletxe bat gara poesia eta saiakera liburuak argitaratzen dituena. Poesia sustatzea izan da gure asmoa hasieratik. Argitaletxea lau poetaren artean daramagu: Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi. Ezagutzen genituen poesiaren nondik norakoak gure euskal sistema literarioan, eta bagenekien poesia nahiko ahul zegoela; hala dago gaur egun ere. Horren aurrean, poesiaren presentzia areagotu nahi dugu, jakinda, gure txikian, lanak ematen dituela poesia kaleratzeak. Eta badago gurean garrantzi handiko detaile bat. Adiskidetasunak biltzen gaitu, eta poesia aitzakia izan da; ongi pasatzea ere helburu dugu.


Luis Garderen Barbaroak baratzean liburuarekin hasi zenuten ibilbidea, eta, harrezkero, urtean bizpahiru lan argitaratu dituzue. Baten bat nabarmenduko al zenukete?

Orain, azaroan, bost urte egingo ditu Luis Garderen liburua kaleratu genuela. Espainiako kritika saria jaso zuen, eta horrek ilusioa egin zigun. Bestalde, liburu bat nabarmentzea ez da erraza. Guk denak argitaratzen ditugu lan hori kaleratu nahi dugulako, eta bakoitzak bere jitea du.


Azkenaldi honetan itzulpenek pisu handia hartu dute, Antzinateko emakumeen lanek, batik bat. Zer dela eta?

Itzulpenarena etorri egin zaigu. Obra klasikoak direnak literaturan. Baudelairen Les Fleurs du Mal, alde batetik, eta, bestetik, Safo poeta greziarra. Maite López Las Herasek bidali zigun lana. Sorpresa pozgarria izan zen. Horrelako lan unibertsal bat euskaratua egotea gure kulturarako hauspoa zen. Eta, ondoren, Maiterekin elkarlan bat hasi dugu. Klasikoak berreskuratzea eta obra horiek euskal irakurleen eskuetan jartzea izan daiteke abiapuntu bat.


Lau pertsona –lau poeta– ari zarete editore lanetan. Nola hartzen dituzue erabakiak? Zer irizpideren arabera?

Poesia arloan gure ibilbidean bat egiten duten hainbat faktore daude; noski, bakoitza bere ñabardurarekin. Poesia ulertzeko modu bat dugu, eta, horren harira, baita poesia sentitzeko eta irakurtzeko ere. Irizpideak nahiko finkatuta ditugu, eta lauron artean hartzen ditugu erabakiak.


Donostia Kulturaren laguntzarekin, DK Poesia Lehiaketa antolatzen duzue. Orain gutxi zabaldu da 6. edizioan izena emateko epea. Nori dago zuzenduta? Zer helburu du?

Arestian aipatu dugu gure asmoa poesia hauspotzea izan dela, eta poesiaren zaletasuna irekitzea, zabaltzea, ahots berriak aurkitzea da DK Poesia Lehiaketaren helburua. Lehiaketa gazteei zuzenduta dago.


Zuen ustez, zein da poesiak egungo gizartean daukan lekua?

Literaturak, euskal kulturak, gure gizartean daukan lekuaz mintzatzerakoan, praktikoak eta errealistak izan behar gara. Eta, noski, poesiaren lekuaz mintzatzerakoan. Ez da gaurko kontua. Poesiak, genero bezala, introspekzio handia eskatzen du bere irakurketan. Eta hori gero eta zailagoa da gure gizarte zaratatsu honetan. Baina poesiaren irakurlea fidela da, eta guk, alderdi horretatik, badakigu norengana zuzentzen garen. Poliki-poliki zale horien kopurua handitzea eta pertsona horiek poesiaz gozatzea da nahi duguna.


Eta euskarazko poesiari dagokionez, azken urteotan zer bilakaera izan duela esango zenukete?

Esaten ari garenaren ildotik, ahots berriak aurkitzen ari gara. Poesiak ur tantak behar ditu, ez itsaso zabal bat eraikitzeko, baizik eta errekaren musika agorrezinak iraun dezan. Ahots berriak egungo ezaugarriekin datoz; DK Poesia Lehiaketaren lanek, behintzat, hori erakusten dute. Lortu behar duguna da poesian ainguratzea eta poeta bezala ahots horiek sendotzea.


Argitaratuko dituzuen hurrengo liburuak zein izango diren aurreratzerik bai?

Orain Felipe Juaristiren poesia liburuarekin gabiltza eta baita ere Spoon River-ekin. 2023ra eta 2024ra begira, edizio lanean gabiltza; itxita ditugu hainbat poesia liburu eta saiakera. Eta, orain arte bezala, poeta gazteen lanak argitaratzea izango da gure erronka.


Eta etorkizunera begira, zein dira gurari nagusiak?

Lan bereziren bat argitaratzea, poesia eta literaturaren unibertsoko harribitxi batekin topo egitea. Eta, nola ez, orain arte bezala, gure argitaletxearekin disfrutatzea. Adiskidetasunak batzen gaitu.


(2022ko urriaren 27an argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana