Castillo Suarez: "Poesia galderak egiteko dago hein handi batean"

  • Castillo Suarez: "Poesia galderak egiteko dago hein handi batean"
    Argazkia: Dani Blanco

Castillo Suarez (Altsasu, 1976) euskara teknikaria da ogibidez, baina poeta da beste ororen gainetik, helduentzako albumak eta haurrentzako liburuak ere idazten dituen arren. Une honetan, Euskal Kulturgileen Kidegoko (EKKI) lehendakaria ez ezik, Galtzagorri elkarteko zuzendaritzako kidea ere bada. Irailaren 30ean, gainera, euskaltzain oso izendatu zuten.


Euskara teknikaria zara Sakanan. Zer egiten du, zehazki, euskara teknikari batek? Zein dira, zure ustez, erronka nagusiak esparru horretan?

Euskara teknikariok era guztietako lanak egiten ditugu euskara normalizatzeko helburuarekin: dirulaguntzak banatu, sentiberatze kanpainak diseinatu, euskara erabiltzeko jarduerak antolatu... gure muga bakarra aurrekontua da. Nik 25 urte daramatzat lanean euskara teknikari eta iruditzen zait hasi nintzeneko erronka berberak ditudala: gero eta jende gehiagok euskara bere egitea eta horrela (gehiago) erabiltzea.


Baina soldatapeko lana ez ezik, lan militantea ere egiten duzu euskararen alde. Zertan ibili izan zara eta zertan ari zara orain?

Une honetan EKKIko lehendakaria naiz, egile eskubideak kudeatzeko Euskal Herrian dagoen elkartea. Hasi berriak gara, baina gure helburua da euskal kultura kontsumituko dutenen erreferentziazko elkartea izatea euskal sortzaileekin lan egiten dugun aldetik. Bestalde, Galtzagorri elkarteko zuzendaritzan nago une honetan, euskarazko haur eta gazte literatura sustatzen lan handia egiten duen elkartea. Lan faltan ez nago, egia esan.

(Argazkia: Ibai Arrieta)


Zure sormen lanari dagokionez, haurrentzako literatura eta, batik bat, poesia jorratu izan dituzu zure ibilbidean. Poesia ez omen da saltzen; halere, poema liburu asko argitaratzen da urtero. Zertarako balio du poesiak? Zertarako balio dizu zuri?

Nik beti esaten dut poesia xaflazko soineko bat jartzea bezalakoa dela: jendeari deigarria egiten zaio, baina ez luke inoiz horrelako soineko bat jarriko. Poesia beti izan da gutxi batzuen generoa, baita hizkuntza handienetan ere. Poesia galderak egiteko dago hein handi batean eta behartzen gaitu inguruan dugunari erreparatzera eta hitzak oso ongi hautatzera. Ariketa intelektuala eta estilistikoa da, aldi berean.


Zer ezaugarri ditu, oro har, zure poesiak? Nola aldatu da urte hauetan gaiei eta esateko moduari dagokienez?

Nik ez dut poesia zaila egiten, baina anbiguotasunarekin eta ironiarekin jokatzea gustatzen zait. Lirismotik ihesi ibiltzen naiz beti. Gaien aldetik, giza harremanei buruz idazten dut nagusiki. Ausartuko nuke estilo bat garatu dudala, berehala ezagutu daitekeena.


Haurrentzat ere liburu ugari argitaratu duzu. Nolako istorioak idazten dituzu? Zure ustez, zer baldintza bete behar du umeentzako liburu on batek?

Ez dakit ona edo txarra zer den, baina saiatzen naiz niri gustatzen zaizkidan liburuak egiten. Ez dut asmo didaktikoz idazten. Iruditzen zait zabalduta dagoela haurren arazo edo ezaugarri bakoitzak behar duela bere liburua, baina nik nahigo dut pentsatu haurrek gustuko liburuak irakurri nahi dituztela, besterik gabe, eta liburu horietan azalduko direla intereseko gaiak edo ezaugarri jakinak dituzten pertsonaiak.


Azkenaldian, bi apustu pertsonal handi egin dituzu: batetik, autoediziora jo duzu Elurra elurraren gainean liburua argitaratzeko; eta, bestetik, Alaska emanaldia egin duzu, Juantxo Zeberiorekin eta Xabi Lozanorekin batera. Ba al duzu bide horretatik jarraitzeko asmorik?

Egia esan, horrelako gauzak egin ditzaket administrazioaren soldatapekoa naizelako eta arriskatu naitekeelako eta dirua jarri irabazi ordez. Baina ez luke horrela izan beharko. Euskal sortzaileek duintasunez sortu behar dugu. Beharbada horregatik ez dut une honetan ezer burutan. Aspertua nago literaturarekin dirua galtzeaz.


Zer iritzi duzu euskal literaturaren egoeraz?

Uste dut oso gauza onak egiten direla, beste herrialde batzuetan egiten direnekin konparatzen baditugu guztiz homologagarriak direnak. Hori bai, gure hizkuntza minorizatu bat da, eta horrek bere mugak dakartza berarekin, batik bat zabalkundeari dagokionez.


Idazle, prentsako kolaboratzaile, euskara teknikari, euskararen militante... Eta, orain, euskaltzain oso. Une honetan 22 zarete: 14 gizonezko eta 8 emakumezko. Zorionez, pixkanaka gauzak aldatzen ari dira, ezta? Nola hartu duzu izendapena eta zein arlotan egin nahiko zenuke, batez ere, zure ekarpena?


Pentsatu nahi dut izendatu nautenean kontuan izan dutela orain arte egindako lana. Ni baino lehen Miren Agur Meabe izendatu zuten euskaltzain oso, eta udazkenean Itxaro Borda izendatuko dute gauzak ondo bidean. Hiru emakume idazle sartuko dira, beraz, oso denbora gutxian. Nik uste hor badugula lan egiteko oso eremu zabala eta, zer esanik ez, interesgarria.

(Argazkia: Annette Mück)


Beharbada, hasita egongo zara dagoeneko sarrera hitzaldia prestatzen. Zeri buruz egingo duzun aurreratzerik bai? Eta, zer beste lan edo proiektu darabilzu orain esku artean?

Garbi daukat poesiari buruzkoa eginen dudala, zehazkiago, poesia garaikideari buruzkoa. Maitasunaren botanika da jarri diodan izenburua. Landareen bidez hainbat poeta harilkatu nahi ditut; baina hasi ere ez naiz egin, eta baliteke beste norabide bat hartzea testuak. Bestalde, Ramón Andrés poetaren antologia bat egiten ari naiz, eta euskarara itzultzen ari naiz bere poemak.


(2022ko azaroaren 7an argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana