Inmersionesek datorren abenduan XV. Biltzarrean aurkeztuko diren proposamen artistikoak hautatu ditu

  • Inmersionesek datorren abenduan XV. Biltzarrean aurkeztuko diren proposamen artistikoak hautatu ditu

Artista hasiberrien topaketa honetan Haria kolektiboa arituko da komisario lanetan

Inmersiones artista hasiberrien biltzarrak, parerik gabea ezaugarri hauek dituzten eta Euskal Herrian egiten diren beste guztien artean, hautatu egin ditu jada XV. Biltzar honetan aurkeztuko diren proposamen artistikoak. Biltzarra abenduaren 17an da egitekoa.

Hautaketa Haria kolektiboak egin du, hauexek osatua: Iker Fidalgo, Laura Diez eta Irati Irulegi. Hain zuzen, Haria arituko da komisario lanetan gaia ‘Testua, gorputza, ahotsa’ duen aurtengo Biltzar honetan.

Arte garaikideari buruzko ponentzien deialdian, pertsona hauexek aukeratu dira: Alexia Sayago, Gabriel Aparicio, Gari Aranbarri, Izaro Ieregi, Jonathan Garcia Lana / Tunipanea eta Miriam Inza. Aukeratutako sortzaile horiek jendaurreko proiektu aurkezpen bana egingo dute abenduaren 17an.

Ekintza artearen atalean, artisten beren partaidetza duten performance proposamenak baloratzen dira, eta bertan Ane Berganza eta Elisa Arteta izan dira hautatuak. Biek ala biek beren ekintzak biltzarraren joanean eszenaratuko dituzte.

Partitura sortzaileen lehiaketarako ere hartu dugu erabakia, eta irabazlea Ianire Sagasti artista izan da. Haren artelana Inmersiones 2022ko katalogoan sartuko da.

Sortzaile horiek 300 euroko diru ordaina jasoko dute beren proiektuak prestatu eta aurkezteko. Hautatutako talde horrek bat egingo du XV. Biltzar honetako programarekin; izan ere, hainbat izen gonbidatu ditugu gure artera: Maria Salgado, Aimar Arriola, Marion Cruza, OBRADOR, Estanis Comella, María Bastaros, Panda Dramatic eta Txaranga Urretabizkaia.

Hamabosgarren bider egingo den topaketa honen helburu nagusia da artistei eta haien proposamenei ikusgaitasuna ematea eta ezagutza elkartrukatzea, askotariko belaunaldietako sortzaileak, emakumezko zein gizonezko, kultura, gizarte eta arteko eragileekin elkartuz.


Euskadi, auzolana